Bilboko Zazpikaleetako 2022ko Biztanleria-Piramidea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,76 KB
Aztertuko dugun biztanleria-piramidea 2022ko Zazpikalekoa (Bilbo) da. Piramidea hiru taldetan banatuta dago: 0-14 urtekoak, 15-64 urtekoak eta 65 urtetik gorakoak. Urte honetako informazioa sexuaren, adinaren, piramide motaren eta gaztetasun zein zahartze indizeen arabera aztertuko dugu.
Sexuaren araberako banaketa
Lehen esan dugun bezala, biztanleria hiru bloketan banatuta dago. 0-14 urte bitarteko 770 haur daude guztira: 404 mutil eta 366 neska. Jaiotzetan mutil gehiago egotea arrazoi biologikoen ondorio da soilik, ez dago arrazoi politiko edo ekonomikorik horren atzean.
15-64 urte bitartean 5.099 pertsona daude guztira. Talde horretan 2.570 emakume eta 2.529 gizon daude. Pixkanaka, pertsona kopurua berdinduz joan da, gizon atzerritarrek beren familiak (emaztea, ama...) beste herrialde batzuetatik ekarri dituztelako.
65 urtetik gorako 1.235 pertsona daude. Hemen alde handia dago gizonen eta emakumeen artean: 765 emakume eta 470 gizon. Emakumeen bizi-itxaropena altuagoa da (87 urte) eta gizonena baxuagoa (82 urte). Gizonek lan arriskutsuagoak izaten jarraitzen dute eta haien ohiturak okerragoak izan ohi dira (erretzea, edatea...); ondorioz, gizon gehiago hiltzen dira auto-istripuetan edo bestelako kausengatik.
Adinaren araberako azterketa
Adinaren arabera, 15-64 urteko tartea da handiena (5.099 pertsona), adin-tarte zabalagoa hartzen duelako. 0-14 urteko tartean 770 haur daude, eta adinekoen taldearekin (1.235) alderatuz gero, talde txikiagoa dela ikus daiteke. Ume gutxiago jaiotzen dira aurreko hamarkadekin alderatuta. Gaur egun, emakumearen eginkizuna ez da etxean egotea soilik; lan-bizitza eta ikasteko eskubidea dute, eta horrek amatasuna atzeratzea dakar.
Gainera, egungo egoera ekonomikoak (lan prekarioak eta etxebizitza garestiak) gazteei umeak izatea zailtzen die. Erlijioaren paperak garrantzia galdu du eta metodo antisorgailuak zein abortuaren legea onartuta daude. Azkenik, adinekoen taldea handia da (1.235), bizi-itxaropena igo egin baita. Medikuntzaren aurrerapenei, txertoei eta higienearen hobekuntzari esker, izurriteak eta infekzioak saihesten dira, eta lan-baldintzak ez dira lehen bezain gogorrak.
Piramidearen forma eta indize demografikoak
Piramidearen forma hautestontzi baten antzekoa da. Horrek esan nahi du gero eta haur gutxiago jaiotzen direla (oinarri estua) eta bizi-itxaropena altuagoa denez, jendea urte gehiago bizi dela (goialde zabala). Aurreko urteetan jaiotza asko egon zirenez, piramidearen goiko aldea handiagoa da orain.
- Gaztetasun indizea: (Gazteen totala / Biztanleria osoa) x 100. Zazpikaleko indizea 10,83 % da.
- Zahartze indizea: (Zaharren totala / Biztanleria osoa) x 100. Emaitza 17,38 % da.
Ondorioak eta etorkizuneko erronkak
Biztanleriaren banaketak erakusten du faktore biologikoek, sozialek eta ekonomikoek eragin handia dutela. Haurren kopurua jaitsi egin da emakumearen papera aldatu delako; helduen artean sexu-banaketa orekatua dago immigrazioari esker; eta adinekoen artean emakume gehiago daude bizi-itxaropen handiagoa dutelako.
Zahartzeak arazo ekonomikoak dakarzkio gizarteari: botiken kostua (gobernuak ordaindu beharreko aldea), eguneko zentroen beharra eta pentsioen ordainketa. Aldi berean, jaiotza-tasa baxuak (1,2 ume emakumeko, 2,3 beharrezkoak direnean) belaunaldi-ordezkapena arriskuan jartzen du. Etorkizunean, lan egiteko adinean egongo den pertsona gutxiago egoteak pentsio-sistema jasangaitza bihur dezake.
Glosarioa: Kontzeptu demografikoak
- Zentsua (censo): Estatu bateko biztanle guztien ezaugarri demografiko, kultural, ekonomiko eta sozialak une jakin batean zenbatzea.
- Errolda (padrón): Udalerri bateko biztanleen zerrenda, urtero urtarrilaren 1ean eguneratua.
- Biztanleriaren berezko hazkundea (hazkunde naturala): Jaiotzen eta heriotzen arteko aldea, migrazioak kontuan hartu gabe.
- Biztanleriaren benetako hazkundea: Hazkunde naturalaren eta migrazio-saldoaren baturatik lortutako balioa.
- Bizi-itxaropena: Belaunaldi batek biziko duen batez besteko urte-kopuruaren zenbatespena.
- Migrazio-saldoa: Leku jakin bateko immigrazioaren eta emigrazioaren arteko balantzea.
- Biztanleria aktiboa: Ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko eskulana hornitzen duten pertsonen multzoa.
- Biztanleria ez-aktiboa: Ordaindutako lanik egiten ez dutenak (pentsiodunak, ikasleak, etxeko lanak egiten dituztenak), biztanleria aktiboarekiko menpekotasun ekonomikoa dutenak.