Demokrazia Deliberatzailea: Gizarte Demokratikoaren Etorkizuna
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,49 KB
Demokrazia Deliberatzailea
Gizarte demokratikoan, demokrazia deliberatzailea da denen borondatea sortzeko prozesua. Oinarriak hauek dira:
- Taldeko erabakietan esku hartzen duten subjetuek deliberazio eraginkorretan parte hartzeko gaitasuna edo aukera dutela kontuan hartzea.
- Eskakizunak justifikatu egin behar dira, jendeak eskakizun horiei buruz gogoeta egin eta onartzeko.
- Gizabanakoen edo taldeen lehentasunak deliberazio-prozesuan zehar aldatu ahal izango direla ziurtatzea.
Deliberazioan, argudioak erabiltzen dira, eta ez manipulazioa edo hertsadura. Demokrazia deliberatzailea eta inposizio autoritarioa ez dira gauza bera, ezta demokrazia deliberatzailea eta bateratze demokrazia ere. Inposizio autoritario, diktatorial, paraleliste eta tiranikoa demokraziaren kontrakoa da guztiz, baina bateratze demokrazia ahul batekin etsitzea ere ez da zilegi. Demokrazia hori gizabanako bakartuz osatuta dago, eta gizabanako horiek botoak batu eta gehiengoaren emaitza inposatzen dute. Gaur egungo gizarte pluralistetan beti sortzen dira desadostasunak. Aldiz, deliberatzaileen arabera, lehentasunak eta interesak ez dira pribatuan sortzen, baizik eta gizartean sortzen dira. Horregatik, lehentasunak publikoki aldatzeko metodo arrazionala da deliberazioa, eta ez lehentasunak bateratzeko metodoa.
Deliberazio Prozesuaren Etapak
- Solaskideak desadostasuna adierazten dute, eta desadostasuna konpontzeko proposamenak ematen dituzte.
- Deliberazioan parte hartzen dutenek argudioen bidez bermatzen dituzte proposamenak, gainerako parte-hartzaileek proposamenak ulertzeko eta onartzeko.
- Hori eginda, akordio informal bat lortzen dute. Bakoitzak bere konpromisoak hartzeko prest egon behar da.
- Azkenik, akordio informala erabaki ofizial bihurtzen da.
Deliberazioa Orientatzeko Printzipioak
Sei printzipio erabil ditzakegu. Lehenengo hirurek prozesu politikoa arautzen dute, eta gainerako hirurek politikaren edukia sortzen laguntzen dute:
- Elkarrekikotasuna: Arrazoi publikoak arautu behar du. Horren arabera, kide bakoitzak proposamenak egin eta gainerakoek ulertzeko eta onartzeko moduko justifikazioak eman behar ditu.
- Publizitatea: Kide guztiek zuzenean edo ordezkaritza bidez deliberazio prozesuan parte hartzeko aukera izan behar dute, prozesua gardena izan behar du.
- Kontuak ematea: Kontuak eman behar dizkiete gainerakoei, eta beste batzuen izenean parte hartzen dutenek deliberazioan, kontuak eman behar dizkiete ordezkatuei.
- Oinarrizko askatasuna: Pertsonen segurtasun fisikoa eta mentala.
- Oinarrizko aukera: Herritar guztiek bizimodu egokia izateko behar dituzten gutxieneko sozialak adierazten ditu.
- Bidezko aukera: Printzipio horren arabera, diskriminazio ez legitimorik egin gabe banatu behar dira aukerak.
Gehiengoaren Arauaren Mugak
Demokraziaren funtsa: gizabanako guztiek bere bizimodua aukeratzeko eta gobernatzeko eskubidea izatea. Gehiengoaren araua ez da demokraziaren funtzionamendurako behar diren elementuetatik bat baino. Ekintza esparru bakoitzak bere logika du. Beraz, "demokratizazio" hitza ezin dugu berdin erabili esparru guztietan: ez da gauza bera ospitaleak, ikastetxeak edo komunitate politikoak demokratizatzen. Gehiengoaren arauak, beraz, hiru muga hauek ditu, gutxienez:
- Gizabanakoaren eskubideak: Ezin dira bozkatu.
- Gutxiengoen eskubideak: Beren jarrera defendatzeko eta gehiengo bihurtzeko eskubidea dute.
- Gizarte ekintza motak: Ekintza bakoitzean parte hartzen dutenen prestakuntza eta erantzunkizun maila hartu behar dira beti kontuan.
Demokrazia Gizarte Mediatikoan
Gizarte demokratikoek modu duin eta zuzenean antolatu behar dute elkarbizitza, eta bi erronka nagusi dituzte ildo honetan: batetik, herritarren partaidetza eta botere politikoaren kontrola uztartzea, eta bestetik, ekonomiaren eta administrazioaren eraginkortasuna eta herritarren nahiak bateratzea. Baina bada ezinbesteko beste elementu bat ere: herritarrek etengabe eztabaidatu behar dute nolako demokrazia nahi duten eta nola lor dezaketen. Gobernariek agintea lortu eta gero, boterea beren probetxurako erabiltzeko joera izaten dute eta eginahalak egiten dituzte egitean nola edo hala jarraitzeko. Gobernatuak berriz erraz erortzen dira pasibotasunean, haien ahalak alferrik direlakoan, eta bizitza pribatuan murgiltzen dira, atseginagoa egiten baitzaie.
Batetik, herritarrek dagozkien erantzukizunak beren gain hartzea eta gizarte gaietan parte hartzea, eta bestetik, gobernariek gogoan izatea beren helburu bakarrak justizia eta herritarren ongizatea direla. Gizartea aldatzen ari denez, gaur egun zailtasunak daude betebehar etiko horiek behar bezala gauzatzeko. Demokrazia mediatiko kontzeptuaren bidez adieraz dezakegu gizarteko aldaketa horiek:
- Komunikabideek botere izugarria dute. Beraiek eraikitzen dute zer interesatzen zaion jendeari.
- Ez dute beti nahita eta jakinaren gainean desitxuratzen errealitatea. Errealitatearen irudi desitxuratua ematen digute herritarrei, telebistak bereziki.
- Komunikabideek eragina dute hauteskundeetako emaitzetan, baina aditu guztiak ez datoz bat eragin hori zenbatekoa den. Esate baterako, komunikabideek buruzagi bati, alderdi bati edo interes publikoko gai bati buruz emandako irudien arabera, herritar gehienek iritzi bat edo bestea izango dute. Bestetik, eztabaida argudiatuak antolatu ordez gehiegi erabiltzen dira esloganak eta titulu deigarriak, eta hori dela eta, pobretu egiten da kultura politikoa.