Bilerak eta Jendaurrean Hitz Egitea: Gida Praktikoa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,69 KB

Bilera Motak eta Bilera Eraginkorrak

Hainbat bilera mota daude, eta bakoitzak helburu desberdinak ditu:

  • Bilera informatiboak: Helburua informazioa transmititzea da. Ez da beharrezkoa erabakiak hartzea. Laguntza-dokumentuak edo ikus-entzunezko tresnak oso erabilgarriak izaten dira.
  • Bilera formatiboak: Helburua taldekideen prestakuntza da. Gidariak giroa ongi prestatu behar du, egindako ekarpenak kontuan hartu, eta egindako lanaren talde-ebaluazioa erraztu.
  • Erabakiak hartzeko bilerak: Helburua egoera edo gai bati buruz erabakiren bat hartzea da. Moderatzailearen lana oso garrantzitsua da, ikuspuntu guztiak kontuan izan behar dituelako. Era berean, sortzen diren tentsioak eta arazoak ongi bideratzen jakin behar du gidariak.
  • Sormenezko bilerak: Helburua egoera bati erantzuna emateko ahalik eta ideia gehien sortzea da. Brainstorming-a da honelako bileretan erabiltzen den tekniketako bat. Kontua da ahalik eta ideia gehien sortzea.

Bilerak Gidatzea: Koordinatzailearen Funtzioak

Bilerak eraginkorrak izan daitezen, animatzaile, koordinatzaile edo moderatzaile lana hartzen duen norbaitek gidatzea komeni da. Hezkuntza, gizarte-hezkuntza edo gizarte-zerbitzuen esparruetan, askotan, ardura edo karguren bat dutenek bilerak zuzentzen dituzte. Bilera ongi prestatu eta zuzendu behar da.

Bilera-koordinatzailearen funtzioak hauek dira:

  • Funtzio ekoizlea: Funtzioak edukiarekin du lotura, eta lanerako plan bat ezartzean datza: helburuak ezarri, metodologia eta jarraitu beharreko prozedurak zehaztu. Koordinatzaileak gai-zerrenda aurkeztu behar du eta bileraren helburu zehatzak gogorarazi. Bilerako parte-hartzeak moderatu behar ditu, gaia errespetaraziz. Azkenik, jasotako ekarpenak eta lortutako ondorioak eta helburuak laburtu behar ditu.
  • Funtzio errazlea: Edukiekin eta taldekideen parte-hartzearekin du lotura; denei ematen zaie hitz egiteko aukera.
  • Funtzio erregulatzailea: Taldearekin du lotura. Taldeetan sortzen diren gatazkak konpontzeari dagokio. Koordinatzaile-lana egiten duen pertsona taldearen kontzientzia bilakatzen da, beronen ekintzen azpian dauden sentimendu eta emozioak interpretatuz, askotan inkontzientean egoten baitira.

Jendaurrean Hitz Egiteko Beldurra eta Hori Gainditzeko Teknikak

Jendaurrean hitz egiten jakitea edozein lanetarako edo, maila pertsonalean, eguneroko bizitzarako behar-beharrezkoa da. Hezitzailearen jardun profesionalean, askotan gertatzen da jendaurrean informazioa, orientabideak, entretenimendua eta abar aurkeztu behar izatea. Gaitasun hori behar du, beraz, aurreikusitako komunikazio-helburuak betetzeko: motibatzea, parte-hartzea sustatzea, gizarte-heziketa, animazio eta esku-hartze profesionaletan diziplina anitzeko taldeen aurrean hitz egin beharra egokituko zaio.

Zein da jendaurrean hitz egiteko benetako arazoa? Beldur eszenikoa sortzen du, denen arretagune bihurtzen garelako. Horregatik, beldur hori galtzea teknika honen hobekuntzarako giltzarria da. Honenbestez, diskurtso bat prestatzeko jarraibide eta aholku batzuk emango ditugu. Jendaurrean hitz egitea menderatu daitekeen trebetasuna da, baina ikaskuntza guztiak bezala, praktikak behar du.

Azalpenen Helburuak

  • Informatzea: Ezagupenak edo gai bati buruzko ulermena handitzeko informazioa edo ideiak ematean datza.
  • Bultzatzea edo konbentzitzea: Jendearen ekintzetan eragiten saiatzea da helburua.
  • Entretenitzea: Talde bat entretenitzean edo gizarte-erritual bat zuzentzean datza.

Helburu horiek batera jorra daitezke; ez da zertan batek bestea baztertu. Gerta daiteke, bestalde, helburu bat lortu nahi izatea eta beste bat lortzea.

Aurkezpenaren Prestakuntza

Azalpen on bat egiteko, garrantzitsua da gaia menderatzen dela erakustea, edo, behintzat, menderatzen delako itxura egitea. Horretarako, ezinbestekoa da gaiaren prestakuntza sakona. Prestakuntzak mezuaren edukia zein forma hartzen ditu barne. Gidoi bezala erabiltzen den orriarekin trebatu egin behar da, aldez aurretik lagunekin entsegua eginez, adibidez.

Lehenik, ahozko mezua osatu behar da. Ez ahaztu sarrera eta bukaera garrantzitsuak direla:

  • Sarrera: Gaia aurkezten da. Entzuleen interesa sortu, eta zertaz hitz egingo den, zergatik, nola, zein atal izango dituen azalpenak, eta abar adierazten dira.
  • Garapena: Ideia guztiak aurkezten dira, astiro eta argi. Euskarri lagungarriak erabil litezke.
  • Bukaera: Ideia garrantzitsuenak laburtu eta azken ondorioak aurkezten dira.

Entradas relacionadas: