Bioenergetika: Energia Motak eta Ariketa Fisikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Deporte y Educación Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,89 KB
ATP eta PC: Energia Iturri Nagusiak
ATPa, adenosina trifosfatoa, hiru fosfato taldez osatutako molekula da. Zelulek lan bat egiteko, ATP molekularen fosfatoetako bat banandu eta energia askatzen da. Adibidez, muskuluan, energia horrek ehun muskularraren laburketa eragiten du.
Bioenergetika izaki bizidunen energia-transformazioak aztertzen dituen zientzia da. Sei energia mota daude: kimikoa, mekanikoa, argiarena, termikoa, elektrikoa eta nuklearra. Ariketa fisikoaren bioenergetikan, energia kimikoa eta mekanikoa dira garrantzitsuenak, energia kimikoa mekaniko bihurtzen baita mugimendu moduan. Aktibitate fisikoak energia eskakizun handia dakar.
Gure zelulek, ATPaz gain, energia biltzen duen beste fosfato molekula bat dute, PC edo kreatina fosfatoa. PCa ez da zuzenean erabiltzen, baizik eta ATPa birsortzeko balio du, etengabeko hornidura mantenduz. ATPa agortu ez dadin, PCa gutxitzen da, eta lortutako energiarekin ATP gehiago sortzen da. Prozesu hau azkarra da eta ez du oxigenorik behar.
Iraupen Laburreko Probak: Sistema Anaerobiko Alaktikoa
Iraupen laburreko probak, 6 segundo baino gutxiagokoak eta intentsitate handikoak (jauziak, jaurtiketak, abiadura probak...), berehalako energia behar dute. Energia hori ATP eta PC energia altuko fosfatoen bidez hornitzen da, ariketa fisikoa egin bitartean aktibatu diren muskuluetan bilduta daudenak. Prozesu honi anaerobiko alaktiko deritzo, oxigenorik behar ez duten erreakzioak direlako eta ez dutelako azido laktikorik sortzen.
Energia Epe Laburrean: Sistema Anaerobiko Laktikoa
Energia mota hau beharrezkoa da, adibidez, atletismoko 400 metroko probetan, igeriketako 100 metrokoetan eta taldekako kiroletako egoera batzuetan. Ariketa fisiko gogorra epe labur batez baino luzeago egin ahal izateko, energia altuko fosfatoak etengabe birsintetizatu behar dira. Kasu honetan, energia glukosatik eta glukogenotik lortzen da batez ere, glukolisiaren bidez azido laktikoa eta ATPa sortuz. Horrela, ATPa azkar sortzen da. Prozesu honi anaerobiko laktiko deritzo, oxigenorik behar ez duten erreakzioak izan arren, azido laktikoa sortzen delako.
Energia Epe Luzera: Sistema Aerobikoa
Erreakzio aerobikoak, oxigenoa behar dutenak, energia-transferentziaren azken urratsari dagozkio, batez ere ariketa fisikoa 2 edo 3 minutuz luzatzen bada. Zenbat eta oxigeno gehiago heldu muskulura, orduan eta energia gehiago eta errendimendu handiagoa lortuko du muskuluak. Energia sortzeko sistema honetan glukosa, gantzak eta proteinak (azken hauek ahalegin oso luzeetan) erabil daitezke. Hala ere, denbora jakin batean sortutako energia kopurua handiagoa izango da glukosarekin gantzekin baino. Horregatik, ariketaren intentsitatea igo ahala, muskuluak gero eta glukogeno gehiago eta gantz gutxiago erabiltzen du.