Coulomb-en Legea eta Eremu Elektrikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,38 KB
Coulomb-en Legea
Bi karga elektriko puntualen arteko erakarpen- edo aldarapen-indarra bi kargen biderkaduraren zuzenki proportzionala da eta bien arteko distantziaren karratuaren alderantziz proportzionala.
Indar elektrikoen ezaugarriak
Indar elektrikoen ezaugarriak hauek dira:
- Indarra kargak biltzen dituen lerro zuzenaren norabidekoa da. Kargak zeinu berekoak direnean indarra aldaratzailea da. Bi kargak aurkako zeinukoak direnean, ostera, elkar erakarri egiten dute.
- Distantziarako indarrak dira.
- Ez da inolako ingurune materialik behar kargen artean indar horiek eragin dezaten.
- Beti binaka ageri dira, akzio-erreakzioaren printzipioaren arabera. Hau da, F12 eta F21 indarrek modulu eta norabide berak dituzte, baina elkarren aurkako noranzkoa.
Formula: F12 = F21 = K · (|Q1| · |Q2|) / r2
Eremu elektrikoa
Gorputz kargatu batek karga elektrikoa edukitzeagatik bere inguruko espazioan sortzen duen perturbazioari eremu elektrikoa deritzo.
Beste karga elektriko bat espazio horretan kokatzean, karga horrek eta eremuak elkarri eragin, eta indar elektrikoa jasaten du.
Eremu elektrikoaren intentsitatea
Eremu elektrikoa deskribatzeko, espazioko puntu bakoitzari eremu elektrikoaren intentsitatea esleitu ohi zaio.
Espazioko puntu bateko eremu elektrikoaren intentsitatea (E), puntu horretan karga positibo unitatea jarriz gero, azken honek jasango lukeen indarra da.
SI sisteman eremu elektrikoaren intentsitatearen unitatea newton zati coulomb (N/C) da.
Formula: E = F / q = K · (Q / r2) · ur
Q karga puntualak sorturiko eremu elektrikoaren propietateak
Q karga puntualak sorturiko eremu elektrikoak honako propietate hauek ditu:
- Erradiala da eta distantziaren karratuaren arabera txikiagotzen da; beraz, eremu zentrala da.
- Eremuaren noranzkoa Q kargaren zeinuaren araberakoa da. Karga negatiboa bada, eremu elektrikoa kargaranzkoa da; positiboa bada, kargatik urruntzeko noranzkoa du.
Eremu elektrikoaren intentsitatea E deneko puntuan kokaturiko q kargak jasaten duen indar elektrikoa hauxe da: F = q · E