Bizkaiko Siderurgia: Merkataritza-Itun Librekanbistaren Salaketa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,27 KB
Dokumentuak, mitin bat izanik, forma narratiboa du
eta edukiaren arabera ekonomikoa da. Hartzaileak
enpresaburuak eta Gobernua dira, beraz, testua publikoa
da. Egilea Federico Echevarria euskal enpresaria izan zen.
Bilbon 1893ko abenduaren 9an emandako mitin-protesta
batean protekzionismoaren alde egin zuen hitzaldi baten
zatia dugu. Echevarriaren helburu nagusia merkataritza-
itun librekanbistak ezabatzeko Gobernuari presio egitea
da. Testua Errestaurazio garaian kokatzen da eta Bizkaiko
industrializazio prozesuaren testuinguruarekin lotuta
dago, konkretuki enpresaburuek protekzionismoaren
alde garatutako borrokarekin.
Dokumentuaren ideia nagusiak Espainia eta
Alemaniaren arteko merkataritza-itun librekanbistaren
salaketa (Sagastaren gobernuak sinatua 1893an) eta
protekzionismoaren defentsa (1891ko muga zergak
mantentzea) sutsua dira.
Testua bi paragrafotan banatuta dago:
-Lehenengoan aipatutako itunak, indarrean zegoen
aduana-zergen araubidea ezeztatuz, Bizkaiko siderurgia
industriari lekarzkiokeen ondorioak azaltzen ditu egileak.
Bi ziren neurri honek arriskuan jarriko lituzkeen enpresak:
araubide protekzionistaren bidez sortuak eta neurri
honen babespean birmoldatutakoak. Bere ustez,
enpresaburuen ekimen eta egitasmoak bertan behera
uztea ekarriko luke itunak, industria hilzorian geratzea
eraginez. Gainera, ituna aurrekari arriskutsua izatea ere
argudiatzen du, beste estatu batzuekin merkatal itunak
sinatzeko atea irekiko lukeelako.
-Bigarren paragrafoan, Echevarriak Gobernuari luzaturiko
eskaera azaltzen da, berau araubidetik ez urruntzeko eta
indarrean dagoen babes-sistema ez suntsitzeko aldarrikatuz.
Hitz hauek erreferentzia zuzena egiten diote Canovasek
1891an ezarritako arantzela mantentzeari, Gobernuari
Alemaniarekin sinatutako ituna bertan behera uzteko
presioa eginez.
Hitzaldia 1880tik aurrera garatu zen Bizkaiko
industrializazio prozesuaren baitan ulertu behar da.
Prozesu honen pizgarria altzairua lantzeko asmatu
zen Bessemer bihurgailuaren aplikazioa izan zen, izan
ere, honek, fosforik gabeko burdin mearen eskaera
areagotu zuen, hots Bizkaiko burdin mearena
(“hematitea”). Berau ustiatzeko baldintzak ezin hobeak
ziren gainera, aire zabaleko meategiak izateak
(harrobiak, erauzten errazak) eta espezializaziorik
gabeko peoiak (Bizkaira etengabe heltzen zirenak)
lanean aritzearen ondorioz eskulanaren prezioa
murrizteak, ustiatze-kostu txikiak eragiten zituen;
honez gainera, garraioak ez zuen horrenbesteko
arazorik sortzen meatzeak itsasadarretik hurbil
zeudelako. Aipaturiko baldintzek eta etekin handi eta
azkarren susmoak bultzatu zituzten Euskal Herriko
eta atzerriko kapitalistak (ustiakuntza kolonialaren
fenomenoa sortzea eragin zuena) meatze haietan
inbertsioak egitera. Azken karlistaldia amaitu
ondoren nabarmenkiro emendatu ziren produkzioa
eta esportazioak eta aberastasun-iturri handi
hau izan zen industrializazioaren finantzabide
nagusia eta finantza kapitalismoaren garapena eragin zuen.
Industrializazioaren testuinguruan garatutako Bizkaiko
garapen ekonomikoan paper guztiz garrantzitsua bete
zuen siderurgiak, Bilboko itsasadarrean kokatua.
Teknologia Ingalaterratik edo Belgikatik ekarri zen.
Honela, 1880. urteen hasieran eraiki ziren siderurgia-
multzo handienak: San Francisco de Mudela (1880), La
Vizcaya (1882) eta Altos Hornos de Bilbao (1882). Azken
bi hauek eta La Iberia izenekoak, 1902.an batu eta Altos
Hornos de Vizcaya (AHV) Espainiako siderurgia-multzo
handiena eratu zuten.