Bitoriano Gandiaga: Olerkari eta Fraide Frantziskotarraren Biografia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,95 KB
Bizitza eta Heziketa
Bitoriano Gandiaga Mendaron, Bizkaian, jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. Hamahiru urte zituela, Arantzazura joan zen fraidetzarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen Humanitateak, eta Zarautzen egin zuen nobizio-urtea. Urtebete geroago, Erriberrin egin zituen Filosofiako ikasketak. Hauek bukatzean, Arantzazura joan zen Teologiakoak egitera. Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, apaiz eta idazle-lanetan. Seminarioko irakasle izan zen, mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste.
Ikasle zela literatura deskubritu eta harekiko zaletasuna sortu zitzaion. Ikasten ibilitako denboraldian euskara ahaztu zuen, irakaskuntza erdaraz hutsez izan baitzen, eta bere amak berreskuratzen lagundu zion. Horregatik, berari zor zion euskaraz mintzatzea eta idaztea.
Lehenengo Argitalpenak eta Olerkigintza
1950ean argitaratu zuen lehenengo olerkia, Erriberriko ikasleen Gure Izarra barne-aldizkarian. Ondorengo urteetan olerkiak idazten jarraitu zuen, eta 1951tik aurrera aldizkaritan hasi zen argitaratzen: Aránzazu eta Eusko-Gogoa aldizkarietan, adibidez. Gandiagak olerki ugari kaleratu zituen, 180 inguru. Horiez gain, sei liburu argitaratu zituen bere bizitzan zehar:
- Elorri
- Hiru gizon bakarka
- Uda batez Madrilen
- Gabon dut anuntzio
- Denbora galdu alde
- Ahotsik behartu gabe
Euskal abeslariek Gandiagaren poema ugari musikatu eta kaleratu dituzte (100 inguru). Hainbat sari eta aipamen lortu zituen olerki-lehiaketetan: Donostia (1951), Zarautz (1954), Arantzazu (1956), Euskaltzaindia (1959).
Estilo Literarioa
Literaturaren alorrean, olerkiak batez ere, eta prosa idatzi zituen. Denboraren iraganean idazle gisa hasi zen, eta bere garaiko olerkari onenen artean kokatu zen. Idazkera estilo aparta garatu eta minetik idatzitako poesia pertsonala eta berezia eraiki zuen. Garaikide zuen Gabriel Arestiren eragina ere nabari da olerki sozialetan, baita existentzialismoaren arrastoa ere.
Mundua lehen pertsonan bereganatzen du. Ez da errealitatea jasotze hutsarekin konformatzen. Arazoak sorrarazten dioten larri-mina nabari zaio, baina haren krisiak kristau-fedean aurkitzen du sendabidea.
Azken Lanak eta Heriotza
2001eko urtarrilaren 21ean hil zen Arantzazun, Gipuzkoan. Hiltzean, literatur idatzi ugari utzi zituen argitaratu gabe, bere bizitzan argitaratutakoak baino askoz gehiago, horietako gehienak landuak edo guztiz burutuak; hainbat, zirriborro moduan.
Argitaratu gabeko hainbat olerki eta testu bildu eta sailkatuz, aparteko bildumak argitaratu zituzten euskal idazlea hil ondoren:
- Adio
- Argitaratu gabeko poemak (lau tomo monografiko): Euskalminez, Biziminez, Jainkominez, Izadiminez