Biogeografia: Bizidunen Banaketa eta Ingurunearekiko Harremana

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,82 KB

Biogeografia

Bizidunen banaketa geografikoa aztertzen duen zientzia interdisziplinarra da, geografia, biologia, geologia, besteak beste, uztartuz. Organismoen eta bizi diren tokiaren arteko erlazioa aztertzen du, hau da, espezie bakoitzaren banaketa-eremua mugatzen duten ingurumen-faktoreak interpretatzen ahalegintzen da.

Horretarako, bizidun komunitateen banaketa eta dinamika ikertzen ditu, eta lurralde geografiko jakin bateko bizidunen inbentarioa egiten du, modu deskribatzailean. Historian zehar, organismoen eta paisaien jatorriari eta eboluzioari buruz bildutako datuen bitartez, gaur egungo organismo eta paisaien banaketa azaltzen eta esperimentalki aztertzen ditu. Ikerketa-helburuaz gain, datu hauek hainbat helburu izan ditzakete, hala nola ekonomian eragina izan dezaketen banaketak aztertzea (adibidez, organismo bizkarroiak edo gaixotasun sortzaileak, etxe-abereak, izurriteen kontrol biologikoak, etab.).

Adaptazioak eta Moldaerak

Organismo bakoitza bere inguruneko ezaugarrietara egokitzen da, eta horri esker lortzen du ingurune horretan bizitzea eta ugaltzea. Izan ere, ingurune bakoitzeko organismoek hautespen naturalaren ondorio diren adaptazio morfologiko eta fisiologiko jakin batzuk dituzte. Horretarako, belaunaldiz belaunaldi transmititutako moldaera genetikoak izan dituzte. Horregatik, ingurunearen aldaketek eragin zuzena dute organismoen adaptazioan edo moldaeran, eta, aldi berean, eragin nabarmena dute biogeografian eta biodibertsitatean. Oro har, adaptazioa prozesu geldoa da, eta ehunka belaunaldi behar izaten dira gauzatzeko; baina muturreko klimetan edo gizakiak eragindako bat-bateko aldaketetan, presio selektiboa asko handitu eta azkar gerta daiteke. Adibidez, alboko argazkietan agertzen diren hegaztien mokoak hegazti bakoitzaren elikadura motara moldatu dira.

Tolerantzia-mugak eta Aldaketak

Bizidun guztiek ez dute portaera bera izaten ingurumen-faktore bakoitzaren aurrean. Espezie batzuek tolerantzia handia izan dezakete eragile baten aurrean, eta beste batzuek, berriz, oso txikia. Zona ezin hobea deitzen zaio organismo batentzat bizitzeko baldintzarik egokienak dituen eremuari. Bertan, organismoa azkarrago haziko da eta gehiago ugalduko da. Zenbat eta gehiago hurbildu mugetarantz, orduan eta zailagoa izango zaio baldintza horietan bizitzea. Beheko eta goiko tolerantzia-mugak gaindituz gero, organismoak ezingo du bizi, eta hil egingo da, edota migratu egin beharko du baldintza egokiak dituen zonalde batera.

Txoko Ekologikoa, Habitata eta Ekotonoa

Txoko ekologiko esaten zaio espezie batek ekosistemaren barruan gainerako espezieekiko edo populazioekiko betetzen duen leku funtzionalari, alegia, funtzioari. Finean, organismoari eragiten dioten faktore biotikoekin, abiotikoekin eta antropikoekin (gizakiaren jarduerarekin erlazionatua) zerikusia izango du. Honela, txokoan inguruan dauden baliabide guztien eraginak, organismoaren moldaerak eta bi horiek nola dauden erlazionatuta (moldapen-maila, kontsumo-efizientzia, etab.) adieraziko digu. Txoko ekologiko bat espezie batek soilik bete dezake. Espezie bat baino gehiago daudenean, horien arteko lehia sortuko da, eta batek bestea zokoratuko du. Dena den, habitat berean txoko ekologiko asko daudenez, espezie arteko lehia murriztu egiten da. Beraz, habitata leku fisiko edo geografikoa da, eta espezie baten txoko ekologikoa espezie horren ezaugarri bereizgarrien multzoa (moldaerak, bizi daitekeen eremua, beharrizanak, ingurumen-faktoreekiko tolerantzia, etab.). Bestalde, bi komunitate ekologikoren arteko mugetan sortzen diren trantsizio-eremuak espezie aberastasun handikoak izaten dira (normalean luzeak eta estuak izaten dira). Eremu horiei ekotonoa deritze; adibidez, basoen eta larren arteko mugak, edo ur geza eta gazia elkartzen diren padurak.

Entradas relacionadas: