Bernardo Atxaga: Euskal Idazlearen Bizitza eta Obra Nagusiak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,11 KB

Jose Irazu Garmendia ‘Bernardo Atxaga’ (1951)

Bizitza

Euskal idazle entzutetsu eta nabarmena da, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Asteasun jaio bazen ere, Andoainera joan zen bizitzera. Herri horretako liburutegian zaletu zen irakurtzera: han ezagutu zituen, haur eta gazte literaturako idazleez gain, literatura unibertsaleko idazlerik handienak. Bilbon egin zituen ekonomia-ikasketak, eta filosofiakoak Bartzelonan.

Hainbat lanbidetan aritu izan zen (euskara irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea, ekonomialaria, etab.), eta, azkenik, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean ekin zion.

Bernardo Atxaga ezizena, dirudienez, bi arrazoirengatik hartu zuen egileak: alde batetik, euskaraz idazteak arriskua ekar zezakeen garaietan, identitatea ezkutatzeko modu bat zen; beste alde batetik, abangoardiari omenaldi bat egitea ere bazen. Dena dela, ezizenaren jatorriaz bertsio desberdinak zabaldu ditu idazleak: lehenengo idazteko makina utzi zion pertsonaren oroigarri gisa hartu zuen Bernardo izena, eta Atxaga, berriz, eskolako adiskide eta haurtzaroko lagun bati omenaldi eginez.

1977tik 1980ra bitartean, Pott Bandako partaide izan zen beste hainbat autore ospetsurekin batera (Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, “Jimu”). Pott Banda talde apurtzaile eta abangoardista bat zen, argitaletxe bat eratzeko asmoz sortutakoa.

Bereziki 1988an plazaratu zuen Obabakoak ipuin-bildumagatik da ezaguna idazle hau, baina literaturaz aparte, olerkigintza, antzerkigintza eta gidoigintza ere landu ditu.

Obrak

Nahiz eta narrazio-lanak izan bere saiorik trinkoenak, olerkigintzan ere bitxiak eman ditu. Bost garaietan sailka daiteke idazle honen ibilbidea, baina, olerkiari dagozkionak bakarrik sakonduko ditugu.

Ibilbide literarioaren aldiak

  • Abangoardiazko aldia (1976-1978)
  • Obaba zikloa (1980ko hamarkada)
  • Errealismozko aldia (1990-…)
  • Haur eta gazte literatura

Atxagaren olerkigintza

Olerkigintza ez da Atxagak gehien landu duen generoa; berak adierazi duenez, kosta egiten zaio poesia idaztea. Etiopia (1978) izan zen bere lehen poesia lana. Idazle honek, bere lanetan, hiru gai landu ditu nagusiki: natura eta kultura, antiheroia eta Euskal Herritik mundura.

Natura eta kultura kontrajartzea da Atxagak maiz lantzen duen gaietako bat, askotan modu tragikoan ematen dena. Esaterako, Bi anai lanean Daniel mutil atzeratu baten gogo sexual kontrolaezina da kultura arauak hautsi, gizartetik baztertu, eta azkenean, bere anaiarekin batera herritik kanpora ihes egitera bultzatzen duena.

Beste gaiei erreparatuz, bere lehen idazlanetatik, pertsonaia patetikoak, patuak kolpatuak, ezarri zituen Atxagak narrazioetan. Pertsonaia hauek galtzaileak izaten dira eta askotan estigma bat dute, hala nola Ziutateaz eleberriko Theo eta Bilintx pertsonaiak edo Bi anai eleberriko Daniel. Egoera horren aurrean eta guztiz aurkako duten ingurune batean (Etiopia lanean desertu bat eta Ziutateaz lanean hiri pairaezin batean), pertsonaiek ezintasunez jokatzen dute.

Entradas relacionadas: