Bizkaiko langile mugimendua: El Intruso eta 1890eko greba

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,3 KB

El Intruso eleberriaren analisia eta langile bizimodua

El Intruso eleberriaren pasartearen analisian, testuko hiru paragrafotan jasotako ideiarik nabarmenenak azaleratu dira:

  1. Lehenengo paragrafoan langileen bizitokiaren berri eman zen, tonu ezkorrean.
  2. Bigarren paragrafoan, Aresti pertsonaia lagun hartuta, meatzeetako lan-tokien eta lan-egoeraren berri ere eman zen. Halatan, hamalau orduz lan egin ondoren, meatzaria etxera itzuli, oso gutxi afaldu, eta lo egitera joaten zen. “Egun osoa ematen baitzuten makinek ateratzen zituzten blokeak apurtzen, bagonetak harritarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen”. Gelaxketako egoeraz ere idatzi zuen: “Gelaxka hartan airea ez zen mugitzen, eta ordu batzuk ondoren ezin zen ia arnastu. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren”.
  3. Hirugarren paragrafoan meategien inguruan jardun zuen, eta honako bereizketa egin zuen: batetik, lurpeko meategiak, nolabaiteko trebezia behar zutela, eta bestetik, prestakuntzarik behar ez dutenak. Baita ere aipatzen du langileria kanpotik etortzen zela, prestakuntzarik ez zelako behar, eta erraza zen haientzako ordezkoak bilatzea.

Testuaren amaieran hau esaten da: “Zaila zen lan hark merezi zituen eskubideak eskuratzea”.

Langileen mugimenduaren sorrera eta garrantzia Bizkaian

El Intrusoren garrantzia nabarmendu behar da. Lehenik, agertu behar da zertarako sortu zen langile mugimendua: Bizkaiko meatzeetan jarduten zuten langileen lan- eta bizi-baldintza negargarriei aurre egiteko eta haien eskubideen alde egiteko. Mugimendu horrek itzelezko arrakasta izan zuen Bizkaiko langileriaren artean; asko lagundu zuen leku berean hainbeste langile pilatuta bizitzeak. Horrela, meatzarien elkarteak eratu eta ekintzak eta grebak antolatzen hasi ziren.

Bigarrenik, agerian utzi behar da ideia sozialistak azkar zabaldu zirela meatzarien eta langileen artean:

  • Facundo Perezaguak Bizkaiko Agrupación Socialista sortu zuen.
  • Mendearen bukaerarako 100.000 jarraitzaile elkartu zitzaizkion Ortuellako, Sestaoko eta Trapagarango meategi inguruetan batez ere.
  • Bide horretatik, La Lucha de Clases argitaratu zen 1894an.

Bestalde, euskal sozialismo erradikalari aurre egiteko Euskal Langileen Alkartasuna izeneko sindikatu abertzalea agertu zen.

Testuinguru historikoa: Industrializazioa eta gizarte eraldaketa

Testuinguru historikoari begira jarrita, aintzat hartu behar dira, bai 1865. urtetik aurrera Bizkaian gertatu zen hazkundea industrian, bai Bizkaiko herrien eraldaketa. Izan ere, Bizkaiko mearen ustiaketarekin eta burdinaren esportazioarekin hasi zen industriaren benetako hazkundea eta garapena. Industrializazioak ekarri zuen eraldaketa ekonomikoak eragin handia izan zuen Bizkaiko gizartearen bizimoduan.

Finantza-ahalmen handiko oligarkia eratu zen, eta inguruan langileria. Langileen lan-baldintzak oso kaskarrak ziren:

  • Lan-aldi luzeegia.
  • Soldata txikia.
  • Istripu ugari.

Era berean, bizi-kalitatea urria zen: etxebizitza duinik ez, higiene gutxi... Ondorioz, haien osasunak okerrera egin eta hilkortasun tasa handitu zen.

Langile mugimenduaren hedapena Espainian eta Bizkaian

Langileriak bizi zuen egoera kaskar horri aurre egiteko, langileen mugimendua jaio zen Bizkaian. Espainian ere laster sortu zen (1868. urtetik aurrera), Seiurteko Iraultzailearen askatasunen itzalean. Hartara, Lehenengo Internazionalaren eragina zabaldu zen, eta matxinadak egon ziren anarkismoaren eta sozialismoaren eraginez. Dena den, Espainiako langile-mugimendu berri horretan askoz azkarrago hedatu zen ideologia anarkista sozialista baino, batik bat, Andaluzian eta Katalunian.

Mugimendu hori oso mugatuta egon zen hasieran: oihartzun gutxikoa izan zen eta jarrera geldo samarra agertu zen. Langileen Nazioarteko Elkarteko lehen guneak sortu ziren, eta han sortu zen Bakuninen aldeko joera zeukan Espainiako Eskualde Federazioa. Prentsa anarkista ere garatu zen. Alabaina, marxisten eta anarkisten arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa zen LNE-n, eta azkenean, iritzi eta teoria marxistak nagusitu ziren. Hori dela eta, ideia marxistadunek Pablo Iglesias buru zutela gune sozialista eratu zuten Madrilen 1879an: Langileen Alderdi Sozialista (PSOE). Era berean, Langileen Batasun Orokorra (UGT) sortu zen 1888an, joera sozialistako sindikatua. Madrilen, Asturiasen eta Bizkaian zabaldu zen sozialismoa.

Beraz, esan daiteke Bizkaian ere hartu zutela langileek klase kontzientzia eta antolatzen hasi zirela. Facundo Perezaguak sortu zuen lehen erakunde sozialista Bilbon, 1886an. Denborak aurrera egin ahala, langileen bizitza latzagatik eta lan-baldintza gogorrengatik areagotu egin ziren lan-gatazkak meategien inguruan. Era berean, sozialismoa milaka langile mobilizatzeko indar politikoa bihurtu zen. Horren haritik, adierazi behar da Manuel Orbe izan zela PSOEren lehen zinegotzia Bilbon, 1891n.

1890eko greba eta Lomaren Hitzarmena

Giro horretan, greba izan zen borrokarako tresnarik garrantzitsuena, eta meatzariek 1890ean egin zuten greba lehenengo aldiz. Esan behar da greba saio horrek greba handien aldia ireki zuela; 1890-1919 urtera bost greba orokor antolatu ziren, eta langile mobilizazioaren gunerik nagusiena bilakatu zen Bizkaian, sozialismoaren ideiekin oso lotuta beti ere.

Ezin da aipatu gabe utzi zer gorabehera egin zen 1890eko grebaren jatorrian: derrigorrezko kantinak, barrakoiak... Oso greba gogorra antolatu zen eta oihartzun handikoa, grebalariek jarrera irmoa agertu zutelako eta jabeek ez zutelako amore eman. Hori dela eta, Gobernuak armada bidali zuen, Loma jenerala buru, eta behartu egin zituen grebalariak eta jabeak bat etortzera: Lomaren Hitzarmena deitu zitzaion. Hitzarmen horrek zenbait onura ekarri zizkien langileei:

  • Kantinen nahitaezkoa ezeztatu.
  • Lan-orduak murriztu.

Baina aztertzen dihardugun artikuluak dioen bezala, lorpen horiek ez ziren bete, sozialismoak ez baitzuen behar adina heldutasun lortu 1911. urtera arte. Horrexegatik egin zuen gora greben kopuruak hurrengo urteetan.

Entradas relacionadas: