Bizkaiko Langile Mugimendua: 'La Lucha de Clases' (1896)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,71 KB
Dokumentu honek 12. testu iruzkina aurkezten du: La Lucha de Clases astekariko artikulu bat, 1896ko maiatzaren 23an argitaratua.
Testuaren Sailkapena eta Kokapena
Testua lehen mailakoa da, eta motari dagokionez, narratibo-literarioa (kazetaritza-artikulua) da. Gaia politiko-soziala du. Egilea Tomas Meabe da (nahiz eta sinatua ez egon), euskaldun sozialista eta La Lucha de Clases astekariaren zuzendaria zena. Izaera publikoa du, astekarian argitaratua izan baitzen. Hartzailea Espainiako herria da. Helburua industrializazio garaian langileek jasaten zuten egoera penagarria salatzea eta horren aurrean hartutako erabaki eta asmoen berri ematea da. Kokapenari dagokionez, 1896ko maiatzaren 23an La Lucha de Clases astekarian argitaratu zen. Berrezarkuntza garaian kokatzen da, Maria Kristinaren erregeordetzan. Ordurako, langile mugimendua abiarazia zegoen euskal probintzietan, Bizkaian batez ere.
Analisi eta Ideia Nagusiak
Testua sei paragrafo ezberdinetan antolatuta dago, eta bakoitzak ideia nagusi bat aurkezten du:
Lehenengo paragrafoa: Maiatzaren 1eko Bilkura
1896ko maiatzaren 1ean gertatutakoa azaltzen du. Testuak dio langileak data horretan Gallartako frontoian bildu zirela, nagusiek derrigorrezkotzat jotzen zituzten barrakoi eta kantinen desagerpena eskatzeko. Industrializazio garaian langileek oso bizi-baldintza txarrak zituzten: lantegi inguruetan kokatutako nagusien barrakoi zikinetan bizi ziren, eta haienak ziren dendetan erostera behartuta zeuden.
Bigarren paragrafoa: 1890eko Greba
1890eko meatzeetako langileek egindako greba aipatzen da, haiek egindako lehen greba garrantzitsua izan zena. Eskariak lanaldiak murriztea eta derrigorrezko barrakoiak eta dendak desagertzea izan ziren. Emaitza onak lortu zituzten, eta horren ondorioz, mende amaierarako sozialismoa Donostia, Gasteiz eta Eibarrera hedatu zen.
Hirugarren paragrafoa: Egoeraren Iraupena
Garaiko egoera azaltzen da: greba egin eta sei urte pasa ondoren (1896an), 1890ean adostutako lanorduak mantentzen direla dio, baina barrakoi eta derrigorrezko dendei dagokienez egoera aldatu ez dela salatzen du, haiek oraindik ere mantentzen baitziren.
Laugarren paragrafoa: Derrigorrezko Baldintzak
Bizkaian garai hartan lanean onartua izateko langileek bete behar zituzten derrigorrezko baldintzak azaltzen ditu: barrakoietan bizitzea eta jakiak denda jakin batzuetan erostea, besteak beste. Horrek mendeko izaera liberala murriztea zekarrela ere azpimarratzen du idazleak.
Bosgarren paragrafoa: Bidegabekeriaren Salaketa
Aurretik aipatutako ideiei erreferentzia egiten die, eta haiekiko desadostasuna azaltzen du. Izan ere, baldintza horiek bidegabekeriazko tratua eta esplotazio hutsa direla salatzen du, lan askatasunaren eta osasun eta higienearen aurkako eraso larria baitira. Azkenean, gobernua aipatzen du, salatutako egoera hori onartu behar ez lukeela azpimarratuz.
Azken paragrafoa: Etorkizuneko Asmoak
Egoera horren aurrean (hura hobetzeko asmoarekin) beraien asmoa zein den azaltzen dute: gobernuak neurriak hartuko ez balitu, beraiek izango dira barrakoi eta denda horiek desagertzearen alde grebari ekingo diotenak.
Testuinguru Historikoa
Aurrekariak: Maria Kristinaren Erregeordetza (1885-1902)
Maria Kristinaren erregeordetza garaian (1885-1902) kokatzen da, Berrezarkuntza Borbonikoaren etapa zentralean. Cánovas del Castillok eraikitako sistema horrek egonkortasun sozial, ekonomiko eta politikoa eman zion garaiko Espainiari. Garai horretan industrializazio-prozesuak bultzada handia jaso zuen. Industrializazioaren gune nagusiak Katalunia (ehungintza) eta Bizkaia (siderurgia) izan ziren. Bizkaiko industrializazioa siderurgiarekin hasi zen, meatzaritzaren sektorearen hazkundea ekarri zuena. Bertako burdin mearen ezaugarriak oso aproposak ziren garapen ekonomikoa sustatzeko: mearen kalitate altua, ustiapenerako erraztasuna eta itsas garraioarekiko gertutasuna. Ekonomia jarduera honek langile asko erakarri zituen Espainia barrualdeko eremuetatik, lan eta bizi-baldintza hobeagoen bila. Eskulan kantitate masibo horren kontzentrazioak ekonomia garapena ahalbidetu zuen, baina zenbait arazo berri ere sortu zituen: meatzarien lan-baldintza penagarriak, lanaldi luze eta gogorrak, eta barrakoi eta kantinen inposaketa.
Testuaren Une Historikoa: Langile Mugimendua Euskal Herrian
Honek guztiak langile-mugimenduaren sorrera ekarri zuen euskal probintzietan, ideia sozialistei lotua egon zena:
Sozialismoaren Hedapena
1885etik aurrera, Facundo Perezaguak sozialismoaren ideiak modu progresiboan zabaltzea lortu zuen, Bizkaian lehenik eta Gipuzkoako gune industrializatuetan ondoren. Haren gidaritzapean sortu ziren Bizkaian lehen elkarte sozialistak. Lehena Bilbon 1886an, eta hemendik meategien eremuetara zabalduz joan zen (Galdames, Somorrostro, etab.).
Greba Estrategia eta 1890eko Greba
Langileen hasierako borroka estrategia greba izan zen, gutxienez 1915era arte mantendu zena. Hortik aurrera, Indalecio Prietok jarrera moderatuagoa hartu zuen. Lehen greba orokorra testuan aipatutako 1890eko Greba izan zen: arrakasta izan zuen hasiera batean, baina gero adostutakoak ez ziren bete. Greba hau erabakigarria izan zen Bizkaiko langile mugimenduaren sorreran, eta arrakastak izugarri zabaldu zuen lider sozialisten ospea. Meategi eremuan sortu zen, Zugaztietako sozialistek bideratuta. Ostean, fabriketako langileengana eta probintzia osoan zabaldu zen. 1890-1917 urteen bitartean greba deialdi gehiago egin ziren (1892, 1903, 1910 eta 1917an), emaitzak gorabeheratsuak izanik.
Sozialismoaren Nagusitasuna eta Tomas Meabe
Langile borrokek enpresa-buruak zenbait baldintza aldatzera behartu zituzten, eta sozialismoak, langile-mugimenduaren eta beste taldeen barruan (anarkistak, nazionalistak eta gerora komunistak), nagusitasuna lortu zuen. Euskal sozialismoaren indar nagusiak kanpotik etorritako langileak izan arren, mugimendu horren barruan euskaldun jatorrikoak ere egon ziren: Tomas Meabe (seguru aski artikuluaren egilea). Gazteri Sozialistak sortu zituen, baita aztergai dugun artikuluaren argitalpen tokia ere, hau da, La Lucha de Clases astekaria.
Alderdi Sozialistaren Barne Tentsioak eta Zatiketa
1915etik aurrera, tentsioak areagotu ziren Alderdi Sozialistaren barruan, ordura arte buruzagi izandako Facundo Perezaguaren eta probintziako diputatu Indalecio Prietoren artean. Gehiengoa Prietoren alde jarri zen, eta bera izendatu zuten alderdiaren buruzagi. Gainera, Prieto Gorteetako diputatu hautatua atera zen, eta ondorioz, grebak alde batera utzi eta politikan parte hartzen hasi zen (hauteskundeetan). Hala ere, sozialisten barneko arazoak sortu ziren, eta zatiketa gertatu zen: sozialista erradikalenek Espainiako Alderdi Komunista sortu zuten.
Langile Sindikatuen Sorrera
Garai hartako Europako giro iraultzailearen ondorioz, langile-sindikatuen sorrera nabarmendu zen:
- 1910ean CNT sortu zen. Grebak, boikota, sabotajeak eta indarkeria erabili zituzten. Ez zuten instituzioekin kolaboratu nahi.
- 1911n ELA sortu zen. Izaera katolikodun sindikatu nazionalista eta euskalduna zen. Helburua euskal langileen batasuna bultzatzea eta nolabaiteko lehia egitea zen joera sozialista zuten sindikatuei.
Ondorioak eta Testuaren Garrantzia
Testuak berebiziko garrantzia du Berrezarkuntza garaian, industrializazioaren eraginez garatutako langileen mugimendua hobeto ulertzeko: nola sortu zen eta zeintzuk izan ziren mugimenduaren ezaugarri nagusiak, besteak beste. Langileen mugimenduaren garrantzia azpimarratzen du, langileen bizi-baldintza penagarriak hobetzeaz gain, gaur egunera arte iritsi baita haren oihartzuna. Izan ere, gaur egun langileen eskubideak defendatzeko ditugun sindikatuak garai hartan sortu baitziren. Testuaren amaieran greba eta mobilizazioaren garrantzia nabarmentzen da, eskubide duinak lortzeko bide bakarra delakoan. Kontuan izan mobilizazioak ez zirela 1890eko grebarekin bukatu; beraz, sozialistek bultzatutako borroka estrategiek izandako babes soziala nahikoa izan zen greba horiek aurrera eramateko.