Bertsolaritza eta Generoa: Emakumearen Lekua eta Diskurtso Feminista

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,8 KB

Bertsolaritza: Hitzaren Gozamena eta Generoaren Arrakala

Hitzarekiko jolasaren gozamena da bertsolaritza, kantuarekiko gustua, jende berria ezagutzea, belaunaldien arteko bateragunea, hitza hartzea eta horri eustea. Bertsolaritzak inperfektua izatea eskatzen du, hanka sartzea, barregarria egitea; bertso txarrik kantatzen ez duen bertsolaria ez baita bertsolaria. Gauza asko ematen ditu bertsolaritzak, baina sarritan, emakumearen munduak ez du izan bertsolaritzan tokirik. Nahiz eta generoaren gaia lekua hartzen doan eta emakume bertsolari askok hartu duten beren lekua, emakumezkoen mundua ez da bertsolaritzan guztiz txertatu.

Emakume Bertsolarien Historia: Debekuak eta Ahots Ezezagunak

Emakumezko bertsolariak nahiko aspalditik ezagutzen dira. Izan ere, emakume bertsolarietaz dugun lehen aipamena 1452. urtekoa da (Bizkaiko Foru Zaharretan), eta aipamen hau debeku batekin dator. Inprobisazioaz gozatzen zuten emakume hauei abestea debekatu zieten: "por desvergonzadas y revolvedoras de vecindades". Debeku hauengatik, bertsolaritzan ez dago antzinako emakume bertsolarien izenik eta haien ahotsak ere ezezagunak dira. Informazio falta itzela izan den arren, badakigu izan direla emakume bertsolariak historian zehar.

Bertsolaritza eta Diskurtso Feminista: Neutraltasunaren Gezurra

Gaur egungo bertsolaritzara salto eginda, nabaria da bertsolaritzak diskurtso feministaren asegabe dagoen behar izugarria duela. Sarritan pentsa dezakegu gaur egun neutroa dela jada edo generoak bertsolaritzan inolako eraginik ez daukala, baina hau ez da horrela.

Emakumeen Heziketa eta Perfekzionismoaren Zama

Emakumeoi ez gaituzte hezi bertsolariak berez dituen ezaugarriak gugan hartzeko. Ez gaituzte zentroa hartzeko edo fokoa eta arreta gugan egoteko hezi; zerbaitetan nabarmentzea guri ez dagokigula jaso dugu etengabe. Joeraz, ez gaituzte ausardiarako hezi ezta hanka sartzen irakatsi. Sarritan, emakumeok dugun autodestrukziorainoko perfekzionista izate ezaugarri horrek ahuldu du emakumea bertso munduan.

Bertsolariaren kontzeptua ere oso estereotipatua egon da betidanik. Bertsolariak izan behar du:

  • Ziurra, pieza batekoa.
  • Zalantzagabekoa.
  • Konfiantzazkoa.

Eta emakumeoi inoiz ez gaituzte ezaugarri hauekin lotu. Bertsolaritza munduan ezagutzera eman ziren lehen bertsolariek ez zuten segurtasunik sentitzen, eremu desegokian sentitzen ziren, besamotz. Urteak pasatu ahala, konturatu izan dira, agian bertsolaritza bera zela besamotza eta haiek zirela besoa jartzea egokitzen zitzaienak.

Bertsolaritzaren Eremu Ez-Neutroak

Bertsolaritza ez da neutroa izan eremu guztiei dagokienez:

  • Entzulea ez da neutroa izan.
  • Umorea sarritan ere ez.

Horrek bertsolaritza orokorrean neutroa ez izatera eraman du.

Etorkizuneko Bidea: Berdintasunaren Bertsolaritza Eraikitzen

Nola izango litzateke bertsolaritza emakumezkoek garatu izan balute gizonezkoek ez ezik? Galdera-tranpa baten aurrean gaude, ezin izango baitugu inoiz jakin. Baina, egiatzat hartzen dugun gaur egungo bertsolaritzaren kontzeptua ere tranpaz betea dago. Horrelakoa da gaur egun, egon direnak horrela egin dutelako, baina aurrerantzean, unean-unean, gaur egungoek eraikitako hori izango da.

Orain dela urte batzuk ezinezkoa zen emakumezko bertsolaria plazan edo oholtzan irudikatzea. Beraz, gaur egun ere emakumeok mundu bat ireki dezakegu bertsolaritzaren arloan, baina horretarako, beharrezkoa da betaurreko antisexistak jantzita dauzkaten eragileak edukitzea:

  • Entzuleak
  • Gai jartzaileak
  • Bertsolariak
  • Epaileak
  • Kazetariak

Denok egin behar baitugu zerbait neutraltasunaren gezurra egi bihurtzeko lana, eta honekin soilik eraikiko da berdintasunaren bertsolaritzako bidea.

Entradas relacionadas: