Desamortizazioak eta nekazaritza-geldialdia (XIX. mendea)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,48 KB
Aurrekari historikoak
XVIII. mendean zehar Europako iparraldean nekazaritza-iraultza gertatu zen. Espainian, berriz, nekazaritza-molde zaharkituaren iraupenaz hitz egin behar dugu (laboreen txandatze-sistema tradizionala eta lugorria, ekoizpenaren maila eskasa...). Espainiako nekazaritzaren geldialdiaren arrazoien artean hauek aipa daitezke:
Faktoreak nekazaritza-geldialdian
- Faktore natural eta geografikoak: lehorteak, lurzoru pobreak...
- Faktore sozioekonomikoak: garrantzitsuagoak eta nekazaritzaren modernizaziorako benetako oztopoa; jabetza-egitura (latifundismoa, minifundismoa), ondasunen amortizazioa eta Mestako abeltzainen pribilegioak, atzerapen teknologikoa, barne-merkatuaren ahulezia, azpiegitura sare desegokia...
Jabetza-egitura
Jabetza-egitura: bost jabe-mota ezberdin zeuden:
- Koroa. Garrantzi apalekoak ziren; historian zehar errege-jabetzak gehienak noblezia eta Elizari utzi baitzitzaizkion, monarkiaren arazo ekonomikoak konpontzeko.
- Eliza. Lur-eremu handien jabea; "esku-hilekoak" izenez ezagunak, instituzio bati (monasterio, komentu, katedral, ermita...) lotuta, eta beraz, merkatura sartzen ez zirenak.
- Noblezia. Nobleziaren ondasunak Erdi Aroan sortutako latifundio handiak ziren, maiorazkoaren bidez lotuta (banatu ezin zirenak). Nobleek eskumeneko domeinu edo tituluek ematen zituzten eskubide feudalak izan zituzten (nekazarien gaineko zergak jasotzea, hamarrak eta hainbat monopolio).
- Udalerriko ondasunak. Batzuk udal jabetza ziren eta alokatuta egonez gero udalari errenta ematen zioten; beste batzuk auzo-jabetzak ziren eta herritar guztiek erabil zitzaketen, errentarik ordaindu gabe.
- Jabe partikularrak (binkulatuta ez dauden ondasunak). Gutxi ziren (%22) eta batez ere Gaztela, Leon eta Kantauri aldean kokatzen ziren.
Jabetza-egituraren ondorioak
Jabetza-egitura izan zen, beraz, nekazaritza-geldialdiaren eta modernizaziorako oztopo nagusiaren arrazoietako bat. Erregimen Zaharrean lur asko "esku-hileko" egoeran egon ziren; hau da, Eliza edo udalen ondasunak ziren. Ez zuten zergarik ordaintzen, lurjabeek ezin zituzten saldu, eta merkaturik gabe zeuden. Lurrak amortizatuak ziren.
Ilustratuek eta desamortizazioa
XVIII. mendearen bukaeran, ekonomia suspertu nahirik, ilustratuek (adibidez, Olavide, Campomanes...) ondasunen zirkulazio askea proposatu zuten. Lurrak salerosteko legeak aldatzea eta desamortizazio-prozesua abiaraztea beharrezkoa zen. Lurrak ondasun pribatuetara pasatu behar ziren, ondoren aldaketa teknikoak eta hobekuntzak egin ahal izateko.
Desamortizazioaren urratsak
Ondasunen desamortizazioa bi urratsetan egin zen:
- Konfiskazioa: Estatuak ondasun horiek konfiskatu zituen. Horren ondorioz, aurrerantzean ez ziren "esku-hilekoak", hau da, ez zeuden merkatutik kanpo eta "ondasun nazional" bihurtu ziren.
- Salmenta publikoan: Ondasunak saldu ziren jendaurreko enkanteetan. Salmentetatik lortutako dirua Estatuak bere beharrizanetarako erabili zuen.
Helburu nagusiak
Erregimen Zaharrak merkatura baztertuta utzi zituen ondasunak merkatura ateratzea izan zen lehen helburua. Lehentasunez, nobleen, Elizaren eta udalen ondasunak desamortizatzea bilatu zen, merkatuaren difusioa eta ondoren nekazaritzaren modernizazioa ahalbidetzeko.