Clara Campoamor eta emakumeen sufragioa (1931)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,41 KB

I. Sailkapena

Testuaren gaia:
Emakumeen boto-eskubidearen defentsa Espainiako konstituzio berrian sartzeko proposamena.

Testuaren izaera:

  • Iturria: Testu hau historikoa da, lehen mailakoa, 1931ko irailaren 1ean Gorte Konstituziogileetan esandakoa baita.

  • Eduki mota: Politikoa da, parlamentuan egindako hitzaldi publiko bat delako, helburu argi batekin: emakumearen boto-eskubidea defendatzea.

  • Hartzailea: Testua publikoari zuzenduta dago, baina zuzenean Gorteetako legegileei zuzentzen zaie.

  • Helburua: Emakumeek botoa emateko eskubidea izatea defendatzea, konstituzioan sartua izan dadin.

  • Kokapena espazio-denboran: Espainia, 1931ko Bigarren Errepublika hasieran. Hitzaldia Gorteetan emana da, konstituzio berria idazten ari ziren garaian.

  • Egilea: Clara Campoamor, diputatu errepublikarra eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista ezaguna. Feminismoaren aitzindaria Espainian.


II. Analisia / Azterketa

Testuan nabarmendutako ideia nagusiak eta ideia osagarriak hauek dira:

  • Ideia nagusia: Emakumeek gizonen eskubide berberak izatea eta konstituzio berrian sufragio unibertsala sartzea beharrezkoa dela.

  • Bigarren mailako ideiak:

    • Emakumeari bere izaera propioarekin agertzen uztea eskatu du, epaitu ahal izateko.

    • Eskubide konstituzionalak askatasun kontzeptuarekin lotu behar direla azpimarratu du.

    • Emakumeek hasieran akatsak egingo dituzten arren, parte hartuz bakarrik heziko direla.

    • Espainia izango dela emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen lehen herrialdea.

    • Beste herrialde batzuek aurretik joatea ez dela onartu behar; Espainiak aitzindari izan behar duela.


III. Iruzkina

Testuinguru historikoa:
Testua 1931n kokatzen da, Espainiako Bigarren Errepublika sortu eta gutxira. Monarkia erori zen eta errepublika berriak konstituzio berri bat prestatzen zuen. Garai hartan emakumeek oraindik ez zuten boto-eskubiderik, eta gizarte patriarkala zen nagusi. Clara Campoamor diputatu hautatua izanik, emakumeen eskubideen aldeko borrokaren lehen lerroan zegoen.

Testuaren iruzkina:
Clara Campoamorrek testuaren lehen lerroetan emakumeari bere izaerarekin agertzeko eskubidea aldarrikatzen dio: "Utz iezaiozue emakumeari den bezalakoa agertzen, hura ezagutu eta epaitzeko", gizarteak emakumea aurreiritzirik gabe ezagutu dezan.
Gizaki izate hutsagatik duela eskubidea azpimarratzen du, eta "ez iezaiozue arrazoitzat aipatu desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua" esaldiarekin emakume eta gizonaren arteko bereizketa justifikatzeko erabilitako arrazoi klasikoak ukatzen ditu.

Lerro batzuk aurrerago, emakumea zuzenbidean aritzeko eskubidea defendatzen du: "hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere", baina esperientziaz ikasiko dutela argi uzten du. Horrela, botere politikoan parte hartzea naturaz kanpokoa ez dela, baizik eta trebatzea eskatzen duen prozesu bat dela ulertzen da.

Testuaren amaieran, Campoamorrek Espainia emakumeen askatasunaren ikur izango dela dio: "nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea" (lerroak 10-12 inguru). Hitz hauetan harrotasuna eta itxaropena nabari dira, eta emakumearen ahotsa "xumea baina egiazkoa" dela azpimarratuz, emakumeen parte-hartzearen zilegitasuna berretsi nahi du.

Azken esaldietan ("ez ezazue onar beste latindar nazio batek... emakumearen askatasuna"), Campoamorrek presioa egiten die gainerako diputatu gizon batzuei, Espainiak emakumeen boto-eskubidean aitzindari izan behar dela defendatuz. Horrela, nazioarteko aitorpena eta aurrerakuntza lotzen ditu emakumeen eskubideen aitortzarekin.

IV. Ondorioa

Clara Campoamorren hitzaldi honek garrantzi historiko handia izan zuen: bere ausardiari eta argudiatzeko gaitasunari esker, emakumeen sufragioa onartu zen 1931ko Espainiako Konstituzioan. Dokumentu honek emakumeen askatasunaren eta berdintasunaren aldeko aldarria jasotzen du, eta garaiko gizarte patriarkalaren aurrean ausardiaz egindako aldaketa eskaera da.

Entradas relacionadas: