Barrokoa, Klasizismoa eta Erromantizismoa: Musika Gidak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Música
Escrito el en
vasco con un tamaño de 22,13 KB
Barrokoa: Orkestra eta Tresnak
Barrokoko orkestrak 32 tresna ditu gutxi gorabehera. Baliabide paregabea da estilo concertatoa lantzeko, kontrasteak egiteko aukera asko ematen baitu. Tresnak familietan antolatzen dira: haria, haizea eta perkusioa.
Orkestra barrokoek ondorengo musika-tresnak dituzte:
- Haria:
- 5 lehen bibolin
- 5 bigarren bibolin
- 4 biola
- 5 biolontxelo
- 2 kontrabaxu
- Haizea:
- 2 zeharkako txirula
- 2 oboe
- 2 fagot
- 2 tronpeta
- Perkusioa:
- 2 tinbal
Hauei klabezina gehitzen zaie. Orkestra zuzendaria ez da derrigorrezkoa.
Klasizismoa: Orkestraren Bilakaera
Klasizismoan tresna batzuk agertzen dira (pianoa, klarinetea), beste batzuk desagertzen dira (klabezina, zango-biola), eta beste batzuk eboluzionatu egiten dute, barrokoan baino gehiago erabiltzen hasiz (tronpa).
Orkestra klasizismoan handiagotu egiten da, 32 tresna izatetik 52 inguru izatera pasatzen delarik. Ondorengoa da orkestra klasikoaren konposaketa:
- Haria (10-10-8-6-4): Barrokoko tresna berdinak dira, baina kopurua ia bikoiztu egiten da.
- 10 lehen bibolin
- 10 bigarren bibolin
- 8 biola
- 6 biolontxelo
- 4 kontrabaxu
- Haizea (2-2-2-2-2-2): Bi tresna berri daude: klarinetea eta tronpa.
- 2 zeharkako txirula
- 2 oboe
- 2 fagot
- 2 klarinete
- 2 tronpeta
- 2 tronpa
- Perkusioa (2):
- 2 tinbal
Klabezina desagertu egiten da. Pianoa ez da izango orkestrako ohiko tresna, baina bai erabiliko da pianorako kontzertuetan. Orkestra zuzendaria agertzen da, eta eskuekin zuzenduko du orkestra.
Erromantizismoa: Orkestra Sinfonikoa
Erromantizismoan zehar orkestra sinfonikoak sortuko dira, 95 musikari ingurukoak, eta tresna berriak dituztenak. Ondorengoa da orkestra erromantikoaren konposaketa:
- Haria:
- 16 lehen bibolin
- 14 bigarren bibolin
- 12 biola
- 10 biolontxelo
- 8 kontrabaxu
- 2 harpa
- Haizea:
- 2 zeharkako txirula + 1 pikolo
- 2 oboe + 1 ingeles adar
- 1 fagot + 1 kontrafagot
- 2 klarinete + 1 klarinete baxu
- 4 tronpa + 1 tuba
- 3 tronpeta + 3 tronboi
- Perkusioa:
Tinbalak, dunbala, kutxa, txindatak, bibrafonoa, triangelua, gonga, kanpaiak...
Orkestra zuzendariak batuta erabiliko du.
Opera: Barrokoa, Klasizismoa eta Erromantizismoa
B1. Opera Barrokoa
Opera antzezlan musikala da. Florentzian asmatu zen 1600. urtearen inguruan, Bardi Camerata-ren eskutik. Garai horretako opera asko galdu egin dira. Jacopo Periren L’Euridice operakoa da kontserbatzen den zatirik zaharrena, eta Claudio Monteverdiren Orfeo (1607) da osorik kontserbatzen den lehen opera.
Operaren Sorrera
Opera Camerata Bardi (edo Florentziako Camerata) izeneko musikari eta ikertzaile batzuen eskutik sortu zen (Giovanni Bardi, Vincenzo Galilei, Giulio Caccini, Girolamo Mei, Ottavio Rinuccini, Jacopo Peri).
Giovanni Bardi Florentziako konde bat zen, eta bere jauregian bilera batzuk antolatu zituen XVI. mendearen bukaeran. Bilera hauetan, antzinako Greziako tragedia eta bertan kantatzen zen kantu mota ikertzen zituzten, eta kantu hau berreskuratzen saiatu ziren, modan zegoen polifonia ordezkatzeko nahian.
Ikerketa hauen ondorioz, ahots monodia akonpainatua berpiztu zuten, eta Greziako tragediak imitatu nahian opera asmatu zuten (ariaz eta errezitatuz betea).
Operaren Atal eta Mota Nagusiak
Operaren barnean ondorengo atalak bereiz ditzakegu:
Pasarte Instrumentalak
- Obertura: Operari hasiera ematen dion pasarte orkestrala da.
- Interludioak: Opera barnean txertatzen diren pasarte orkestralak dira.
Pasarte Kantatuak
- Ariak: Bakarlarien kantuak dira. Orkestraren akonpainamendua daukate, floritura asko eta melodia oso polita, gogoraerraza. Abeslariaren ahotsaren boterea eta gaitasunak erakusteko erabiltzen dira.
- Errezitatuak: Operaren oinarri izan zen ahots monodia akonpainatua da, antzinako Greziako kantuan oinarritua. Kantu berezia da, erdi kantatua, erdi hitz egina (deklamatua), floritura gabea eta klabezinaren akonpainamendua soilik daukana.
- Koruak: Abesbatza batek kantaturiko kantak dira.
Operaren testua libretoa deitzen da, eta dramaturgo batek idazten du musika konposatu aurretik.
Hasieran opera nobleentzako ikuskizuna zen, eta hasierako opera hauen gaiak antzinaro klasikoan oinarritzen ziren, bai Greziako mitologian zein benetan bizi izan ziren greziar zein erromatar pertsonaietan. Oso gustukoak zituzten efektu bereziak: itsasoaren olatuak, jainkoak zerutik jaistea, pertsonaiak hegan egiten agertzea eta desagertzea, etab.
Opera motak eta zabalkundea
XVII. mendea aurrera doala, opera gero eta ikuskizun ezagunagoa eta herrikoiagoa bihurtuko da. Horrela, bi opera mota desberdin bereiztuko dira:
- Opera serioa: Antzinaro klasikoko pertsonaietan eta pertsonai historikoetan oinarritua eta aristokraziari zuzendua: Serse, Julio Cesar, Rinaldo...
- Opera komikoa (opera buffa): Izaera herrikoia dauka, herri xehearen gustuko argudioekin eta eurek bezalako pertsonaiekin.
Operaren eragina Italiaz kanpo ere zabaltzen da. Horrela, operaren antzeko ikuskizunak sortzen dira:
- Zarzuela: Espainian sortzen den ikuskizun musikal antzeztua da. Pasarte kantatuak eta pasarte mintzatuak nahasten ditu, eta libretoa gaztelaniaz dago.
- Singspiela: Libretoa alemanieraz daukan ikuskizun musikal antzeztua da. Pasarte mintzatuak eta kantatuak nahasten ditu, eta kutsu herrikoia dauka.
Operaren zabalkundeak opera antzokien eraikuntza ekarriko du, baita industria berri bat ere. Opera antolatzaileak sortuko dira, eta pixkanaka herri xeheak ere antzokietara joateko aukera izango du, sarrerak salgai jartzeko ohitura zabaltzen doalako.
1637an eraiki zen lehenengo opera antzokia: Veneziako San Casiano.
Kastratoen Garrantzia
Operaren industrian kastratoek lehen mailako toki bat daukate.
1589an, Sixto V.a Aita Santuak agindu bat idatzi zuen San Pedroko kaperan abeslari bezala kastratoak lehenengo aldiz onartuz. Agindu honekin kastratoen garaia hasi zen, eta opera asmatu zenean kastratoentzako lekua egon zen bertan.
Kastratoen ahotsa emakumeena bezain altua zen eta gizonena bezain indartsua. Konpositore askok kastratoek interpretatu behar zituzten pertsonaientzako musika konposatu zuten, eta horrela kastrato askok karrera arrakastatsu bat izan zuten.
Emakumeek Elizaren debekua zeukaten antzezpenetan parte hartzeko. Horrela izanik ere, bazeuden emakume aktore-abeslariak: Faustina Bordoni, Vittoria Tesi, Francesca Cuzzoni. Hauek prima donnak ziren, baina eurek baino fama handiagoa zeukaten kastratoek: Gaetano Majorano “Cafarelli”, Francesco Bernardi “Senesino” eta Carlo Broschi “Farinelli” izan ziren ezagunenak.
Italia zen kastrato gehienen jaioterria. Urtero 4.000 haur inguru ebakuntzara heltzen ziren. Gehienak familia pobreetakoak ziren, eta hobe bizitzeko bidetzat hartzen zuten haurra kastrato bihurtzea. Ume asko ebakuntzan edo ebakuntzaren ondorioz hiltzen ziren; beste askok, ahots polita izan arren, ez zuten formakuntza guztia betetzen. Beraz, ez ziren asko lehen mailako abeslariak izatera heltzen zirenak.
B2. Opera Klasizismoan
XVIII. mendean opera Europa osoan hedatuta zegoen ikuskizun arrakastatsua zen. Italiar opera zen nagusi, eta konpositore askok, nahiz eta italiarrak ez izan, italiar hizkuntza erabiltzen zuten operan (Mozartek, adibidez).
Italian, operako atalen artean, ariek zeukaten garrantzirik handiena. “Aria da capo” zen aria mota erabiliena. Aria hauek 3 parte zituzten: A-B-A'. Lehenengo partea (A) abeslariak aldaketarik gabe kantatu behar zuen, konpositoreak partituran idatziriko moduan. Bigarren partea (B) pasarte labur bat zen, A biak lotzeko. Hirugarren partea (A') lehenengo partearen errepikapena zen, baina abeslariak inprobisatu egin zezakeen, eta gehienetan floriturez betetzen zituen, bere abesteko gaitasuna erakusteko. Hori dela eta, musikari batzuk opera erreformatu nahi izan zuten, eta Christoph Willibald Gluck izan zen erreforma hau gauzatu zuena.
Glucken Erreforma
Gluckek ondorengo aldaketak proposatu zituen:
- Argudioak garrantzi handia dauka, istorioa sinesgarria izan dadin, eta ondorioz ezin dira edozelakoak izan.
- Ariak garrantzitsuak dira, baina korua eta orkestra ere bai. Beraz, hiru elementu hauen garrantzia orekatu egin behar da.
- Ariak musika bezain naturalak, ulergarriak, argiak... izan behar dira; beraz, apaingarri edo floritura oso gutxidunak.
Orfeo eta Euridice da bere operarik famatuena, eta erreforma honen eredu kontsidera dezakeguna.
Klasizismoko Opera Egileak
Opera ikuskizun arrakastatsua zenez, hainbat musikari dedikatu ziren opera serioak eta opera buffoak konposatzera, eta hainbat idazle libretoak idaztera. Hauek izan ziren garrantzitsuenak:
- Wolfgang Amadeus Mozart: Mitridate, Pontoko errege; Idomeneo Kretako errege; Bahiketa serrailloan; Figaroren ezteiak; Don Giovanni; Cossi fan tutte; Titoren bihotzberatasuna; Txirula magikoa.
- Christoph Willibald Gluck: Orfeo eta Euridice; Ifigenia Auliden, Ifigenia Tauriden.
Lorenzo da Ponte eta Pietro Metastasio libretista handiak izan ziren.
B3. Opera Erromantizismoan
XIX. mendean Italian operak jarraitzaile asko zituen. Ikuskizun oso herrikoia zen, eta operen estreinaldietara denetariko ikus-entzuleak joaten ziren, euren iritzia argi utziz: abeslariak, orkestrako musikariak eta konpositorea goraipatuz edota txistuka hasiz, batere gustatu ez zaiela adierazteko.
Erromantizismoko Operaren Etapak
- Bel cantoaren garaia (30eko hamarkadara arte): Bel cantoa ahotsaren birtuosismoa da, teknika akatsgabea eskatzen duena floriturak egiteko, nota laburrak bizkortasun handiz kantatzeko, trinoak egiteko... hau da, melodia oso apainduak erraztasun handiz kantatzeko.
Konpositore garrantzitsuenak:
- Gioachino Rossini: Sevillako bizargina, Gillen Tell, La Cenerentola
- Vincenzo Bellini: Norma, Puritanoak
- Gaetano Donizetti: L’elisir d’amore, Lucia di Lammermoor
- Erromantizismo betea: Verdi (70eko hamarkadara arte): Bere operetan Risorgimentoarekin bat zetozen ideiak ikus daitezke. Garrantzi handia eman zion koruari. Opera famatuenak: Rigoletto, Aida, La Traviata, Nabucco.
- Verismoa (XX. mendearen hasierara arte): Opera veristak errealitatea erakutsi nahi du, hau da, jende arruntaren arazoak eta emozioak operaren bitartez azaldu. Egilerik famatuena Giacomo Puccini izan zen, nahiz eta bere opera ezagun askotan urruneko mundu exotikoak irudikatzen dituen.
Bere operak: La Bohème, Tosca, Madama Butterfly, Turandot.
Puccinik garrantzi handia ematen zion orkestrari, doinu oso ederrak konposatu zituen, eta bere operetako heroi-protagonistak emakumeak izaten dira, askotan heriotzera bultzatuak izaten direlarik.
Richard Wagner eta Alemaniako Opera
Alemanian, operan, Richard Wagner aipatu behar dugu. Wagner alemaniar operaren sortzaile kontsidera dezakegu, italiar operatik oso desberdina zen ikuskizun bat sortu zuelako. Opera artelan “totala” bezala ulertzen zuen, antzerkigintzaren elementuek (iluminazioa, dekoratuak...) ere garrantzi handia zutela errebindikatuz.
Wagnerren operak germaniar mitologian oinarritzen dira, eta libretoak alemanieraz daude. Operako atalen artean garrantzi handia eman zion orkestrari, eta operetako pertsonaiak doinu edo elementu musikal baten bitartez identifikatzen hasi zen: leitmotiva asmatu zuen.
Bere opera nagusiak: “Nibelungoen eraztuna” tetralogia: Rineko urrea, Valkiria, Sigfrido, Jainkoen gainbehera; Nurembergeko maisu kantariak, Parsifal, Lohengrin, Tristan eta Isolda.
Kronologia Musikan
Musika historian hiru aro nagusi hauek bereizten dira:
- Barrokoa: 1600etik 1750era luzatzen da. 1600ean hasten da, opera asmatzen denean (agerpen honek musikaren bilakaera guztiz aldatu zuen), eta 1750ean bukatzen da Johann Sebastian Bach hiltzen denean. Bach barrokoko musikari handiena izan zen (opera bat ere konposatu ez zuen arren).
- Klasizismoa: 1750etik 1815era luzatzen da (Johann Sebastian Bachen heriotzetik Vienako Batzarra ospatu arte). Hala ere, 1730etik aurrera, barrokoko musikarekin batera, musika mota berri bat sortzen hasia zen, gaur egun musika aurreklasikoa deitzen duguna.
- Erromantizismoa: 1815ean hasi zen eta gutxi gorabehera 1900era arte luzatzen da. Musikologo batzuek 1883an jartzen dute bukaera, Richard Wagnerren heriotzaren aitzakiarekin. Beste batzuk, ordea, 1914. urtea proposatzen dute, Lehen Mundu Gerra hasi zen urtea.
Forma Musikalak eta Konposizio Motak
Barrokoko Formak
Barrokoan, erlijio musikari dagokionez, oratorioa, kantata eta pasioa sortzen dira. Koru eta orkestrarako obra luzeak dira. Famatuena Johann Sebastian Bachen “Pasioa San Mateoren arabera” da.
Musika profanoan: fuga, toccata.
Klasizismoko Formak
Klasizismoan erlijio musikan ez dago berrikuntza handirik, baina musika instrumentalean obra mota “perfektua” asmatzen dute. Obra honek 3 edo 4 parte izan ditzake:
- 3 parte baditu: Lehenengoak abiadura bizkorra edukiko du (Allegro), bigarrenak abiadura astiroa (Adagio) eta hirugarrenak abiadura oso bizkorra (Presto).
- 4 parte baditu: Lehenengoa Allegro izango da, bigarrena Adagio, hirugarrena ez bizkor ez astiro (adibidez, Menuetto edo Scherzo) eta laugarrena Presto.
Lehenengo parteak egitura hirutarra eduki behar du: A-B-A.
Konposizio honek izen desberdinak eduki ditzake, jotzeko erabiltzen den tresna kopuruaren arabera:
- Sonata: Tresna bakar batekin jotzen da.
- Ganbera-musika: Tresna gutxirekin jotzen da: duoa (2 tresna), trioa (3 tresna), kuartetoa (4 tresna), kintetoa (5 tresna)...
- Sinfonia: Orkestra osoak jotzen du, eta ez da tresna bat nabarmentzen besteen gainetik.
- Kontzertua: Orkestra osoak jotzen du eta tresna bat nabarmentzen da, bakarlari bat dago.
Erromantizismoko Kontzeptu Berriak
Erromantizismoan bi kontzeptu berri agertzen dira:
- Birtuosismoa: Musika tresna batekin konposizio oso zailak oso bizkor jotzeko trebetasunari deritzogu. Hau asko baloratzen da XIX. mendean. Musikariek euren artean “dueloak” (lehiaketak) ospatuko dituzte, ea nork jotzen duen bizkorrago erabakitzeko. Birtuosismo hau bi musika tresnekin emango da batez ere: pianoarekin eta biolinarekin. Musikariek birtuosoak izateko asko praktikatzen zuten, eta metronomoa erabiltzen hasi ziren.
Birtuosismoarekin lotuta forma txikiak sortzen dira: nokturnoak, estudioak, balsak, preludioak, mazurkak...
- Musika Programatikoa: Musikaren bitartez deskribapen bat edo istorio bat kontatu nahi digun musikari deitzen zaio. Hau da, musikaz gain, konposizioak irudi batzuk irudikarazten dizkigunean. Hau izango da XIX. mendeko musikari “modernoenek” landuko duten musika. Beste batzuk, ordea, estilo tradizionala jarraituko dute.
Musika programatikoarekin lotuta sortzen diren forma berriak sinfonia programatikoa eta poema sinfonikoa dira.
Konpositore Garrantzitsuenak
Ondorengoak dira Barroko, Klasizismo eta Erromantizismoko egilerik garrantzitsuenak (azterketarako ezagutu behar dituzuenak):
Barrokoko Konpositoreak
Johann Sebastian BACH
Georg Friedrich HÄNDEL
Klasizismoko Konpositoreak
(Beethoven gaztetan klasizismokoa da eta nagusitan erromantizismokoa)
Wolfgang Amadeus MOZART
Franz Joseph HAYDN
Erromantizismoko Konpositoreak
Richard WAGNER
Franz LISZT
Entzunaldi Garrantzitsuenak
| Zkia. | Izenburua | Egilea | Oharrak / Aroa |
|---|---|---|---|
| 1. | “Lascia ch’io pianga” | Georg Friedrich HÄNDEL | Aria bat da. BARROKOA |
| 2. | Sonata Do maiorren (K545). I. mugimendua | Wolfgang Amadeus MOZART | Sonata bat da. KLASIZISMOA |
| 3. | “Che farò senza Euridice” | Christoph Willibald GLUCK | Aria bat da, Orfeo eta Euridice operakoa. KLASIZISMOA |
| 4. | Klarinete Kontzertua (K622). II. mugimendua | Wolfgang Amadeus MOZART | Kontzertu bat da. KLASIZISMOA |
| 5. | 101. Sinfonia, “Erlojua” (Hob. 1/101). II. mugimendua | Franz Joseph HAYDN | Sinfonia bat da. KLASIZISMOA |
| 6. | “Gaua mendi soilean” | Modest Mussorgsky | Musika programatikoa da (poema sinfonikoa). ERROMANTIZISMOA |
| 7. | Estudio Iraultzailea | Frédéric CHOPIN | Birtuosismoaren adibidea da. Forma txiki bat, estudio bat. ERROMANTIZISMOA |
| 8. | 5. Sinfonia. I. mugimendua | Ludwig van BEETHOVEN | Sinfonia bat da. ERROMANTIZISMOA |
| 9. | 9. Sinfonia. 4. mugimendua: “Alaitasunaren ereserkia” | Ludwig van BEETHOVEN | Sinfonia bat da. ERROMANTIZISMOA. Lehenengo aldia izan zen konpositore batek sinfonia batean koru bat sartzen zuela. |
| 10. | Ilargi argia sonata. I. mugimendua | Ludwig van BEETHOVEN | Sonata bat da. ERROMANTIZISMOA |