Bigarren Industria Iraultza

Enviado por Chuletator online y clasificado en Electricidad y Electrónica

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,07 KB

XIX. mendearen bigarren erdian izan zen ekonomia-garapenaren bigarren aldia. Prozesu horrek ezaugarri bereziak izan zituen:

  • Energia-iturri eta industria berriak garatu ziren.
  • Garraiobide eta komunikazioetan aurrerapen handiak egin ziren.
  • Aldi honetan, enpresa-kontzentrazioaren prozesua gertatu zen, eta finantza-kapitalismoa garatu zen.

Gainera, britainiarrek industrian zuten nagusitasuna galdu egin zuten, beste industria potentzia batzuk sortu zirelako Europan eta Europatik kanpo.

Energia-iturri eta industria berriak

Ekonomia modernoan teknika-berrikuntzak ekonomia-jardueretan aplikatzen dira. Ikerketaren eta enpresaren arteko harreman hori indartu egin zen XIX. mendearen bigarren erdian, eta horrekin batera, patenteak orokortu egin ziren, asmakizunak sustatzeko eta babesteko.

Sektore askotan izan ziren berrikuntza handiak: kimika aplikatuan, armagintzan, garraiobideetan, medikuntzan, etab.

Baina, Bigarren Industria Iraultzan, teknika-berrikuntzak batez ere industriako hiru sektore nagusitan aplikatu ziren: siderurgian, kimika-industrian eta elektrizitate-industrian.

Metalgintza

Garai horri altzairuaren aroa esaten zaio, kalitate hobeagoko eta kostu txikiagoko altzairua ekoiztea lortu zutelako.

Altzairuaren ezaugarriei esker (elastikotasuna, gogortasuna eta erresistentzia), zehaztasun handiagoko makinak eta motorrak egin ahal izan zituzten.

Altzairu bereziak eta metal berriak ere garatu ziren, eta horrek XX. mendeko industriaren sektore adierazgarrienak garatzeko aukera eman zuen: automobilgintza, aeronautika eta armagintza.

Kimika-industria

Kimika-sektorean gehien ekoitzi ziren produktuak oinarrizko produktuak eta lehergailuak izan ziren.

Petrolioa eta elektrizitatea

Bigarren Industria Iraultzan bi energia-iturri berri sortu ziren: elektrizitatea eta petrolioa. Hauek pixkanaka ikatza eta lurruna ordezkatu zituzten.

Korronte elektrikoa eraldatzeko eta banatzeko arazoak gainditu ondoren, berehala konturatu ziren elektrizitateak aplikazio ugari zituela hainbat esparrutan: argiztapen publikoan, garraioetan, komunikazioetan, aisian, etab.

Petrolioari dagokionez, petrolio-industriaren hedapena batez ere eztanda-motorra sortu zenean gertatu zen: motor horrek petrolioa erabiltzen zuen erregaitzat, eta automobilgintzan erabili zen.

Aurrerapenak garraiobide eta komunikazioetan

XIX. mendearen bigarren erdian eta XX. mendeko lehen hamarkadetan, hainbat garraiobide mota garatu ziren: trenbidea, lurrun bidezko nabigazioa, tranbia, metroa, bizikleta, automobila eta lehenengo hegazkinak. Telekomunikazioetan ere izugarrizko aurrerapena eman zen.

Garraiobide eta komunikazioetako aurrerapenek ondorio ekonomiko eta sozial garrantzitsuak izan zituzten: merkatuak espezializatu egin ziren, merkataritzan hazkundea eman zen, eta migrazioak orokortu egin ziren.

Trenbidea eta nabigazioa

Trenbidea garraiobide nagusia bihurtu zen. Altzairuak burdina ordezkatu zuenean, errail sendoagoak eta bagoi handiagoak egitea lortu zuten, abiadura eta segurtasuna areagotu ziren, eta prezioak merketu egin ziren.

Lurrun bidezko nabigazioa

Lurrunontziek belaontziak ordezkatu zituzten teknika-berrikuntzei esker eta Suezko eta Panamako kanalak ireki zirelako.

Automobila eta abiazioa

Automobilaren sorrera bi asmakizunen garapenari esker izan zen: gasolinaz mugitutako barne-errekuntzako motorra eta pneumatikoa.

Lehen automobil arina eta herrikoia Renault frantsesak egin zuen, baina laster nagusitu ziren estatubatuarrak. Fordek gasolinazko motorreko Ford T ospetsua egin zuenean, 1913tik aurrera muntaketa-katean egin zen, eta horrela prezioa merketu egin zen.

Abiazioa batez ere Lehen Mundu Gerran garatu zen.

Beste garraiobide batzuk

XIX. mendearen amaieran tranbiak, lurpeko trenbide elektrikoak eta bizikleta sortu ziren.

Komunikazioak

Telefonoaren eta haririk gabeko telegrafiaren bidez albisteak ia bat-batean transmititzeko aukera zegoen.

Prentsan eta arte grafikoetan teknika berriak sortu ziren.

Entradas relacionadas: