Bertsolaritza: Euskal Ahozko Literaturaren Ardatza
Enviado por Laura y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,35 KB
Bertsolaritza egungo ahozko literaturaren ardatza dela esan daiteke. Izan ere, antzinako ahozko euskal literaturak zituen zenbait genero, denbora pasa ahala, ahultzen joan diren bezala, bertsolaritza indartzen joan den generoa da. Horren lekuko dira, esate baterako, bertso-eskolen ugaritasuna eta txapelketetan parte hartzea. Dena dela, bertsolaritza ez da Euskal Herrian soilik sortu den fenomenoa.
Bertsoaren egitura eta arauak
Bertsolaritza egituratzeko unitatea bertsoa da (ahapaldi edo estrofa). Bertso batek hiru arau nagusi bete behar ditu:
- Doinua: Kantatu ahal izateko beharrezkoa da.
- Neurria: Molde bakoitzaren arabera silabak ondo neurtu behar dira, neurria oso zehatza baita.
- Errima: Puntu bakoitza errimatu egin behar da.
Hiru osagai horiek kontuan izanik, hainbat bertso molde daude: txikia, handia eta berezia.
Bertsolariaren gaitasunak eta garrantzia
Bertsolariek, bertsoen gaia aldez aurretik jakin gabe, bertsoak momentuan bertan konposatu ahal izateko duten gaitasuna miresgarria eta harrigarria da. Baita ere, bertsolariek errimak momentuan bertan egiteko behar duten euskal lexiko zabala desiragarria eta interesgarria da; bertso emanaldi batean beti hitz berriren bat ikasteko aukera dago.
Bertsolaritza arte adierazpen bat eta euskal kulturaren atal oso garrantzitsua dela azpimarratu nahi nuke, horren bidez ohiturak, gertaerak eta hizkera mota ezberdinak belaunaldiz belaunaldi igaro direlako.
Historia eta bilakaera
Bertsolaritzaren hastapenak ezin dira historian zehazki kokatu, baina abiapuntua artzain-aroan koka genezake. Bertsolaria eskolatu gabea zen, irakurtzea eta idaztea arrotza zitzaion. Baserri giroa zen nagusi, herri hizkeraz mintzo ziren eta herrikide zein ahaideen soiltasunez aritzen ziren.
Bat-bateko bertsoek gora egin zuten Lore Jokoei esker. Jokook ahozko literatura eta poesia bultzatzeko sortutako lehiaketak ziren.
Lirika eta bat-batekotasuna
Lirikaren barnean, tradiziotik ez datozen generoen artean kokatzen da bertsolaritza. Izan ere, bat-batekoa denean, norbaitek grabatzen ez badu, sortu bezain laster galtzen da bertsoa. Jendaurrean bertsoa asmatu eta kantatu egin behar da, entzulea hunkitu eta liluratuz.