Bilintx: Bertsoak, Maitasuna eta Satiraren Maisua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,44 KB
Bilintx: Obra eta Estiloa
Bertsolarien sailean ere badu bere lekua: Domingo kanpaña bat-bateko jardunaren eredua da, adibidez, eta Juana Bixenta Olabe izeneko bertso-saila, bertsopaperetan sortu den ederrenetakoa.
Maitasuna Bilintxen Bertsoetan
Maitasuna du gai nagusia. Hainbat poeta oso gogoko zituen: Campoamor, Trueba eta Aguilera; hortaz, haien eragina jaso zuela pentsa liteke. Jainkoaren, heriotzaren eta naturaren (izadiaren) aipamenak maitasunaren zerbitzutan egiten ditu, hau da, maitasuna hobeto adierazteko asmoz. Gainera, askotan ideializatu egiten du maitasuna, baina idealizatze horrek errealitatea du oztopo, maitea bere samintasunaren iturri bihurtzen baita. Hamabost bertso sailetik gora dira gai honetakoak: Jai-jai (youtube bideoa), Juana Bixenta Olabe, Loriak udan (bideoa), Triste bizi naiz eta, Kontxesirentzat, Pozez eta bildurrak... ezagunen artean. Bertsolarien artean aho batez aitortzen da Bilintx dela onena maitasun-gaiak lantzen.
Satirazko Bertsoen Zorroztasuna
Satirazko bertsoen zorroztasuna, umorea eta gupidarik eza ere nabarmena da: Zaldi baten bizitza, Potajiarena, Iru erregeak, Domingo kanpaña, Pobriaren suertia... Bertsolariak berezko duen grazia ederki erakusten du Bilintxek bertso hauetan.
Iritzi Kritikoa eta Olerkigintza
Iritzi kritikoari dagokionez, Bilintx olerkaria dugula esan beharrean gaude. Ordu luzeetako lana ageri da haren olerkietan: hiztegia, esaera, konparazio, kontraste eta metaforen hautaketa arretatsua adierazpen aberatsagoen bila. Bertsolari guztiek aitortzen dute neurriaren zehaztasunean, errimaren aberastasunean, erritmoaren musikaltasunean eta bertsoen trinkotasunean Bilintxekin duten zorra.
Horrez gainera, Etxahunekin gertatzen den bezala, badu olerkari handi honen bizitzak halako xarma berezi bat. Bilintxen olerkiek asmakizunetik gutxi dute; izan ere, erraz aurki daitezke olerkariaren benetako nahigabe, tristura, itxaropen eta pozak.
Donostiarraren bertsoetan ugari dira konparaketak eta irudierak agiteko erabiltzen diren partikulak: itxura, dirudi, konparatzeko balio duen, itxurak harturik, bezin (=bezain), añian (adina), bezala, halakorik, hala nola, etab.
Emakumeraren edo damaren irudiak konnotazio atseginekoak dira: aingerua, izarra, txingarra, perla, eguzki, lorea, arnasa, arrosa, txoria, baratzea etab.
Bertsolarien klixeak edo formulak ondo ezagutzen ditu. Esaera zaharrez, ateraldiz, arrazoiz eta kontrastez burutzen ditu bertsorik gehienak. Bistakoa da ederki ezagutzen zuela nolakoa zen bertsolarien jarduna. Teknikari dagokionez, bertsolarien ohiko legeetan ibiltzen da: molde txikian eta nagusian, zortzikoetan eta hamarrekoetan. Bilintxen bertsoa zehatza da erritmo kontuan, literatura idatziaren eraginez edo: silaba ondo neurtuak eta etenak ere bere lekuan.
Hizkuntza
Hizkuntzari erreparatzen badiogu, adituek kaskartzat jotzen dute Bilintxen euskara: Donostiako, hiriko euskara, bere interferentzia guztiekin. Hala ere, ez dago dudarik Bilintxek lan handia egin zuela euskara aberasten, hizkuntza poetiko zehatz, atsegin eta iradokor baten bila, ondorengoentzat eredu eta harrobi bihurtzeraino.