Biziaren eta Gizakiaren Eboluzioa: Jatorria eta Ezaugarriak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Ciencias sociales
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,42 KB
Biziaren Jatorria eta Eboluzioa
Biziaren Kontzeptua François Jacoben Arabera
François Jacob frantziar biologoaren arabera, bizia honela uler daiteke: elkarrekin komunikatzen eta antolatzen diren unitate batzuen etengabeko prozesua, goi-mailako beste unitate bat osatzeko. Esaterako, zer da zelula bat? Elkarrekin komunikatzen diren unitate batzuen elkartze antolatua da, eta elkartze hori beste batzuekin lotzen da goi-mailako beste unitate bat osatzeko. Horietako unitate bakoitzari integroia deritzo.
Materia Bizigabetik Bizidunera
Materia bizigabetik bizidunera igarotzea prozesu bat da, eta prozesu horretan materia geldoa antolatu zen.
Hautespen Naturalaren Eragina
Bizia jaio zen une hartatik aurrera, hautespen naturalak sortu zituen espezie guztiak, gizakia barne.
Gizakiaren Eboluzioa eta Hominizazioa
Gizakiek eta txinpantzeek duten DNAren informazioaren %95,5 berdina da. Horrek argi erakusten du gizakiok eta beste primate antropomorfoek arbaso komunak ditugula.
Hominizazioa eta Humanizazioa: Bi Prozesu Nagusi
Hominizazioa: Aldaketa Biologikoak
Gizakien eta primate antropomorfoen arteko desberdintasun biologikoak eragin zituen prozesua da. Eraldaketa hauek ekarri zituen:
- Bipedoak izatea (zutik ibiltzea)
- Aurpegiaren eta hortzen aldaketa
- Burmuinaren handitzea
Humanizazioa: Komunikazioa eta Gizartea
Komunikatzeko (hizkuntza eta kultura) eta elkartzeko (gizartea) era berriak garatzen hasteko prozesua da.
Hominidoen Bilakaera Kronologikoa
Gizakiok eta primateek partekatzen dituzten azken arbasoetatik (orain dela zazpi milioi urtekoak) aldaketa batzuk gertatu ziren, eta bien enbor genealogikoa bereizi zen.
Australopithecus (Duela 2,5 milioi urte)
Lerro horren hasiera Australopithecus da, argi eta garbi. Duela 2,5 milioi urtekoa da, Etiopian aurkitua. Hanka bitan ibiltzen zen. Aztarnategietan apurtutako animalia-hezurrak aurkitu dira, baina ez edonola apurtuta, baizik eta asmo jakin batzuekin.
Homo Ergaster (1,7 eta 1 milioi urte bitartekoa)
Homo ergaster-ekin garezurraren edukiera handitzen da berriro. Altuera eta pisuaren handitzea ere antzematen da. Baliteke hizkuntza motaren bat erabili zuen lehen hominidoa izatea.
Homo Erectus (Milioi bat eta ehun mila urte bitartekoa)
Homo erectus-ek tresna konplexuagoak eta sua erabili izanaren lehen arrastoak utzi zituen. Homo erectus izan zen Afrikatik atera eta Europara eta Asiara hedatu zen lehen espeziea.
Homo Antecessor (Duela milioi bat eta bostehun mila urtekoa)
Homo antecessor-en aztarnak aurkitu dira, gure arbaso zaharrenetako bat izanik.
Teknologia berezia, lotura soziala, mundu sinbolikoa, hizkuntza eta beste ezaugarri batzuk Homo neanderthalensis eta Homo sapiens espezieekin garatu ziren.
Eboluzioaren Etengabeko Prozesua
Eboluzio Aurrebiologikoa eta Biologikoa
Eboluzio-prozesua bi garai handitan banatu izan da:
- Eboluzio aurrebiologikoa: materia bizigabea materia organiko bihurtu zen garaia.
- Eboluzio biologikoa: zelula bakunean hasi eta denboraren poderioz lurra populatzen duten izaki bizidun guztietan eraldatu zena.
Jarraitzen al du oraindik prozesu horrek? Zientzialari guztiek erantzun bera ematen dute: bai. Eboluzio biologikoak espezie guztiak aldatzen jarraitzen du, eta ez da gizakiaren agerpenarekin gelditu, zenbait filosofok uste zuten bezala.
Gizakiaren Eragina Eboluzioan
Hautespen naturalaz edo bizitzaren aldeko borrokaz ezin da orain hitz egin aurreko garaietan bezala. Kultura-eboluzioan helburuak eta metodoak desberdinak dira; aurrerapen teknologikoek, garapen ekonomikoek, botereak... sarritan aldatu dituzte eboluzio biologikoaren legeak.
Gizakiak bere asmakizunekin eboluzio biologikoaren bilakaera aldatu eta oreka hautsi du, eta ondorioak sumaezinak izan daitezke. Adibidez, medikuntza-mailan, jaiotzaren uneko heriotzak murriztu egin dira, transplanteak, protesiak eta bestelako aurrerapenak egin daitezke, eta horrela, hautespen naturalak desagerraraziko lituzkeen norbanakoen bizitzak iraunarazten dira.
Gizakiaren Ezaugarri Fisiologikoak
Gizakiaren eboluzioak hainbat ezaugarri fisiologiko berezi garatu ditu:
Zutik Ibiltzeko Joera (Bipedalismoa)
Gizakiak zutik ibiltzeko gaitasuna lortu zuenean, zenbait aldaketa gertatu ziren giza anatomian: zangoak luzatu zitzaizkion gizakiari, eta oinek gauzak harrapatzeko gaitasuna galdu zuten. Aitzitik, finkatzeko gaitasuna eskuratu zuen.
Pelbisa
Gizakiaren pelbisa laburra eta zabala da; pongidoena, ordea, luzea eta estua da. Horregatik, pongidoek ez dute denbora luzean zutik irauteko eta, aldi berean, ibiltzeko gaitasunik.
Bizkarrezurra
Pongidoetan bizkarrezurrak burmuinarekin bat egiten du atzealdean; horregatik, pongidoek burua aurrerantz dute. Giza espeziean, ordea, bizkarrezurra burmuinari lotzen zaio haren erdian. Lotura horrek giza burmuinaren garapena ahalbidetzen du.
Esku Askeak
Zutik ibiltzeko gaitasunari esker, eskuak libre geratzen dira, eta horrek gauzak erabiltzeko trebetasun handia lortzea ahalbidetzen die.