Burdinbideen Lege Orokorra (1855): Analisia eta Testuingurua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,16 KB
Burdinbideen Lege Orokorra (1855)
Testuaren Identifikazioa eta Ezaugarriak
Iruzkindu beharreko testua Burdinbideen Lege Orokorra da, 1855eko ekainaren 6an argitaratua. Testuaren formari dagokionez, juridikoa da, lege bat baita. Idazkia lehen mailakoa da, gertakariak izan ziren garaikoa baita. Edukien aldetik, ekonomikoa da gehienbat. Testu honen egilea Francisco de Luxan da, garaiko sustapeneko ministroa, eta geroago erreginak berretsi zuen. Dokumentua publikoa da (Gaceta de Madriden argitaratua) eta hedapen nazionala du.
Testua Isabel II.aren erregealdikoa da, zehazki 1854 eta 1856 urteen bitartean progresistak boterean egon zirenekoa, Biurteko Aurrerakoia hain zuzen.
Analisi Xehatua: Legearen Helburuak eta Artikuluak
Garai hartan, herrialde baten industrializazio maila burdinbideen kopuruaren araberakoa zen. Espainiak oso gutxi zituenez, lege honen helburu nagusia burdinbide sare sendo bat finkatzea zen. Baina, estatuan dirurik ez zegoenez, burdinbideak eraikitzeko baimena liberalizatu zuten. Testua legea osatzen duten artikuluetan banatuta dago:
- 4. art.: Burdinbideak nork eraiki ahal dituen zehazten da, hau da, liberalizazioa. Gobernuak eta enpresa pribatuek zuten horretarako baimena.
- 6. art: Enpresa pribatuek trenbidea eraikitzeko beharrezkoak diren baimenak beharko dituztela adierazten du.
- 8. art: Enpresek inbertitzen dutenez, gobernuak trukean ekonomikoki lagundu dezakeela adierazten da, obretan lagunduz edo maileguak emanez.
- 19. art.: Espainiako ekonomia orokorrean ez zenez ona, atzerriko enpresak inbertitzea bilatzen zuten. Horregatik, atzerriko diruak estatuaren babesa izango duela dio eta edozein gerra arazotik libre gelditzen direla.
- 20. art.: Enpresa pribatuek trenbideak eraikitzeko, gobernuak lurrak emango zietela azaltzen da.
- 30. art.: Trenbidearen zabalera zehazten da, metro bat eta 80 zentimetro hain zuzen. Honek isolamendua eragin zuen Europarekin beste tamaina batekoak zirelako. Beraz, ezin zuten muga pasatu.
Testuinguru Historikoa
Testu hau bere osotasunean ulertu ahal izateko, bere testuingurua azaldu beharra dago.
Burdinbideen Lege Orokorra 1855. urtean onartu zen. Kronologikoki Isabel II.aren erregealdian kokaturik gaude, Biurteko Aurrerakoian (1854-1856) zehazki. Gogoratu behar dugu Espainiako Historiaren epe hau 1854. urtean hasi zela O'Donnell jeneralak egindako pronuntziamenduaren ondorioz (Vicalvarada deiturikoa). Pronuntziamenduak garaitu ostean, Isabel II.ak Baldomero Espartero deitu zuen gobernu berria eratzeko, O'Donnell Gerra ministro zelarik. Biurtekoaren gobernuek herrialdeko ekonomia eta industrializazioa bultzatzea zuten helburu, horretarako hainbat lege, hala nola iruzkintzen ari garena, onartu ziren. Egian esan, Espainiako industria, ekonomia eta, horrekin batera, garraiobideen sarea oso atzeratuta zeuden.
Fernando VII.aren erregealdian, Independentzia Gerraren ondorengo suntsipenak, ezegonkortasun politikoak eta inbertsioak egiteko kapitalik ezak, herrialdearen garapen industrialaren erritmoa benetan motela izatea eragin zuten. Katalunia, Asturias, Euskadi edo Andaluziako probintzia batzuk izan ezik, gainerako lurraldeek atzerapen ekonomiko etengabea bizi zuten.
Legearen Garrantzia eta Ondorioak
Garrantzi handiko legea izan zen aurrean dugun hau. Herrialdea industrializatzeko gobernuaren ahalegina erakusten du. Hala ere, ez zen espero zena lortu; makinak, lehengai asko eta kapitala atzerritik ekarri zirenez, etekinak atzerrira joan ziren. Hala ere, burdinbideak eraikitzea ezinbestekoa zen ekonomia modernizatzeko. Baina, esan bezala, Espainian egin ziren trenak eta Europakoak zabalera desberdina zutenez, isolamendua eragin zuen Espainiako ekonomian. Garrantzitsuena zera da, ekonomia ez zenez hobetzeak, Isabel II.aren erortzea bultzatu zuela.