Begiaren Egitura eta Ikusmen Akatsak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,87 KB
Begiaren Osagaiak
Esklera
Begia kanpoaldetik babesten duen mintz erresistente eta zuria.
Kornea
Aurrealdean dagoen mintz gardena. Dioptrio esferikoa da.
Irisa
Begian sartzen den argi kantitatea doitzen duen diafragma.
Ninia
Irisaren irekigunea. Argiaren intentsitatearen arabera irekitzen edo ixten da. Argi gutxi dagoenean dilatatzen da eta asko dagoenean uzkurtzen da.
Kristalinoa
Kapa ugariz osatutako lente konbergentea (ganbilbikoa). Leuna da. Muskulu ziliarrei esker bere forma aldatzen da, kurbatura ezberdinak hartuz distantzia ezberdinak fokatzen ditu.
Muskulu Ziliarrak
Kristalinoaren kurbatura aldatzen dute.
Erretina
Begiaren atzealdean dagoen pelikula, non kristalinoak sortu duen irudia hartzen duen. Erretinan bi sentsore mota daude:
- Konoak: Koloredun ikusmenaz arduratzen dira eta argiaren intentsitatea handia denean lan egiten dute.
- Makilak: Zuri-beltzeko ikusmena kontrolatzen dute eta argiaren intentsitatea baxua denean lan egiten dute.
Erretinak ninatik sartzen den argia xurgatzen du (ez da ezer islatzen), baina argi gehiegi dagoenean, erretinak ezin du guztia xurgatu eta kolore gorria islatzen du.
Nerbio Optikoa
Nerbio honetatik irudia burmuinera doa eta burmuinak irudia hautematen du.
Moldaketa (Akomodazioa)
Muskulu ziliarrek kristalinoa desitxuratzen dute objektu bat fokatzeko. Muskuluak erlaxatuta daudenean, kristalinoa mehea da eta irudia erretinan sortzen da; hau da, foku irudia (F') erretinan dago.
Objektuak oso hurbil daudenean, kristalinoak ez du nahiko errefraktatzen eta irudia erretinaren atzetik agertuko litzateke. Hori dela eta, hurbil dagoen objektu bat fokatu nahi izatekotan, muskulu ziliarrek kristalinoa konprimitzen dute, bere kurbatura handituz. Foku-distantzia (f') txikitzen da eta irudia erretinan sortzen da. Era honetan, kristalinoaren eta irudiaren arteko distantzia beti berdina da.
Begi gazte eta akatsik gabeko batek hurbileko puntua 25 cm-ra dauka, eta urruneko puntua infinitoan suposatzen da.
Ikusmen Akatsak
Miopia
Begia konbergenteegia da. Begia erlaxatuta dagoenean, F' erretinaren aurrean dago eta urrun dauden objektuak ez dira garbi ikusten. Hurbiletik ez dago arazorik; akatsik gabeko begi batek baino hobeto ikusten dute. Miopia zuzentzeko lente dibergenteak erabiltzen dira, eta haien potentzia negatiboa begiaren potentzia positiboari gehitu ondoren, irudiak erretinan sortzen dira.
Hipermetropia
Hurbil dauden objektuak fokatzeko zailtasuna. Begia ez da behar den bezain konbergentea eta irudia erretinaren atzean sortzen da. Lente konbergenteak erabiltzen dira begiari falta zaion potentzia emateko.