Bero-makinak: Errekuntza motak eta motorren funtzionamendua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Tecnología Industrial
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,54 KB
Bero-makinak: Sarrera eta sailkapena
Bero-makinak bero-energia energia mekaniko bihurtzen duten makinak aztertuko ditugu.
Bi mota daude:
Kanpoko errekuntza dutenak: Erregaia motorretik kanpo erretzen da. Adibidez: lurrun-makinak.
Barruko errekuntza dutenak: Erregaia makinaren barruan erretzen da. Adibidez: autoen motorrak.
1. Kanpoko errekuntza: Lurrun-makina
Lurrun-makinaren funtsezko osagaiak hauek dira:
Galdara: Ura irakinez presio handiko lurruna sortzen du.
Kondentsadorea: Hozteko urak lurruna kondentsatu egiten du, eta horrek hutsa sortzen du.
Biela eta birabarkiaren bidezko sistema bat akoplatuz, enboloaren atzera-aurrerako higidura higidura zirkular bihur dezakegu. Higidura mota hori oso erabilgarria da makinetarako.
2. Barruko errekuntza
Barruko errekuntza duten motorrak kanpokoa dutenak baino eraginkorragoak dira, beroa makinaren barruan sortzen baita.
Lau aldiko motorra (Otto zikloa)
Barruko errekuntzako motorren artean, lau aldikoa da erabiliena. Motor mota hori erabiltzen dute auto gehienek. Motor batek energia sor dezan, erregaia eta airea behar ditu. Lau fase ditu:
Sarrera: A balbula irekitzen da, eta zilindroan airea eta erregaia sartzen dira. Gero, pistoia jaisten da eta hutsa sortzen du. Horrek nahastea hobeto sartzen laguntzen du.
Konpresioa: Pistoia igotzean, itxi egiten dira A eta E balbulak eta nahastea konprimitu egiten da. Autoaren bateriaren energiaz funtzionatzen duen abiatze-motor baten bidez lagundu behar zaio pistoiari lehen aldiz igotzen. Hortik aurrera, birabarkiaren biraren eraginez igotzen da.
Eztanda: Nahastea oso konprimituta dagoenean, bujiak txinparta bat jaurtitzen du, eta horrek nahastea lehertzea eragiten du. Gasak hedatu egiten dira eta pistoia jaisten dute.
Ihesa: E balbula zabaltzen da, eta errekuntzan sortutako gasak balbula horretatik kanporatzen ditu pistoiak igotzean. Gasak ihes-hodira igarotzen dira, eta hortik kanpora irteten dira. Berriz hasten da Sarrera-Konpresioa-Eztanda-Ihesa zikloa; horrela, ziklo hori behin eta berriz errepikatzen da.
Bi aldiko motorra
Lau aldiko motorra baino motor mota bakunagoa da, oso erabilgarria motoetan, belarra mozteko makinetan eta abarretan. Erregaia sartu, konprimitu eta lehertu egin behar du, bai eta gasak kanporatu ere. Bi alditan egiten du, zilindro bakarrean:
Konpresioa-Eztanda: Pistoia igo egiten da eta nahastea konprimitu egiten du. Goian dagoenean, bujiak piztu egiten du, eta horrek nahastea lehertzea eragiten du. Gasak oso bero daudenez, hedatu egiten dira eta pistoia energia handiz jaisten dute. E lunbrerara iristean, gasak irteten hasten dira.
Ihesa-Konpresioa: Pistoia behean dagoenean, aurreko errekuntza-aldiko gasak irteten dira irteeratik. Aldi berean, A lunbreran zehar sartzen da airearen eta gasolinaren arteko nahastea. Azkenik, pistoia igo egiten da eta berriz hasten da Konpresioa-Eztanda zikloa.
Diesel motorrak
Diesel motorrek ez dute bujiarik eta gasolio izeneko erregai bat erabiltzen dute. Airearen eta erregaiaren arteko nahastea ikaragarri konprimitzen da eta 600 ºC-ko tenperatura hartzen du. Tenperatura horretan, bujiaren txinpartaren beharrik gabe lehertzen da.