Cádizko Konstituzioa eta Persiarren Manifestua: Analisia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,25 KB
XIX. Mendeko Testu Historikoen Analisia
1812ko Cádizko Konstituzioaren Azterketa
Sarrera
Eskutan duguna 1812. urtean Cádizko Gorteek idatzitako Konstituzioaren zati bat da. Jatorriaren aldetik, testua lehen mailakoa da, hau da, historikoa; formaren aldetik, konstituzio bat da, eta, horrenbestez, juridikoa; eta edukiaren aldetik, politikoa.
Dokumentua 1812ko martxoaren 19an onetsi eta sinatu zuten Cádizko Gorteetako diputatuek Cádiz hirian. Hartzailea garaiko Espainiako gizartea zen; beraz, testu publikoa dela diogu.
Analisia
Dokumentua bi zatitan dago antolatuta: lehenengo zatian, atarian, Gorteetako diputatuek Fernando VII.a haien errege konstituzional gisa onartzen dutela diote. Bigarren zatian, hainbat irizpide artikuluetan antolatuta agertzen dira.
Iruzkina
Konstituzio honen zergatia ulertzeko atzera jo behar dugu. XIX. mendearen hasieran, Antzinako Erregimena krisialdi batean murgilduta zegoen.
1808ko irailean, abertzaleek Gorteak deitu zituzten boterea zentralizatzeko. Probintzietako Juntek eta Amerikako kolonietako ordezkariek Junta Zentral bat osatu zuten, baina Frantziaren okupazioak Erregeordetza bat eratzea eragin zuen 1809an. 1810ean, Cádizen Gorteak ireki ziren, eta liberalek iraultza abiarazi zuten, nazio-subiranotasuna aldarrikatuz. Dekretu aurrerakoiak eta 1812ko Konstituzioa, "La Pepa", onartu ziren, Antzinako Erregimena desegiteko. Konstituzioak monarkia absolutua baztertu, botere-banaketa ezarri, eta legegintza Gorteen esku utzi zuen. Nahiz eta luzaroan indarrean egon ez zen, liberalismoaren oinarri bihurtu zen. Espainiako lehen konstituzio gisa, etorkizuneko gobernu liberalentzako inspirazio-iturri izan zen.
Kritika
Etorkizunari begira, Cádizko Konstituzioak oso garrantzi eta eragin handia izan zuen; izan ere, Espainiako lehenengo Konstituzioa (eta munduko hirugarrena) izan zen. Espainiako burgesiak Independentzia Gerra aprobetxatu zuen iraultza liberala abian jartzeko eta, nahiz eta zailtasun handiak egon, liberalismoaren erreferente bilakatu zen betirako.
Persiarren Manifestuaren Azterketa (1814)
1. Sailkapena
Iruzkindu beharreko dokumentua idazkia da eta "Persiarren Manifestua" du izenburua. Madrilen, 1814ko apirilaren 12an, Cádizko Gorteetako diputatu absolutisten heren batek sinatu zuen. Formaren aldetik, manifestua da, eta edukiaren aldetik, politikoa. Iturri motari dagokionez, lehen mailako dokumentua da, historikoa. Cádizko diputatu absolutista hauek erregeari eta nazio osoari zuzendu zioten Manifestua; beraz, testu publikoa da.
2. Analisia
Testu honen ideia nagusia monarkia absolutista berrezartzearen nahia eta ideia liberalak baztertzea da, 1812ko Konstituzioaren oinarriak arbuiatuz. Diputatu hauek Fernando VII.a Espainiara itzuli bezain laster zuzendu zioten Manifestua.
3. Iruzkina
Fernando VII.a Frantzian zegoen bitartean, erdi mailako klaseak, noblezia eta kleroa Cádizen bildu ziren, eta Gorte Nagusiak deitu zituzten. Bi joera zeuden Gorte horietan: liberala eta absolutista, baina liberalak gailendu ziren. Denon artean, 1812ko Konstituzioa idatzi zuten, "La Pepa" izenez ezagunagoa dena, ideia liberalak aplikatuz. Hainbat erabaki hartu zituzten: besteak beste, erregeari gobernatzeko ahalmena kendu zioten, Gorteak baitziren handik aurrera gobernu-organo gorenak.
Fernando VII.a itzuli zenean, Valençayko Ituna Napoleonekin sinatu ostean, alderdien zatiketa topatu zuen: liberalak eta absolutistak. Jeneral batzuk absolutismoa berrezartzen lagundu zioten, eta diputatu absolutista batzuek "Persiarren Manifestua" idatzi zuten. Izan ere, ez zeuden batere gustura Konstituzioak eragindako erreformekin. Bertan, testuan adierazten den bezala, monarkia absolutua berrezartzea eskatzen diote Fernando VII.ari.
Azkenik, 1814ko maiatzean, Fernando itzuli berriak estatu-kolpea eman zuen, eta Konstituzioa guztiz indargabetu zuen, absolutismoa bultzatuz. Cádizko Gorteetan gehiengoa liberala izan arren, espainiarren gehiengoa erreforma haien aurka zegoen, eta, beraz, ez ziren absolutismoaren aurka matxinatu. Liberal askok erbestera ihes egin behar izan zuten. Fernando VII.ak manifestua aprobetxatu zuen monarkia absolutua berrezartzeko, Seiurteko Absolutistari hasiera emanez. Modu honetan, Espainian eragina izan zuen lehenengo Konstituzio liberala alde batera utzi zuen.
Testuan adierazitakoaren arabera, aipagarria da Gorteetan parte hartu zuten absolutistek izandako jarrera-aldaketa. Izan ere, bere garaian Konstituzioa idazten lagundu zuten, eta testuan argi eta garbi "La Pepa"-ren aurka azaltzen dira. 1812ko Konstituzioa liberala da, eta absolutisten aldeko erreformak oso urriak izan ziren; bi alderdiak bateraezinak dira. Horregatik idatzi zuten manifestua, beraien pribilegioak berreskuratu ahal izateko. Gainera, herriarentzat ere onena monarkia absolutua dela adierazten dute testuan; sistema berriak ezegonkortasuna dakarrela zioten.
4. Kritika
Hau guztia kontuan izanda, esan dezakegu testu honek berebiziko garrantzia eta eragina izan zuela XIX. mendean zehar. Alde batetik, monarkia absolutuaren adierazpena delako, eta, beste alde batetik, ikuspuntu doktrinaletik izandako eraginagatik.