Blasco Ibañezen "El Intruso": Bizkaiko meatzarien bizi-baldintzak XX. mende hasieran

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,93 KB

Testu iruzkina: Blasco Ibañezen "El Intruso" pasartea

Testuaren sailkapena/kokapena

Iturri mota: Lehen mailakoa.
Forma: Narratiboa (nobela baten pasartea).
Gaia: Soziala.
Egilea: Indibiduala, Vicente Blasco Ibañez. Valentzian jaiotako idazlea. Gaztetan, mugimendu errepublikarrean sartu eta "El Pueblo" izeneko egunkarian egin zuen lan editore moduan. Espainiako Gobernuan parlamentari izan zen hainbatetan.
Izaera: Publikoa.
Hartzailea: Espainiako herria.
Helburua: XX. mendearen hasierako Bizkaiko meategietan aritzen ziren langileen bizi-baldintzen berri ematea eta haien egoera salatzea.
Kokapena: 1904ean argitaratua, Berrezarkuntza garaian, Alfontso XIII.aren erreinaldiaren lehenengo urteetan. Momentu hartan Espainiako langile mugimendua eratzen ari zen.

Analisia/Ideia nagusiak

Egitura: Hiru paragrafo, bakoitza ideia nagusi batekin.

Lehenengo paragrafoan, labur-labur, deskribatuko den espazioa aurkezten du: "peoien etxea" edo langileen etxea.

Bigarren paragrafoan, eleberri honen protagonista nagusia azaltzen da, Aresti, langileen bizi-baldintzen inguruko ikuspegia azalduz:

  1. Langileek egiten zuten lanaren inguruko informazioa ematen du, egun osoa blokeak apurtzen, kargatzen… pasatzen zutela.
  2. Dietari buruzko informazioa ematen du, honen kalitate kaxkarra eta eskasia azpimarratuz ("babarrunak eta patatak bakailao edo urdail pixka batekin eskas afalduta").
  3. Higiene-baldintzen inguruan jarduten da, baita langile pilaketa eta intimitate faltaren inguruan. Erantzi gabe lo egiten zuten, airea ezin arnastuz, parasitoak ugariak zirelarik, hotz handiarekin… Hau guztia laburtua azaltzen zaigu paragrafoaren bukaeran modu adierazgarri batean: "izerdiak elkartzen ziren, arnasketak nahasten ziren eta zikinkeria anaitasunezkoa zen". Orokorrean badakigu garai hartako langileak meategietako nagusien jabetzakoak ziren barrakoietan bizi zirela, alokairu garestietan eta langilezainen kontrolpean. Eremu hori xehetasun guztiekin deskribatzen du idazleak, langileak oso eskasak eta oinarrizko baldintzak betetzen ez zituzten bizileku hauetan pilatzen zirelarik.

Hirugarren paragrafoan langileen lantokiari buruz jarduten da. Harrobia "langile asaldatzaileen etsairik gogorrena" bezala irudikatzen du. Hala, lurpeko meazulo eta harrobiak bereizten ditu eta bien artean, bigarrena arriskutsuena zela esaten du, ustiaketa kanpoaldean zenez ez baitzuten inongo esperientziarik ezta prestakuntzarik eskatzen langileen artean. Hala, langile ugari agertu ziren goseak bultzatuta. Hori dela eta, edozein langile ordezkatzea zonalde hauetan oso erraza zen eta ondorioz haien eskubideen alde borrokatzea lan zaila suertatu zen.

Testuinguru historikoa

Aurrekariak: Alfontso XIII.aren erregealdia (1902-1931)

Berrezarkuntzako sistema politikoa bi ardatzetan oinarritu zen: 1876ko Konstituzioa eta bi alderdi politikoen arteko botere-txandaketa (Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberal Fusionista). Horren bidez, egonkortasuna lortu zen eta, ondorioz, ekonomiak garapen handia ezagutu zuen Katalunian eta Euskal Herrian batez ere. Hala ere, 1902an Alfontsok tronua hartzean, alderdi dinastikoen krisia eman zen, buruzagiak (Canovas eta Sagasta) desagertu eta ezegonkortasun politikoa gertatu zen. Gainera, sistematik baztertuak izan ziren alderdiak gero eta indartsuago bihurtu ziren.

Testuaren une historikoa: industrializazioaren hastapenak, gizarte-ondorioak eta langile mugimenduaren hastapenak

Berrezarkuntza garaian euskal probintzietako industrializazioak bultzada handia izan zuen. Hasiera 1841ean izan zen, aduanak kostaldera eramatearekin batera. Horrek, Bilboko merkatariak bertako industria siderurgikoan inbertitzea eta Bizkaia industrializazio prozesuan sartzea eragin zuen, baldintza oso egokiak zituelako: kostaldearekiko gertutasuna, lehengaia, eskulan trebea... Bessemer bihurgailuaren sorrerak gauzak aldatu zituen Bizkaiko industrian, atzerriko enpresek meatzeen ustiaketa masiboa sustatu baitzuten bertako burdina lortzeko (1868ko Meatzeen Legea). Horrek, inbertsio handiak bultzatu zituen eta lortutako irabaziak siderurgian berrinbertitu ziren. Hirugarren Karlistaldiko geldialdiaren ostean garai oso emankorra izan zen: industriak bultzadarik handiena jasan zuen Kontzertu Ekonomikoen abantailei esker eta 1891ko Arantzelen Legeari esker.

Industrializazioak aldaketa sakonak ekarri zituen euskal gizartean: estamentuzko gizartetik klase sozialetan banatuta dagoen gizartera pasa zen. Garrantzitsuena aberastasuna zen.

Oinarrian, nekazari-gizarte batetik, gizarte industrialera igaro zen. Horrek landa-exodoa ekarri zuen, gizartearen zati handi batek landa eremua utzi eta hirietako bidea hartu baitzuen. Hirietan gailendu ziren gizarte-taldeak: proletarioak eta burgesia.

Hiriaren espazioaren erabileran bereizketa nabarmena:
  • Burgesen etxeak, hirien zabalguneetan edo "auzo esklusiboetan" eraiki ziren eta azpiegitura egokiak zituzten.
  • Langileen etxeak, hiriko auzo pobreetan edo periferian kokatu ziren eta hornikuntza aldetik eskasak ziren.

Aztergai dugun testuak, horren berri ematen du. Langileen lan-baldintzak oso gogorrak ziren:

  • Barrakoietan higienea eskasa zen, ehun bat ohe pilatzen ziren bertan eta ohe bakoitza hiru langilek partekatzen zuten.
  • Langileak behartuta zeuden patroien kantinetako lehengaiak/jakiak erostera.
  • Janaria kalitate eskasekoa zen eta salneurriak erabat altuak.
  • Ogia zen elikagai nagusia haien dietan; hirugiharrez, garbantzuz, patataz eta ardoz osatuta zegoen.
  • Lan jardunaldia goizetik iluntzera luzatzen zen, hamaika ordu egunero, askotan igandeak barne.

Egoera honek 1890eko Greba Orokorra eragin zuen (ia mehatze guztiak gelditu ziren):

  • Eskaera: lanaldiak murriztea eta barrakoiak eta dendak desagertzea.

Baina testuan ikus daitekeenez, meatze zona guztian langileen egoera ez zen asko konpondu eta barrakoiak eta dendak mantendu ziren.

Industrializazioaren ondorioak demografian:
  • Bizkaian: XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Bilbok Europako heriotza-tasa altuena izan zuen. Izurriteak ohikoak ziren, kutsadura handia zegoen eta langileen elikadura eskasa zen. Ondorioz, bizi-itxaropena oso motza zen.
  • Gipuzkoan: ez zen hain nabaria, baserri mundua bizirik baitzegoen.
Bestelako ondorioak:
  • Erlijio katolikoaren praktika asko gutxitu zen industriako langileen artean, baina indartu egin zen baserri munduan.
  • Kulturan: gaztelania nagusitu zen, euskararen kaltean, eta euskal nazionalismoaren sorrera bultzatu zen.

Sortutako ezinegona eta bizimodua hobetzeko langileen elkarteak sortu ziren:

  • Sozialistak (PSOE): Facundo Perezaguak, 1886an, lehenengo elkartea sortu zuen Bilbon. 1891ko hauteskundeetan sozialistek arrakasta lortu zuten (lehenengo zinegotzia lortu zuten Bilboko udalan). Mende amaieran Donostian eta Gasteizen lehen gune sozialistak finkatu ziren.
  • Euskal nazionalismoa (EAJ): Sozialismoarekiko erreakzio moduan sortu zen, euskal kultura eta ohiturak babesteko. Abertzaleen ustez, sozialismoa immigranteen ideologia zen. 1911ean ELA (Eusko Langileen Alkartasuna) sindikatu abertzale eta katolikoa sortu zen.

Ondorioak/Testuaren garrantzia

Bizkaiko burdin meategietako langileen bizi-baldintzen deskribapen oso errealista da. Detailez beteriko testua da. Idazlearen iritzia agertzen da langile mugimenduaren hedapen motela deskribatzeko arrazoiak azaltzen dituenean.

Bi ideia horietan kritika soziala agertzen da, Berrezarkuntza garaiko behe-mailako langileen egoera gogorra salatuz (jabeen gehiegikeriak langileekiko, industrializazioaren ondorio negatiboak, proletalgoaren zapalkuntza…)

Entradas relacionadas: