Bitoriano Gandiaga: Arantzazuko Poeta eta Frantziskotarra

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,76 KB

Bitoriano Gandiaga: Bizitza eta ibilbidea

Bitoriano Gandiaga Mendatan jaio zen 1928an eta 12 urterekin frantziskotar sartu zen. Foruan, Zarautzen, Oliten eta Arantzazun ikasketak egiten jardun ondoren, ia 26 urte zituela apaiztu zen eta Arantzazun bertan geratu zen. Hantxe eman zuen bizitza osoa apaiz-lanetan eta maisu-lanetan.

Barne-bizitza sakoneko poeta

1950eko hamarkadan Arantzazu, Egan, Euzko-Gogoa eta Olerti aldizkarietan poemak argitaratzen hasi zen. Apaiztu zen urtean bertan, Zarautzen egin zen olerki-lehiaketa batean lehen saria irabazi zuen Begion lore poemarekin. 1956an, Arantzazun egin zen beste lehiaketa batean, Elorriko lorak poemarekin, ostera ere lehen saria irabazi zuen. Aspalditik lantzen ari zen zerbait zen hau eta geroago, 1962an, argitara eman zuen Elorri poema-liburuaren aurrekari bat izan zen.

'Elorri': Bizitzaren metafora eta fedea

Elorria, arantza zorrotzak eta lore zuriak izaten dituen zuhaixka, bizitzaren metafora gisa hartzen du Gandiagak, bizitzak ere nahigabe mingarrien artean tarteka pozaldiak izaten dituelako. Bizitza eramangarri egiteko euskarria Gandiagarentzat fedea da, eta Elorri poeman gogoeta horiek poema bihurtzen ditu; lirismoz betetako poema erlijiosoa da, Arantzazuko naturan girotua.

Eboluzioa eta kezka sozialak

Lan hau argitara eman zen garaian euskal literaturaren joera beste bat zen: giro politikoari erantzun nahian, arazo sozialei begira zebiltzan idazle gazteak. Gandiaga ere kezkatzen zuten arazo horiek, eta eboluzio bat eragiten ari ziren poetarengan. Bestalde, Arantzazu estetika berriaren tenplu bihurtu zen urte haietan; basilika berria egiten ari ziren artista guztiak han dabiltza.

Estetika berria eta 'Hiru gizon bakarka'

Gandiaga ez da, ordea, moda literarioen arabera jokatuko duen axaleko poeta, bere barruan gaiak luzaroan egosten aritzen dena baizik. Horregatik, beste dozena bat urte igaroko dira bigarren poema-liburua argitaratu arte. Idatzi, idazten zuen Bitorianok, baina askotan paper-saskira botatzen zituen gogobetetzen ez zuten lantxoak. Euskal Herriaren egoerak kezkatzen zuen, eta zerbait egin beharra sentitzen zuen. Kezka horien isla da Hiru gizon bakarka (1974) poema-liburua.

Hiri handiaren aurreko gogoeta

Hurrengo obra Uda batez Madrilen izan zen. Honetan, hiri handiak, zalapartaka bizi den gizarteak, jendetzaren barnean pertsonak duen anonimotasunak, publizitateak eta eraikin erraldoiek gizakia deuseztatzen duten indarren aurrean gogoeta egiten du. Kontraste galanta da bere bizitza osoa Arantzazun eman duen fraide sentikorrarentzat.

Krisi psikologikoa eta 'Denbora galdu alde'

Laugarren poema-liburua 1985ean argitaratu zuen Denbora galdu alde izenburuarekin. Arazo pertsonalen inguruan egindako lana da. Krisi psikologikoa nola nozitzen duen eta zertan datzan agertzen du. Perfekzionistegia izatearen ondorioa du malenkonia. Sendagileak, beti lanean jardun beharrean, denbora galtzen ikasi behar duela esaten dio. Hala ere, idatzi egiten du; hori bai, obligazio gisa hartu gabe eta genero jakin bat errespetatu gabe, prosa, poesia eta bertsoa nahasiz.

Gabon-kantak eta Gandiagaren ondarea

Hurrengo lana Gabon dut anuntzio (1986) izan zen. Urtetan zehar egindako gabon-kantak dira. Beti bezala, gaiari hainbat ñabardura aurkitzeko gai da Gandiaga. Ikuspegi askotatik agertzen du:

  • Haurtzaroko oroitzapenak.
  • Gertakizun erlijiosoaren mezuak.
  • Pobreekiko kezka.
  • Kontsumismoarekiko higuina.

2001ean hil zen Bitoriano Gandiaga, euskal poesiaren erreferente nagusietako bat utzita.

Entradas relacionadas: