Curriculuma hezkuntzan: zer da, motak eta garapena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Ciencias sociales

Escrito el en vasco con un tamaño de 14,69 KB

Zer da curriculuma?

Lehen hurbilketa batean curriculuma, hezkuntza-helburu batzuk lortzeko asmoz, aurrez antolaturiko hezkuntza-plan edo –programa bezala defini dezakegu. Hala ere, gai hau aztertzerakoan hartzen den ikuspuntuaren baitan eta bere lanketa eta garapenean parte hartzen duten eragileen arabera, curriculumaren kontzeptua zabaldu egiten da eta interpretazio desberdinak egin daitezke. Horietako batzuk ikusiko ditugu jarraian.

Curriculumaren ikuspegi desberdinak

Hezkuntza ikuspegiaren araberako curriculuma

  • Ikaslearen ikuspegitik titulu edo helburu jakin batzuk lortzeko burutu behar diren ikasgai eta jarduera multzoa da.
  • Irakasle edo hezitzailearen ikuspegitik bere esku-hartze profesionalaren oinarritzat hartzen da.

Politika ikuspegiaren araberako curriculuma

Hezkuntza administrazioek abian jartzen dutena bestelako ikuspegia da. Bertatik, titulazio jakin bat eskuratzeko behar diren xedapenak zehazten dira, dokumentu idatziren batean jasotzen direnak.

Elementu horien eraginak curriculum arloa bera gainditzen du, bai eta hezkuntza arloa bera ere. Horregatik, curriculum-politika Estatuaren esku-hartze tresna dela esan daiteke, zeinaren bidez gizarte bizitza antolatzen den. Beraz, hezkuntza jardueran egindako edozein aldaketak curriculumaren politikari eragiten diola ondoriozta daiteke, edo alderantziz.

Curriculum motak: azalpena

  • Curriculum irekia eta curriculum itxia. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-errealitate eta ingurune sozialaren arabera curriculuma egokitzeko eduki lezakeen aukeraren baitan, hau irekia ala itxia izan daiteke.

Curriculum irekiak bere azken zehaztapena hein batean moldatzeko malgutasuna eskaintzen die hezitzaile eta irakasleei. Curriculum itxiak, ordea, ez du edukien berrikuntza edo zehaztapenetarako inolako aukerarik uzten.

  • Ageriko curriculuma eta ezkutuko curriculuma. Curriculuma ikasleek eskolan ikasten dutena bezala ulertzen bada, agerikoa eta ezkutua daudela esan daiteke.

Agerikoa curriculumean aurreikusitako ikasketetatik datorrena eta programazioetan garatzen dena da. Bestalde, curriculum ezkutua asmorik gabe gauzatzen diren ikasketek osatzen dute. Hauek ez dira esplizituki ematen, baina irakasle eta beste ikasleekin izaten den elkarreraginaren bitartez ikasten dira.

Imitazioz eta elkarreragin sozialaren bidez jasotzen diren ikasketak direla esan daiteke. Sozializazio prozesuan izugarrizko garrantzia daukate. Laguntasuna, ahalegina, gizarte harremanak eta abarren eskutik garatzen diren jarrera-ikasketak curriculum ezkutu honen parte dira.

  • Curriculum formala eta curriculum erreala. Aurrekoaren haritik, curriculum formala idatzita egon eta ageriko curriculumarekin bat datorrenari deituko litzaioke. Curriculum erreala, berriz, benetan gelan abian jartzen dena da.

Bi curriculum mota horien arteko tartea hein handi batean curriculum ezkutuak betetzen du.

Haur hezkuntza: 2015eko curriculumaren berrikuntzak

  • Hiru eremutik bi eremura pasa da.
    • 1. Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena.
    • 2. Nortasunaren eraikuntza eta ingurune soziala eta fisikoa ezagutzea.
  • Bi etapa bereizten dira.
    • 0-3 urte (Ez du curriculum zehatzik)
    • 3-6 urte (Curriculum zehatza badu)
  • Konpetentzien bidez lantzen dira edukiak.

Curriculuma irekia eta deszentralizatua: zer esan nahi du?

Ikusi ditugun curriculum moten arabera, curriculum irekia eta deszentralizatua daukagula esango genuke.

  • Deszentralizatua da, hein batean bada ere, erkidego autonomoetako administrazioei eta ikastetxeei baitagokie curriculumaren diseinua, garapena eta benetako aplikazioa bermatzea.
  • Irekia da, azken batean hezkuntza-profesionalen esku-hartzea beharko delako bere osaketa definitiborako eta abian jartzeko.

Izaera ireki eta deszentralizatu honek curriculumaren garapena eragiten du, hau egokitzapen prozesutzat hartuta. Esan nahi baita, curriculuma hurrengo eraketa eta curriculumaren zehaztapen mailen oinarria dela, estatuko legeditik abiatu eta gelako lanean egikaritzen dena.

Horrela, curriculumaren garapena, ikastetxe eta gela bakoitzeko berariazko ezaugarrietara egokitzeko, hiru mailatan zehaztuko da. Ondorioz, bere osagaiak (helburuak, oinarrizko konpetentziak, edukiak, pedagogia metodoak eta ebaluazio irizpideak) gero eta zehatzago agertuko dira.

Curriculumaren zehaztapen mailak: azalpena

  • Lehen zehaztapen maila: gutxieneko ikasketetatik curriculumera

Lehenengo urratsa Gobernuak ezartzen dituen gutxieneko irakaskuntza edo oinarrizko alderdietatik abiatzen da. Horien xedea formazio komuna eta tituluen homologazioa bermatzea da.

Zentzu honetan, curriculuma lehen zehaztapen maila da: orokorragoa, ez hain zehatza, eta preskriptiboa.

  • Bigarren zehaztapen maila: ikastetxearen proposamen pedagogikoa

Erkidego bakoitzak eratzen duen curriculumak ez ditu garatu beharreko ekintza guztiak erabat agintzen. Ikastetxeek eta irakasle-hezitzaile taldeek kontestualizatu eta osatu behar dute, beren eskarmentuan eta ikastetxearen testuinguru sozial, kultural eta hezkuntzakoan oinarrituta.

Horrela, irakasle-hezitzaileek beren autonomia baliatuz (LOE – 6.4. art.), proposamen pedagogikoaren bidez, etapa eta ziklo bakoitzeko curriculuma garatu eta osatuko dute. Proposamen honi ikastetxearen curriculum proiektua deitzen zaio, eta bigarren zehaztapen maila suposatzen du.

  • Hirugarren zehaztapen maila: programazioak

Azkenik, curriculumaren izaera irekia gelan mamituko da, eskola errealitatera egokituko diren programen edo gelako programazioen bidez. Hirugarren zehaztapen maila izango den honetan, xehetasun handiagoz adierazi beharko da zer, noiz eta nola irakatsi.

Irakasle-hezitzaileak dira azken egokitzapen hori egitearen arduradunak eta, gainera, beren eguneroko jardunean garatu egin beharko dute.

Aniztasunaren trataera: zertan datza?

Aniztasunari erantzuteak haur bakoitzaren motibazioei, beharrei, interesei eta ezaguera-estiloari egokitutako erantzuna eskaintzea dakar berekin. Banako bakoitzak gaitasun batzuk ditu, bere garapen-erritmoa du eta bere ezaugarriak modu pertsonalean eta dinamikoan eraikitzen ditu, bizitzen dituen esperientzien, bere jatorri sozial, ekonomiko eta kulturalaren eta, nagusiki, prozesu horretan ematen zaion laguntzaren arabera. Eskolak, ildo beretik, egon litezkeen abiaburuko aldeak orekatu behar ditu.

Ondorioz, jarduera estandarizaturik ez da egin behar besterik gabe, ezta taldean aldi berean gauzatzekoak ere, ezta guztientzat betekizun berak eskatzen dituzten emaitza bakarrak dituztenak ere. Horien ordez, denen interesei erantzungo dietenak eta, talde txikitan, ikasgelaren barruan hainbat mailatan lan egiteko aukera emango dutenak egin behar dira.

Haurren parte-hartze aktiboaren alde egiten duen Haur Eskolan askotariko kultura-adierazpenak azaleratzen dira. Hainbat jatorri geografiko eta kulturaletako haurrak izateak integrazio-prozesua erraztuko du, eta errespetua eta talde bakoitzak dakartzan balio positiboen trukea izango da nagusi.

Berariazko arreta merezi dute hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrek. Funtsezkoa da behar horiei garaiz antzematea eta arreta goiztiarra ematea, gizarte-zerbitzuetako, hezkuntzako eta osasuneko profesionalekin koordinatuta.

Ikusmolde globala. Hezkuntzako etapa honetako alderdirik nabarmenetako bat zera da: adin horretan, haurrek modu globalean adierazten dituztela gauzak, izaten dituztela harremanak eta ikasten dutela. Beren adierazkortasunean, egoteko moduan eta inguruan duten munduarekin elkarrekintzan jardutean erakusten dute haurrek beren izaeraren osotasuna eta, era berean, garatu ere egiten dute. Eta izaeraren alderdi afektibo-emozionala, zentzu-mugimenezkoa, harremanetarakoa eta soziala, eta kognitibo-hizkuntzazkoa sakon loturik daude eta ezin dira bereizi.

Globala izatearen printzipioak esan nahi du ikaskuntza hainbat loturaren emaitza dela, ikaskuntza berrien eta dagoeneko ikasita dutenen arteko harremanen emaitza, alegia.

Ikaskuntza-egoeretan haurren interesek izan behar dute abiapuntu, eta zenbait estrategia erabili behar dira interes horiek identifikatzeko: haurren jolasak eta jarduerak aztertzea egoera naturaletan, taldeari motibazio berezia eragingo dioten gertakariak identifikatzea, haurren lehentasunak ikertzea...

Lan globalizatuak hainbat modalitate har ditzake (hala nola lan-proiektuak, ikaskuntza-testuinguruak...), ikasleen adina eta egoera espezifikoa zein den.

Ikaskuntza esanguratsua: zer da?

Haurrek modu esanguratsuan ikasteko aukera izan dezaten, Haur Eskolak haurraren bizitzan garrantzi handia eta zentzu afektiboa duten esperientziak eta jarduerak sustatu behar ditu. Hau da, ikasleek errealitateko edozein alderdiri buruz zer dakiten eta zer pentsatzen duten abiapuntu hartuta, hezitzaile-taldeak ikasleen interesekin eta beharrekin bat egingo duten ikaskuntza-egoerak proposatu beharko ditu, helburu eta erabilgarritasun argia dutela betiere.

Labur esanda, Haur Eskolan esperientziak elkarrekin trukatzen dira, bizi eta gozatu egiten da, ikasi eta ulertu egiten dira, baldin eta haiek, betiere, haurrentzat zentzua eta esanahia badute.

Jolasa eta haurren jarduera. Haur Hezkuntzan, ekintza da garapen- eta ikaskuntza-prozesuaren ardatza eta eragile nagusia. Haurrek, pertsonekin eta objektuekin izaten dituzten harremanezko esperientzietan, haien ezaugarriak, nolakotasunak eta aldeak aurkitzen dituzte, bai eta haien artean dauden harremanak ere. Gero, elementu eta harreman horiek buruan irudikatzen dituzte. Horrela, ekintza eta esperimentazioa abiapuntu hartuta, haurrak bere nortasuna eta mundua eratzen du, eta ekintzarako eta interpretaziorako bere eskemak egiten ditu, zuzen edo ez hain zuzen.

Bakoitzaren esperientzia pertsonalak eta gaitasunak eta ekarpenak lantzen diren ekintzazko eta parte-hartzeko testuinguruetan, haurrak bere gaitasunetan duen konfiantza, jakin-mina eta ekimena garatzen ditu. Erabakiak hartzea eta jarduera autonomoa izatea ere sendotzen dute testuinguru horiek.

Hezkuntza-etapa honetan, jolasak, ikasteko tresna pribilegiatua denez, jarduera nagusia izan behar du, eta hainbat egoera, bizipen, ezagutza eta gaitasun bateratzeko gai.

Jolasak, bere aldaera guztietan (heuristikoa, soziala, psikomotorra, sinbolikoa...), jarduera atsegingarri eta berez motibatua denez, eremu aproposa sortzen du haurrek beren ekiteko gaitasuna garatzeko, arriskuei aurre egitekoa indartzeko, eta jarduteko modu berriak bilatzeko, porrotaren edo akatsen beldurrik gabe.

Ekintza bakoitzak eragiten duen asebetetzeak berriz egitera bultzatzen ditu haurrak, eta horrek aukera ematen die horretan parte hartzen duten eskema kognitiboak finkatzeko, bai eta mugimen-garapena eta gorputzaren kontrol gero eta handiagoa eta asebetegarriagoa lortzeko.

Eskola giroa: ongizatea, afektua eta estimulua

Afektua jasotzeko beharra lehen mailako beharra da, jateko edo babesa izateko beharra bezain oinarrizkoa. Haurrek harreman egonkorra eta jarraitua izatea behar dute, dauzkaten zaintza-, babes-, miaketa- eta jolas-beharrak asebetetzen dituzten pertsonekin. Harreman horiek ongizatea, konfiantza eta segurtasuna eragiten diete, eta atxikimendu-irudiak ezartzea eragiten dute. Atxikimendu-irudi horiek beti eta baldintzarik gabe eskura edukiko dituztela uste dute haurrek.

Atxikimendu-irudiek eragin erabakigarria dute garapen sozialean. Irudi horiekiko harremana abiapuntu hartuta, haurrak ingurukoekin komunikatzen ikasten du, eta baita bere jokabidea kontrolatzen eta gizarte-balioak, -arrazoiak eta -arauak barneratzen ere. Halako irudirik ez badago, haurrak segurtasunik gabe eta babesgabe sentitzen dira. Alderdi hori oso kontuan izan behar da Haur Eskolako egokitze-aldietako familiaren eta eskolaren arteko plangintza bateratuan.

Oro har, familia izaten da atxikimendu-lotura egokiak bermatzen dituena, eta eskolak lotura horiei lagundu behar die. Halaber, haurrei harrera beroa eta errespetuzkoa egitea ahalbidetuko duen egitura eskaini behar die, haur bakoitzaren erritmoak kontuan izanik.

Haur Eskolako irakasle-taldearen eginkizun garrantzitsuenetako bat konfiantzazko eta segurtasunezko giroa sortzea da, haurra giro horretan babestua eta onartua senti dadin. Horrek aukera emango dio bere buruan konfiantza sortzeko, bere ingurua arian-arian ezagutzeak sortzen dizkion erronkei aurre egiteko, eta baita ezagutza hori lortzeko tresnak eta estrategiak eskuratzeko ere.

Eremu, denbora eta baliabideen antolaketa Haur Hezkuntzan

Haurrek, oso adin txikia izanik, erritmo, interes eta behar desberdinak dituzte. Desberdintasun horiek errespetatu eta kontuan hartu behar dira, bai ikasgelako espazioaren eta denboraren antolakuntza planifikatzeko, bai eta eskolako jardueraren plangintza egiteko ere.

Zenbait jarduera-eremu antolatu beharko dira, haurrek zer egin, nola egin eta norekin egin nahi duten aukeratu ahal izan dezaten. Horrela, ekimena eta autonomia garatzen lagunduko da.

Funtsezkoa da espazioa ulertzeko modu dinamikoa eta esanguratsua izatea, eta norbanako bakoitzaren esperientziekin eta ekarpenekin eraikitzen eta bilakatzen joatea espazio hori.

Halaber, hezitzaile-taldeak kontuan izan beharko du talde-jardueretako denbora eta banakako jardueretako denbora txandakatu egin behar direla, eskakizun-maila handiko jarduerak eta espontaneotasun bizikoak orekatu egin behar direla, eta denbora-sekuentzia bat planifikatu behar dela, egunak erreferentzia seguruekin egin dezan aurrera, haurrari laguntzeko parte hartzen, aurresaten eta bere jarduera berak arautzen.

Espazioaren eta denboraren plangintza egitean kontuan izan beharreko beste alderdi bat ere bada: alde batetik, hezitzaileak taldearen begirada-periferikoa osoa izan behar du, eta, bestetik, haurrak erraz ikusi behar du heldua.

Baliabide materialek estimulu ugariko giroa ekarri behar diote hezkuntza-prozesuari: harremanak erraztuko dituena, haurren jakin-min agortezina suspertuko duena eta, esperientzia esanguratsuak ekarriko dituen heinean, haurren garapen-aukerak handituko dituena. Ikastetxeek, estereotipoetatik ihesi, eskola-giroko berezko jostailuak, tresnak eta baliabide didaktikoak erabil daitezen sustatuko dute. Era berean, pertsona- eta jokabide-eredu ez-estereotipatuak edo ez-sexistak dituzten eta kultura desberdinetako haurren arteko bizikidetza sustatuko duten material didaktikoa aukeratuko da.

Entradas relacionadas: