Bilboko Hiri Planoaren Iruzkina: Garapen Historikoa eta Egungo Erronkak
Bilboko Hiri Planoaren Iruzkina
Sarrera
Bilbo haran estu batean kokatzen da, erliebe altuen artean, eta luzetarako unitate banatuetan konpartimentatzen duten zenbait estugune ditu. Artxanda eta Arraiz mendien artean (3,4 km-ko zabalera duen gune batean), segidako zabalguneetan sortutako Bilbo finkatzen da.
Ikus daitekeen bezala, Bilboko hiriko planoa plano konplexua da, historia luzea daukaten hiriei dagokien bezala. Poblazioaren hasierako nukleoa, dirudienez, Nerbioiko ezkerreko ibaiertzean zegoen, Bilbao "La Vieja"-n. Baina hiri gisa aintzat hartu zenean, Bizkaiko Jaunak, Diego Lopez de Harok, dokumentua emanda, 1300eko ekainaren 15ean, fundazioa "Bilbo, Begoñako partean" egiten zela zehazten zen. Udal-mugartea Begoñatik Deustura zihoan, Zamudioko parte bat hartuta.
Bilboko kokapenaren ezaugarrietako bat, Nerbioi-Ibaizabal bokaleko ertz batean kokatzen dela da, itsas portuko izaera lortuz. Bere kokapenak, penintsulako eta Europako iparraldeko (Ingalaterra, Flandes, Iparraldeko Itsasoa) beste portu batzuen artean sortutako itsas trafikoarengatik, inguruneko beste portu batzuekin lehiatzera behartzen du. Horrela, bere fundaziotik, Bermeoko aurkari segurua izan zen, Bermeo garrantzia galtzen joatera behartuz. Bilbok, bere portuan, merkatari burgostarrek Flandesera bidalitako artile gaztelarraren trafikoa zentralizatu zuen.
Bilbo Zaharraren Garapena (XIV-XVI. mendeak)
Bilbo Zaharra lur-zatiketa uniforme eta hiru kaleetako (Somera, Artekale, Tenderia) marraketaz jaio zen, bakoitzak bere kantoiekin eta IE-an harresi partzialaz osatua, mendebaldean ibaia defentsa natural gisa baitzegoen. San Antoneko zubiak, hegoaldean, Bilbao la Viejarekin komunikatzen zuen. Gaur egungo Erriberako plaza kai-gunea zen, eta plaza natural modura zebilen espazio zabal bakarra. Iparraldean Santiagoko katedrala zegoen, Zamudioko portalarekin (Zamudiora zihoan bidera zuzentzeagatik) eta harresitik kanpo San Nikolaseko eliza. Ibaia hareatzetan sartzen zen, ibaiak Bilbo ia guztiz inguratzen zuelarik.
1442.ean harresidun zonaldea taxuera itxiko kale estuez betetzen zuten zazpi kaleak eraikita zeuden. XVI. mendean, Frantziara burdin eta Flandesera artile esportazioek aberastuta, Bilbo hiri aktibo eta oparoa zen. Bere populazioak hazkunde handia zeukan, Ipar norabidean lehenengo hedapena egitera behartuko zuena, San Nikolaserantz, Udaletxea bezalako eraikin berriak eraikiz, gaur egungo San Anton (plaza zaharra) ondoan kokatuko zena. Harresia dorretxez beteko zen.
Hedapena Harresietatik Kanpo (XVII-XVIII. mendeak)
XVII. mendetik aurrera, hiria harresien inguruan haziz joango da, errondak, Erribera eta Areatzako zabalguneak sortuz eta Ipar eta Mendebalderantz egitura erradiala konfiguratuz. XVIII. mendean zehar, Paseo Volantineko zonaldea egokitzen da eta Areatzako zuhaiztia landatzen da, zonalde hau biztanleentzako atseden-gune bezala egokituz. Mende honetan harresiaren azkenengo zatia bota zen, Plaza Zaharretik Barrenkale Barrenera zihoana, zonalde hau gaur egun ezagutzen dugun moduan utziz. Mendearen bukaeran, leku-gabeziari aurre egiteko, burgesia komertzialak plan ezberdinak bultzatu zituen.
Loredo Plana eta XIX. mendeko Hasierako Aldaketak
Horrela sortu zen Loredo Plana, orubeak hobeto aprobetxatzea eta etxebizitzen kalitatea hobetzea bilatzen zuena. Horretarako, hiru altuera lortu arte eraiki daitekeela erreglamentatzen da. XIX. mendearen hasiera arte eraikiko ez den Plaza Berria proiektatzen da, hala nola ur-hornikuntza hobetzeko lan ezberdinak egiten dira eta gremioak kaleka batzen dira. XIX. mendearen hasieran, leku-gabezia dela eta, Nerbioiko beste ertzean jartzen da begirada, eta inguruko elizateetan (Abando, Deusto), arazoak ekarriko dituena.
Zabalgunea eta Industrializazioaren Eragina (1876-1930)
Zabalgunea (1876-1930): Industrializazioak hiriaren hazkundeari eragin zion, hau handia eta azkarra izan zen, hainbat faktorek eraginda: burgesiaren garapena, burdinaren esportazioa... 1877an itsasadarra bideratzeko lanak hasi ziren, baita trenbideak egin ere. Zabalgune ezaguna Abando da. Plano erregularra da, egitura irekia, etxe-multzo irregularrak dituena. Etxegintzarako materialak onak dira, eta prezioak altuak. Lurraren erabilera hirugarren sektoreko jardueretarako da, eta CBD (Central Business District) Gran Via inguruan kokatua dago, egunez oso dinamikoa delarik.
Zabalgunearen beste aldean, industria-guneak eraiki ziren XIX. eta XX. mendeetan. Langile-auzo gehienak plano irregularrekoak ziren. Lurraren erabilera nahasia zen, eta garraioak eta zerbitzuak urriak. Lorategi-auzoak: ideia naturalista eta higienistei jarraituz, familia bakarreko etxebizitzak dituzten auzoak sortu ziren.
Hazkunde Demografikoa eta Hirigintza Frankismoan (1939-1975)
Gerra Zibilaren ostean, langileen premia handia zegoen, eta frankismoan zehar etengabeko immigrazioa eman zen. 1939-1959 bitartean, mugak zabaltzen hasi ziren. Hirigintza-prozesua deskontrolatuegia izan zen. 1960-1975 bitartean eman zen hazkunderik handiena. Auzo berriak zabaldu ziren, eta hiriarentzat garrantzitsuak ziren ekipamenduak hedatu. Immigrazioaren ondorioz, txabolismoa agertu zen, eta hau gelditzeko, sustapen ofizialeko etxebizitzak egin ziren. Kultura-arloan, 1970eko hamarkadan, Leioako unibertsitatea sortu zen.
Krisi Industriala eta Metropoliaren Berrindartzea (1975etik gaur egun arte)
Gaur egungo hiria: 1975-1989 bitartean, industria-krisiaren ondorioz, biztanleria eta industria galtzen hasi zen. Gainbeherarik larriena 1983ko uholdeek eragin zuten. 1990etik gaur egun arte, metropolia berriro indartzeko plan estrategikoak bultzatu dira. Aldaketa ikusgarrienak: metroa, Euskalduna Jauregia, Basurtuko autobus-geltokia... eta inguruetan: Loiuko aireportua, Txorierri... Beraz, espezializazio-alde ezberdinak aurki ditzakegu: ezkerraldean eta Basauri aldean, industria-guneak; eskuinean, kalitatezko egoitza-auzoak; Txorierrin, puntako teknologiako enpresak. Ildo honetatik ere, metroaren bigarren linea, erakusketa-azokaren lekualdatzea...