Bizkaiko Industria Oligarkiaren Garapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,73 KB
Sektore honen finkatze eta garapenean erabakigarria izan zen gobernuak emandako babesa. Izan ere, Bizkaiaren industrializazio berantiarraren eraginez enpresei Europako merkatuan lehiatzea ezinezkoa egin zitzaien eta beraz, merkatu espainiarra bakarrik geratzen zitzaion aukeran. Merkatu hau Europako konkurrentziatik babestu beharra zeukaten beraz, eta horregatik, Bizkaiko industria oligarkiaren helburu politiko nagusia barne merkatuaren kontrola bermatuko zion legeria protekzionista lortzea izan zen.
1891n Cánovasen gobernuak ezarritako arantzel protekzionista ondo onartua izan bazen ere, Bizkaiko industria gizonen kezka nagusia gobernuak merkataritza hitzarmenen bidez muga-zergak beheratzeko erabakia hartzea zen. Kezka errealitate bihurtu zen 1893an Sagastaren gobernuak Alemania eta Italiarekin merkataritza hitzarmenak sinatu zituenean.
Gobernuaren erabaki honek protesta-mugimendu handiak eragin zituen eta honen isla da aztergai dugun Federico Echevarriaren hitzaldia. Mitin-protesta hau protekzionismoaren aldeko borrokan mugarria izan zen eta hortik aurrera Bizkaiko burgesiak gogor ekin zion bere bi helburuak lortzeari: merkataritza hitzarmenak ezabatzea eta burdinbideetako tarifa bereziak (1855eko Burdinbideen Lege Orokorrean ezarri zirenak) kentzea. Helburuak lortzeko asmoz enpresaburuak antolatu eta Liga Vasca de Productores delako erakundea sortu zuten. Ligak egindako presioaren ondorioz, enpresaburuek beren aldarrikapenak errealitate bihurtzea lortu zuten 1896an Cánovasek ezarritako muga zerga berriari eta burdinbideen eraikuntzarekin lotutako tarifa bereziak ezabatzeari esker.
Konkurrentzia saihesteko hurrengo urratsa enpresa kontzentrazioa izan zen eta horretarako Altos Hornos de Vizcaya sortu zen 1902an. Enpresa kontzentrazio honek Bizkaiko burgesia monopolistaren finkapena eragin zuen, meatzaritza, siderurgia eta ontzigintzarekin erlazionaturik zegoena. Oligarkia honek inbertsio handiak egin zituen Espainiako enpresetan eta espainiar kapitalismoarekin loturik geratu zen. Beraien interesak defendatzeko asmoz, Errestaurazio garaian Madrilgo aginpidearen baitan sartu ziren.
1893ko mitin-protesta hau protekzionismoaren aldeko borrokan mugarri izan zen. Hitzaldi batzuek, aztertu dugunak kasu, ondo definitu zituzten mugimendu haren ezaugarri ideologiko batzuk, eragin handia izango zutenak Bizkaiko burgesiak gerora izango zituen iritzietan: Bizkaiko burgesiak bere burua Espainiako protekzionismoaren aldeko borrokan gidari ikusi zuen eta beraz, Espainia osoa ordezkatzen zuelako utea nagusitu zen.
Protekzionismoaren aldeko borrokak bere helburuak lortuko ditu testuinguruan aipatu den bezala eta honek, enpresen kontzentraziorako joerarekin batera, Bizkaiko oligarkiaren eratze prozesuan ere garrantzia izan zuen.