Bigarren Industria Iraultza eta Kapitalismoaren Krisia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,83 KB
Ekonomia kapitalismoaren erritmoak eta krisia
Kapitalismoaren hedapenak ekonomiaren mundualizazioa eta nazioarteko merkatua sortu zituen. Sistema kapitalistaren ezaugarrietako bat erritmo ziklikoen mende egotea zen, ziklo horietan produkzioa hedatzeko. Industrializazioaren aurreko gizarteetako krisi ekonomikoak urritasunarekin edo eskasiarekin lotuta zeuden; sistema kapitalistaren krisiak, aldiz, gehiegizko industria-produkzioaren ondoriozkoak ziren. Arazoa zen enpresek kontsumo-aukeren gainetik ekoizten zutela.
Kapitalismoaren lehenengo depresio handia 1873 eta 1896 artean garatu zen; garaikideek Depresio Handia izendatu zuten. Krisiaren lehenengo biktima nekazaritza izan zen, nekazaritza-produkzioa nabarmen handitzearen ondorioz. Kanpo-ekoizpenak Europako merkatura heldu zirenean inbasio gisa ikusi ziren, merkeago sortu eta prezio baxuagoetan saltzen baitzen. Horren ondorioz, irabaziak %30eraino murriztu ziren eta nekazari gero eta gehiagok landa-ingurua utzi zuten.
Industria- eta finantza-sektoreek nekazaritzaren bideari jarraitu zioten; 1873an bankuek hondoa jo zuten. Krisi luze horren ondorio nabarmenenak hauek izan ziren:
- Prezioak murriztu ziren.
- Langabezia handitu zen eta soldatek behera egin zuten.
- Gizarte- eta politika-egitura aldatu zen.
- Enpresen arteko lehia gogortu zen.
- Potentzia nagusien arteko norgehiagoka nabarmendu zen.
- Herrialdeek neurri ekonomiko protekzionistak hartu zituzten.
5.2 Bigarren Industria Iraultza (1870-1914)
1870 eta 1914 bitarteko aldian, industria- eta finantza-kontzentrazioak gertatu ziren helburu hauek lortzeko: prezioak eta merkatuak kontrolatzea, lehia ezabatzea eta merkatuaren zati handiena menderatzea.
A) Enpresa-kontzentrazioak
Hainbat forma hartu zituzten:
- Kartela: Produktu bera fabrikatzen zuten enpresen arteko hitzarmena zen, lehia murrizteko edo ezabatzeko; horretarako, prezioen edo bezeroen banaketaren inguruko akordioak lortzen ziren.
- Trusta: Zenbait enpresak bat egitea zen; enpresa horiek jarduera berean (horizontala) edo produkzio-prozesuko fase desberdinetan (bertikala) jardun zezaketen.
- Holdinga: Hainbat eratako enpresetan inbertitzen zuen finantza-sozietatea zen, helburua enpresa horiek kontrolatzea izanik.
Enpresa-pilaketa hauek Amerikako Estatu Batuetan, Japonian eta Alemanian gertatu ziren batez ere. Trust horietako batzuen agintea dela eta, industria-potentzia batzuek trustaren aurkako legeak aldarrikatu zituzten.
B) Protekzionismo ekonomikoa
Estatu batek bere produktuak kanpoko lehiatik defendatzen zituen nazionalismo ekonomikoa zen, aduanako muga-zergak igoz. 1860-1880 bitartean, potentzia ekonomiko handien arteko norgehiagokaren ondorioz, industria berrien hazkundea sustatzeko eta estatu barruko produkzioa defendatzeko erabili zen. Hasieran, Europako estatu askok tasak ezarri zituzten nekazaritza-produktuen gainean, baina laster industria-sektorean ere aplikatzen hasi ziren.
C) Sozietate anonimoak
Enpresa txikiek ez zuten baliabide ekonomiko nahikorik; hori dela eta, enpresa asko sozietate anonimo bihurtu ziren, akzioak salduz kapital handiagoak lortzeko.
D) Bankuak eta finantza-kapitalismoa
XIX. mendean bankuak industrian parte hartzen hasi ziren. Negozio-bankuak eratu ziren; enpresei epe luzerako maileguak ematen zizkieten eta industria-balioekin burtsan negoziatzen zuten. Horrela, finantza-kapitalismoa sortu zen. Kapitalen eta inbertsioen mugimenduak mundu osora hedatu ziren. Kapitalaren jatorria Erresuma Batua izan zen bereziki, baina Frantziak eta Alemaniak ere mailegu asko eman zituzten, inbertsioek etekin handiena non emango zuten kontuan hartuta.
E) Industria eta energia-iturri berriak
Berrikuntza teknikoak jarduera berrietan aplikatu ziren, eta ikerketaren, ingeniaritzaren eta enpresaren arteko harremana indartu zen. Sektore askotan berrikuntza handiak izan ziren:
- Siderurgia: Aurrerapen teknologikoei esker (Bessemer bihurgailua, Martin eta Siemens labea), metalgintzan material berriak erabili ziren (altzairua, nikela eta aluminioa). Automobilgintza, aeronautika eta armagintza garatu ziren.
- Kimika: XIX. mendearen erdialdera sortu zen. Koloragarriak, lehergailuak, zuntz artifizialak, sendagaiak, plastikoak, ongarriak, papera eta lurrinak ekoitzi ziren.
- Energia-iturriak: Bi iturri berri sortu ziren: elektrizitatea eta petrolioa. Elektrizitateak aplikazio ugari zituen eta enpresa handiak sortu zituen. Petrolioak garrantzi handia hartu zuen, petrokimika eta eztanda-motorra (garraiobide berriak) ahalbidetuz.
F) Aurrerapen teknikoak eta lanaren antolaketa
Bigarren Industria Iraultzako aldaketaren sintomarik nabarmenenak berrikuntza teknologikoak (makinak) izan ziren. Industria mekanikoak produkzioa handitu zuen, prezioak jaitsi eta kontsumo masibora bideratu zen; orduan agertu zen epekako salmenta.
Lana antolatzeko modu berriak sortu ziren: produkzio-katea, denbora aurrezteko eta produkzioa merkeagoa izateko (Fordismoa eta Taylorismoa). Asmakizun garrantzitsuak egin ziren komunikazioan (posta zerbitzua), argazkigintzan, zineman (zinematografoa), fonografoan eta armagintzan.
G) Merkataritzaren garapena
XIX. mendean nazioarteko merkataritza asko hazi zen. Garapen hori produktuen prezioen beherakadak, garraiobideen iraultzak eta nazioarteko diru-sistemaren garapenak sustatu zuten. Munduko merkataritza-trukeetan Europa zen nagusi: lehengaiak eta elikagaiak inportatzen zituen eta manufakturak esportatzen zituen.
H) Garraioaren iraultza
Aurrerapen handiak eman ziren garraiobideetan:
- Trenbidea: 1850etik aurrera hedatu zen. Altzairuak hobekuntza handiak ekarri zituen eta 1880rako sarea finkatuta zegoen. 1891n Transiberiarra eraikitzen hasi ziren.
- Nabigazioa: Ibai eta ozeanoetan lurrun-ontzi handiagoak erabili ziren. Suezeko eta Panamako kanalak irekitzeak bidaia-denborak laburtu zituen.
- Hiriko garraioa eta automobilgintza: Tranbiak eta lur azpiko trenbide elektrikoak agertu ziren. Frantziarrek eztanda-motorra eta pneumatikoa lotu zituzten lehen automobil arina sortzeko, baina Henry Fordek hartu zien lekua geroago.
- Hegazkigintza: Pixkanaka garatzen hasi zen, batez ere Lehen Mundu Gerran.
Garraiobideen aurrerapenaren ondorioz, bizikletek arrakasta handia izan zuten jendearen artean. Merkatuak integratu eta espezializatu egin ziren, nazioarteko merkataritza hazi zen eta migrazioak orokortu ziren.