Bertsolaritza XXI. Mendean: Bilakaera eta Eragileak

Enviado por Aitortxu y clasificado en Plástica y Educación Artística

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,89 KB

Bertsolaritza XXI. Menderako Bidean

Bat-bateko bertsolaritzaz ari garenean, 60ko hamarkadatik aurrerako bertsolaritza ezagutzen dugu batez ere, orduan hasi baitzen bertsoa grabatzen, teknologiari esker. Aurreko bertsolaritza herriaren memoriari eta paperean idatzitakoari esker ezagutzen dugu. Ikuspegi historikotik, beraz, XX. mende hasieran, bertsolaritza idatzia da, batez ere, bertsolaritza. Mende amaieran, ostera, bat-bateko bertsolaritza da nagusiki bertsolaritza.

Bitartean, bertsolaritzak hainbat pauso eman ditu: bertsolari arlotetik bertsolari jantzira; sagardotegitik antzokira; gai orokorretik gai konkretura; gizonezkoaren eremu izatetik bi sexuen eremu izatera; desafiotik txapelketara… Hori guztia belaunaldien arteko elkar ulertzeak eta elkar laguntzeak ekarri du. Gaztea zaharraren eskutik etorri da. Hala, bide luzea egin eta gero, XX. mende amaierako bertsolaria gaztea da batez ere, unibertsitatean ibilia, eta literatura idatzian ere jarduten du, genero bat baino gehiagotan, gainera. Bestalde, emakume bertsolariaren presentziak aspaldi utzi dio anekdota aipagarria izateari.

Historian estreinakoz, gaur egungo bertsolariek bertsotan jarduteaz gain, beren jardunari buruzko hausnarketan dihardute etengabe, eta berenak dira gaur egungo ekarpenik berritzaileenak eta interesgarrienak.

Bertsolaritzaren Eragileak

XX. mendeko Bertsolari Txapelketekin bertsolaritzaren historia orokorra osa liteke. Hala, gerra aurreko Basarri eta Txirritaren txapelak bertsolaritza zaharraren eta berriaren arteko zubiaren metafora gisa uler litezke. Gerra osteko basamortuaren ondoren, Euskaltzaindiak ekin zion berriz bertsolari txapelketak antolatzeari, 1960an hasita. Lehena, Basarrik irabazi zuen.

Zenbait irratik, Herri Irratiak, adibidez, hasieratik eskaini zioten arreta bertsolaritzari, beharbada euskarazko beste jardunik ez zelako ia baimentzen frankismo garaian. Franco hil eta bost urtera antolatu zen hurrengo txapelketa, 1980an, berriro ere Euskaltzaindiaren ardurapean, 1982koa bezala. Amurizak irabazi zituen biak. 1986koaren ostean, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatu izan ditu txapelketak, lau urtez behingo maiztasunez. Lizaso, Lopategi eta Egaña izan dira azken txapeldunak.

Herrialde bakoitzak bere txapelketak antolatzen ditu, eta bada, bestela ere, hamaika lehiaketa eskolarteko zein gazteentzako. Bertsolaritza, Bertsozale Elkartearen inguruan egituratuta, ezinbesteko erreferentzia da gaur egun euskal kulturaren unibertsoan. 1989an, elkartearen eraginez, Hitzetik Hortzera saioa sortu zen ETB1en. 90eko hamarkadatik aurrera, bertsolaritzak arrakasta ezagutu du.

Entradas relacionadas: