Descartes, Metodoa eta Arrazionalismoa: Ezagutzaren Oinarriak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 572,1 KB
Descartes eta Nabaritasunaren Garrantzia Metodoan
Descartes filosofoak metodo silogistikoa ordezkatuko zuen metodo berri bat aurkitu nahi zuen, silogismoa erabiliz ez dugulako ezer berririk ezagutzen, lortutako ideia aurretik ezaguna delako.
Descartesek metodoa “arau ziur eta errazen multzoa” bezala definitu zuen. Metodoarekin bi gauza lortuko dira: ez dugu faltsua dena egiatzat hartuko eta erroreak ekidingo ditugu. Horrela, egia ezagutuko dugu, zeina Descartesek matematikan eta arrazoian oinarritu zuen. Arrazoia funtsezkoa da filosofoarentzat, arrazionalista baita; hots, arrazoiarengan du konfiantza osoa. Bere ustez, arrazoia hutsezina da; erratzen bagara, arrazoia gaizki erabili dugulako da.
Hori guztia kontuan hartuta, Descartesek bere metodoa aurkeztu zuen, lau arau zituena:
- Nabaritasuna: Egiazkotzat hartuko dugu nabaritasun osoz agertzen dena, hau da, argia (zalantzaezina dena) eta ezberdina (beste guztietatik bereizten dena) den guztia. Beste guztia, momentuz, alde batera utzi behar da. Zerbait argia eta ezberdina bada, nabaria da.
- Analisia: Edozein arazo edo gauza bat aztertzeko, lehenengo gauza hori zati sinpleetan banandu behar dugu, zati sinple bakoitza aztertzeko eta nabaria den ikusteko. Metodoaren atal deduktiboa litzateke.
- Sintesia: Nabariak diren elementu sinpleak lortu ondoren, gauzak aztertzen jarraitzen dugu sintesiaren bitartez. Era horretara, ideiak kateatzen ditugu (metodoaren atal induktiboa).
- Berrikusketa: Helburua hutsuneak onartaraztea da. Horregatik, frogapenak eta berrikusketak egin behar ditugu dena batera ikusteko, eta metodoa ondo aplikatu dugun ikusteko.
Aipatu bezala, Descartes arrazionalista zen, arrazoiarengan konfiantza osoa du eta esperientzia engainagarria dela esaten du. Esperientzia ez da inoiz metodoaren oinarria izango, amaieran bakarrik erabiliko da metodoa ondo aplikatu dugun ikusteko.
Metodoaren lau arauetan nabaritasunaren garrantzia ikus daiteke, nabaria dena egia izan daitekeelako, hau da, argia eta ezberdina den edozer.
Azkenik, metodo hau praktikan jarri zen, eta horren aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen. Lehenengo, matematiketan aplikatu zen, eta lortutako arrakasta ikusterakoan (geometria analitikoaren aurkikuntza), beste zientzietan ere aplikatzea erabaki zuen.
Descartes: Helburua eta Zientzien Batasuna
Descartes “La Flèche” ikastetxean ikasketak bukatu ondoren, desengainatuta sentitzen da eta ikasitako guztiak balio ez duela deritzo, matematikak salbu. Hortaz, ikasketak utzi ondoren, mundutik zehar bidaiatzea erabakitzen du.
Filosofoak jasotako ikasketa motak eskolastikan oinarritzen ziren; hots, Erdi Aroko pentsamenduan, Aristotelesen pentsamenduan oinarrituta.
Ondorioz, Descartesek dena baztertu eta jakintza berri bat lortu nahi du. Bere helburua zientzia guztiak bateratzea da, eta hori posiblea da hiru arrazoirengatik:
- Giza jakintza bat eta berdina delako: Zientzia ezberdinak objektuen arabera sortzen dira, baina jakintza bat eta berdina da.
- Zientzia guztientzat metodo unibertsala eta bakarra dago: (Aristotelesen aurka, hark zientzia bakoitzak bere metodoa izan behar zuela defendatzen zuelako).
- Zientzia ezberdinek unitate organiko bat osatzen dute: Jakintza osoa erlazionatuta dago. Hori zuhaitz bat bezalakoa da, zeinean sustraiak metafisika, enborra fisika eta adarrak beste zientzia guztiak diren, guztien gainetik morala egonik.
Aipatutako guztiak metodo berri baten formulazioa suposatu zuen. Descartesek “Metodoaren diskurtsoa”n metodo berri bat prestatu zuen; bere ustez, metodo ziur baten falta izan zen gizakiak gizaldietan zehar ezagutza urriak lortzearen arrazoia.
Arrazionalismoaren Ezaugarri Nagusiak
XVII. mendean bi sistema filosofiko kontrajarri nagusitu ziren: arrazionalismoa eta enpirismoa. Arrazionalismoaren arabera, ezagutzaren iturria arrazoia da eta jatorrizko ideiak haren menpe daude. Enpirismoaren arabera, aldiz, ezagutzaren iturria esperientzia da.
Bi filosofia sistema horiek bat datoz hurrengo puntuetan: subjektua jardueraren erdigune eta burua da, berak erabakiko du gertaera edo baieztapenen egiazkotasuna edo faltsutasuna; eta, ordura arte indarrean zegoen ezagutzaren analisitik abiatzen dira ezagutzaren ziurtasuna baieztatzeko.
Descartesek arrazionalismo modernoa sortu zuen; bere ustez, arrazoia da ezagutzaren oinarria eta ezagutza eskuratzeko, arrazoiak ez du bere gainetik beste irizpiderik onartzen: ez federik, ez tradiziorik, ez autoritaterik. Hurrengoak dira arrazionalismoaren ezaugarriak:
- Konfiantza arrazoian: Ezagutza-iturri garrantzitsuena arrazoia da, baliozko ezagutza sor dezakeen bakarra; esperientziak sortu ez dituen jatorrizko ideiak daude hor. (=ideia sortzetikoak)
- Ezagutza sentikorraren gutxiespena: Zentzumenek huts egitera bultzatzen gaituzte; hortaz, ezagutza sentikorra ezin da unibertsala izan, ezinezkoa delako multzo bereko kasu guztiak esperimentatzea.
- Zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna: Zientziaren judizioek baliagarriak izan behar dute kasu guztietan; nahitaezkoa da hori. Matematika, a priori eratuta dagoenez, ezaugarri horiek dituzten judizioek eratzen dute.
- Munduaren arrazionaltasuna: Unibertsoko gertaera guztiek justifikazio bat dute, kausa bat, ezer ez delako ausaz gertatzen. Kausa hori arrazoiarentzat ezaugarria da eta haren kabuz ezagutu daiteke.