Bigarren Mundu Gerra: Amaiera eta Garaipenak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,13 KB

Japoniaren Esku-hartzea

XX. mendearen hasieratik, Japoniak hedapen inperialista politika sustatu zuen. Hogeita hamarreko hamarkadan, Txinaren zati bat konkistatu zuen, eta Alemaniarekin eta Italiarekin aliatuta, 1941ean frantsesek zein holandarrek Asian zituzten koloniak okupatu zituen. 1941eko abenduaren 7an, japoniar abiazioak eraso egin zion Pearl Harborri, Amerikako Estatu Batuek Ozeano Bareko erdialdean zuten base nagusiari, eta estatubatuar itsas armadaren zati handia suntsitu zuten. 1939tik, Amerikako Estatu Batuek aliatuen aldekoak zirela adierazi zuten, eta horiei armak, manufaktura-produktuak eta kredituak eman zizkieten. Baina, Pearl Harborreko erasoaren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuak gerran sartu ziren. Hurrengo hilabeteetan, japoniarrek Asiako hego-ekialdea okupatu zuten. Lurralde horiek japoniarren interesen arabera ustiatu ziren. 1942ko erdialdetik, estatubatuarrek ekimena hartu zuten Barean, japoniarren aurrerakadak geldiarazteko. Aliatuek Koral itsasoan eta Midwayn lortutako garaipenen eraginez, japoniarrek atzera egin behar izan zuten.

Aliatuen Garaipenak (1942-45)

1942tik 1943ra, gerraren norabidea aldatu egin zen. Alemanek bi gudu erabakigarri galdu zituzten, eta Ardatzak etengabe galdu eta atzera egin behar izan zuen. Hitler behin betiko garaipena lortzen saiatu zen 1942ko bigarren erdian. Ekialdeko frontean erasoaldi handia egin zuen, Kaukasoko petrolio-eskualdea hartzeko eta horrela erregai-hornidura segurtatzeko. Rommel jeneralaren Afrika Korps-ek erasoaldi arrakastatsua hasi zuen Afrikako Iparraldean, Suezeko kanala okupatzeko. 1942ko amaieran, bi guduk aldatu zuten gerraren norabidea: Alamein eta Stalingrad. Alameineko Guduan, Montgomery britainiar mariskalaren tropek garaitu zituzten Rommel jeneralarenak. Stalingradeko Guduak garrantzi handiagoa izan zuen. Armada alemanaren porrotaren ostean, alemanak SESBtik irteten hasi ziren.

Ardatzaren Porrota

Ardatzeko potentziek borrokari ekin zioten beste bi urtetan, behin eta berriro galdu arren. Alemanek 1943ko udan egin zuten SESBren aurkako azken erasoa. Kurskeko Guduan, alemanek galdu egin zuten; horrela, sobietarrek kontraerasora jo eta alemanak lurraldetik kanporatu zituzten. 1943ko maiatzean, alemanak eta italiarrak Tunisian errenditu ziren. Afrikako iparralde osoa aliatuen esku gelditu zen, eta horiek Italiako hegoaldea inbaditu zuten. Horren ondorioz, erregimen faxista erori zen, Mussolini atxilotu zuten eta Italiak armistizioa sinatu zuen aliatuekin. Italiaren askapena, britainiarrek eta estatubatuarrek eragindakoa, geldiarazita gelditu zen. Mendebaldeko fronte handia irekitzeko, aliatuek Frantziako iparraldeko lehorreratze handia planifikatu zuten, eta 1944ko ekainaren 6an aliatuak Normandian lehorreratu ziren. Une horretatik aurrera, alemanak bi fronte handitan defendatu behar izan ziren: bata Frantzian eta bestea SESBn. Abuztuaren 26an, aliatuek Paris askatu zuten borroka oso gogorraren ostean, eta 1944ko amaieran Frantziako zati handiena askatuta zegoen.

Gerraren Amaiera

1942tik, hegazkinen bonbardaketa sistematikoek suntsitu zituzten Alemaniako hiri gehienak. Berlingo Guduak, alemanek eta sobietarrek 1945eko apirilaren 15etik maiatzaren 5era izandakoak, amaiera eman zion nazien erresistentziari. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen, eta haren ondorengoa izandako Dönitz almirantearen gobernuak kapitulatu zuen 1945eko maiatzaren 7an. Egun batzuk lehenago, Mussolini atxilotu eta exekutatu egin zuten. Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak lehergailu atomikoa erabiltzea erabaki zuen. 1945eko abuztuaren 6an Hiroshima hiria eta 9an Nagasaki hiria hondatuta gelditu ziren. Irailaren 2an, Japoniak kapitulatu zuen. Horrela, Bigarren Mundu Gerra amaitu zen. Roosevelten, Churchillen eta Stalinen lehen bilera Teheranen izan zen, 1943an. Nabarmenena Yaltakoa izan zen, 1945eko otsailean. Azkena Potsdamekoa izan zen, 1945eko uztailean.

Entradas relacionadas: