Descartesen Metodoa: Zientziaren Oinarriak eta Cogito-a
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 11,73 KB
Descartesen Metodoa: Beharrizana eta Definizioa
Zer da metodoa eta zergatik da beharrezkoa Descartesen ustez? Metodoa funtsezkoa da Descartesentzat.
A) Filosofatzeko Bide Berri Bat
Descartesek ez du beste filosofia berri bat bilatzen, baizik eta filosofatzeko bide berri bat, erradikalagoa (metodoa) hain zuzen ere. Metodo honen bitartez, ezagutza guztiak batuko dira: filosofia eta zientzia. Metodoa = ezagutza unibertsala.
B) Metodoaren Definizioa: Arau Ziur eta Errazen Multzoa
Metodo unibertsala da, arrazoia ongi bideratzeko, egia eta aurkikuntza zientifikoak lortzeko, eta iraganeko akatsak saihesteko. Edonork erabil dezake, nahiz eta adimen-maila arrunta izan.
C) Metodoaren Lau Ezaugarriak
- Mekanizismoa: Pentsamenduaren prozedurak mekanikoak dira. Pentsamendurako jarraitu beharreko urrats zehatz ordenatuak daude, makina bat balitz bezala. Pentsamenduak bere burua pentsatzen du, eta horregatik, pentsamendua oso mesfidatia eta auto-erreflexiboa bihurtzen da.
- Zalantza Metodikoa eta Auto-fundamentazioa: Hasteko, dena zalantzan jarri behar da (zalantza metodikoa). Hortik, urrats batzuen bitartez, auto-fundamentazioa lortu behar da (errealitatearen arrazoia arrazoiaren erabilera bera da).
- Printzipio Zalantzezina (Ukaezina) eta Erabilgarria, Lehen Ziurtasuna: Metodoa erabiltzeko, printzipio guztiz argia, ziurra eta zalantzezina aurkitu behar da filosofia, zientzia eta teknika egin ahal izateko. Metodoa gai izango da:
- Iraganean filosofiak eta zientziak egindako edozein akats ekiditzeko modu unibertsalean eta eraginkorrean.
- Aurkikuntza berriak lortzeko eta ezagutza zabaltzeko astiro baina etengabe.
- Arrazionalismoa: Pentsamenduaren hasiera edo auto-fundamentazioa oso ziurrak eta nabariak dira, matematikoak bezalakoak, eta ez dira inongo autoritate, tradizio edo fedean oinarritzen. Arrazoi hutsaren egiak dira. Subjektuak bere arrazoi hutsa erabiliz egingo du metodoa; hori da arrazionalismoa.
Metodoaren Lau Arauak: Intuizioa eta Dedukzioa; Analisia eta Sintesia
A) Nabaritasuna (Ebidentzia)
“Ezer ez daiteke egiatzat har, nabaritasun osoz horrela dela dakigunean izan ezik”.
Ideia argia, soila edo bakuna eta bereizia, beste ideietatik banandua, nahastezina beste ideia batzuekin.
B) Analisia (Intuizioa)
“Aztertzen dugun zailtasun bakoitza ahalik eta gehien zatitzea, natura soiletara heldu arte”.
Analisiak errealitate konplexuak zatitu edo deskonposatu egiten ditu natura soilak hautematera heldu arte. Natura soilak arrazoiaren ideia sinpleenak dira: hedadura, mugimendua, figura, existentzia. Natura horiek jaiotzez, inolako esperientziarik izan baino lehen, giza-adimenean edo arrazoian daude. Analisi arrazionala intuizioaren bitartez egiten da: bat-batean lortzen den ezagutza argia, memoriarik gabe eta aurreko esperientziarik gabe.
C) Sintesia (Dedukzioa)
“Natura soiletatik eta ezagutzeko errazenetatik hasiz, apurka-apurka konplexuenetaraino iristeko”.
Intuizioz lortutako natura soilak gogoratu behar dira. Konparatu eta katean kokatu behar dira haien artean eta denak batera. Gauza ezezagunak ezagutzen dira gauza ezagunen bitartez. Baldin badakit X, orduan ere badakit Y; hau da dedukzioa. Azkenean gauza guztiak harremanetan jarriko dira eta gauza gero eta konplexuagoak ezagutuko dira.
D) Berrikusketa (Kontrola)
“Etengabe zerrendaketa konplexuak eta oso berrikusketa orokorrak egin behar ditugu, ezer ez dugula ahaztu ziur egon arte (natura soilak, harreman deduktiboak eta urratsak)”.
Urrats bakoitzean egindako guztia kontuan izan. Oroimena kontrolatu. Natura solietatik errealitate osoetara adimenaren ibilbideak iraunkorra eta etengabea izan behar du inolako akats edo hutsunerik gabe eta beti argi eta nabaria izanez. Adibidez: kirofanoan gauden bezala dena kontrolatu, dena garbitu, etab.
Metodoaren Lehen Egia: Cogito-a
Metodoari jarraituz, zein da lortzen den lehenengo egia edo ziurtasuna? Duda metodikoa eta lehen ziurtasuna: cogito-a.
A) Zalantza Metodikoaren Bi Funtzioak
Nabaritasuna bilatu behar dugu, beraz, eszeptizismo teoriko erradikala erabiliko dugu. Errealitate guztia zalantzan jartzea zalantza metodikoa da. Honek bi funtzio ditu:
- Garbiketa mentala: Adimenetik dauzkagun ideia ez nabariak, hau da, ez argiak eta ez bereiziak, ezabatu.
- Zentzumenetatik urruntzea: Zentzumenak ez dira fidagarriak eta, beraz, pentsalariak arrazoi hutsarekin geratzen da.
B) Zalantza Metodikoaren Hiru Mailak (Sakontze Eszeptikoa)
Eguneroko bizitzaren pentsamendu arruntetik urruntzen naiz zalantza metodikoa edo eszeptizismo teoriko erradikala erabiliz. Hiru sakontze edo jaitsiera urratsetan:
- Zentzumenen Iruzurra: Askotan zentzumenek engainatzen naute; ezin naiz beraietaz fidatu nire lehenengo ziurtasuna aurkitzeko. Mundu materialaren existentzia, nire gorputza barne, zalantzan jartzen dut.
- Esna eta Lo-Egoerak Bereizteko Ezintasuna: Amets egiten dudanean ere sentsazio biziak eta indartsuak ditut. Une horretan ezin ditut bereizi esna-egoera eta lo-egoera, beraz, ideiataz eta bizipenetaz ere, ezin naiz fidatu. Azkenean ezin dut ziurtatu nire pertzepzioak eta sinesteak nire adimenetik kanpoko kausa bat dutela.
- Jainko Maltzurraren Hipotesia: Suposatu behar dut, azkenik, jeinu maltzurrak etengabe engainatzen nauela. Arrazoiketa hutsak (A=A) eta arrazoiketa matematikoak (2+2=4) ukaezinak dirudite, zeren eta ez ditut zentzumenak erabili behar horiek egiteko. Hala ere, jeinu maltzurrak sinestarazten dit horrelako gogoeta arrazionalak baina, benetan, faltsuak dira. Azkenean, matematikak mugak ditu errealitatea adierazteko eta kasu batzuetan bere zehaztasuna iluna da. Arrazoia bera da zalantzagarria.
C) Zalantza Metodikoaren Bidez Lortutako Lehen Ziurtasuna: Cogito-a
Dena da misterioa, kaosa, irrazionala. Agian ez dago ezer ere ez. Baina zer nago egiten orain egoera honetan? Nola salbatuko naiz? Zer egin dezaket?
- Konturatzen naiz nire arrazoian ez dagoela sentsazio-ideia edo arrasto-ideiarik.
- Nire arrazoi hutsarekin geratu naiz.
- Baina jainko maltzurrak etengabe engainatzen nau eta orain konturatzen naiz engainu horretaz zalantzan jartzen ari naizelako bere eragin gezurtia nigan.
- Baina, orduan, zalantzan jartzen ari naiz nire errealitatea. Zalantzan jartzea pentsatzea da eta orduan, pentsatzen ari naiz.
- Ezinezkoa da (arrazoi hutsaz, matematikaz, logikaz) ni pentsatzea eta ez existitzea. Hori intuizioz ikusten dut, auto-erreflexioa.
- Beraz, lehenengo ziurtasun batera heldu naiz: Nik pentsatzen dut, beraz, banaiz. Cogito ergo sum (cogito-a).
Kontua ez da pentsatzea gauza bat edo beste bat. Kontua da pentsatzen badut, derrigorrean, existitu behar dudala. Zalantzan jar dezaket pentsamenduaren edukia (jeinu maltzurrak engainatzen nauelako), baina, hori egiten badut, pentsatzen ari naiz eta ezin dut zalantzan jarri pentsamendua ekintza psikiko bezala.
D) Zalantza Metodikoaren Bidez Lortutakoa eta Hurrengo Urratsak
Nik momentuz logikaz soilik badakit ziur:
- Ni existitzen naizela.
- Ni pentsatzen duen izate/gauza bat naizela.
- Pentsatzen den guztia existitzen dela.
Hemen oinarriturik unibertso osoa ezagut dezaket. Metodoaren bitartez nire existentzia ezagutzen dut, pentsatzen duen gauza edo izatea naiz. Baina badago beste balizko existentziarik, beste balizko izaterik, nitaz gain?
XVI. ETA XVII. MENDEAK: ARRAZIONALISTAK ETA ENPIRISTAK
Arrazionalistak
Arrazionalista zen, hau da:
- Ezagutza arrazoi hutsaren bidez lortzen da, inolako esperientziarik gabe.
- Arrazoi hutsan jatorrizko ideiak daude eta horrekin auto-justifikatu ahal da.
- Errealitatea arrazionala da eta bere ezagutza arrazionala beti da segurua (dogmatismoa).
Arrazionalismoa: Giza-ezagutza eta errealitatearekiko kontaktua gizaki guztiok dugun arrazoi naturaletik (jaiotzez) dator, bereziki, gizakiaren gaitasuna arrazoiamenduak egiteko eta arrazoia bideratzeko prozedura argien bitartez.
Enpiristak
Enpiristak ziren, hau da:
- Ezagutza zentzumenen eta esperientziaren bitartez lortzen da.
- Ez dago arrazoi hutsarik; jaiotzean gizakia arbel zuria da eta edukitako sentsazioen bidez ezagutzen doa. Ezin du ezer ere ez guztiz justifikatu.
- Arrazoirik dago, baina ez da ziurra (eszeptizismoa); gauza guztien zergatia ezin dugu deskubritu.
Enpirismoa: Giza-ezagutza eta errealitatearekiko kontaktua esperientzian oinarritzen da (sentsazioen bilduma antolatua eta etengabeko garapenean), bereziki zentzumenen bitartez lortutako datuetan (sentsazio fisikoak edo gorputz sentsazioak).
ILUSTRAZIOA
Ilustrazioa mugimendu intelektuala, artistiko eta politikoa da, XVIII. mendekoa (Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuan bereziki). Bere asmoa zen gizartearen aurrerapen sistematikoa eta etengabekoa lortzea ezagutza eta arrazoia erabiliz.
Ilustrazioaren Zazpi Balioak
- Zoriontasuna eta Aurrerapena: Gizakiaren zoriontasuna gizartearen aurrerapenarekin lotuta dago (adib. osasun-arloan izandako aurrerapenak).
- Arrazoia: Mundua ulertzeko eta askatasuna lortzeko tresna nagusia da (adib. Ilustrazio garaian aginte absolutua zalantzan jarri zen).
- Zentzumenak eta Esperientzia: Egia esperientzia eta behaketaren bidez egiaztatu behar da (adib. Galileo eta teleskopioa).
- Hezkuntza: Guztiek hezkuntzarako eskubidea izan behar dute, eta ezagutza zabaltzea garrantzitsua da.
- Eskubideak: Adierazpen- eta pentsamendu-askatasuna funtsezkoa da gizarte hobe bat eraikitzeko (adib. prentsa-askatasuna).
- Erlijio Naturala: Erlijio dogmatikoak eta fundamentalistak kritikatu behar dira.
- Politika Liberala: Aginte autokratikoak kritikatu eta politika liberalak sustatu behar dira.
SINTESIA: KANTEN IKUSPEGITIK
- Kanten arabera, Ilustrazioa pertsonak bere buruaz pentsatzeko eta arrazoitzeko duen askatasuna lortzea da, inoren gidaritzarik gabe. Gizakiak askotan ez du bere adimena erabiltzen, ez jakinagatik, baizik eta beldurragatik edo erosotasunagatik. Besteek gidatzea nahiago izaten du, autoritate baten esanetara makurtuz. Baina horrek gizakia "heldugabe" bihurtzen du, ez duelako bere kabuz pentsatzen.
- Kanten Ondorio Praktikoa: Arrazoia erabili behar da errealitatea ezagutzeko eta aldatzeko. Horretarako kritika arrazionala egin behar da: kritika pribatua (norberaren lana hobetzeko) eta kritika publikoa (gizartearen antolakuntza hobetzeko).
- Arrazionalismoaren eta Enpirismoaren Arteko Sintesia: Giza-ezagutza guztia zentzumenen esperientzietan hasten da baina, hala ere, giza-ezagutza guztia ez dago esperientzietan.
- Kanten Ondorio Teoretikoa: Arrazoia erabili behar da modu teorikoan, galdera batzuk inoiz konponduak izan direlako, gizakiontzat saihetsezinak direlako. Zientzia eta teknika, oso boteretsuak izan arren, ezin dituzte konpondu arazo horiek. Galdera horiek hauek dira: Zer ezagut dezaket benetan? Zer egin behar dut nik? Zer itxaron dezaket nik, azkenik? Zer da gizakia?