Barrokoa eta Caravaggio: Artearen Garaia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,81 KB

Barrokoaren Testuingurua eta Jatorria

Barrokoa "barrueco" portugesezko hitzetik dator eta "perla irregularra" esan nahi du. XIX. mendean mespretxuz erabili zen, gehiegizko dekorazioa eta sormen falta leporatuz, baina gaur egun bere originaltasuna eta aberastasuna aitortzen zaizkio.

XVI. mendearen bukaeran hasi eta XVIII. mendearen erdira arte iraun zuen, rokoko azpikorronteak amaiera ekarri baitzion. Mendebaldeko Europan sortu zen, eta handik Europa osoan zein Hego Amerikan hedatu zen.

Barrokoaren hasiera bi prozesu nagusik bultzatu zuten: Erreforma protestantearen haustura erlijiosoa, honi erantzuteko Kontrarreforma katolikoa, eta monarkia absolutuen ezarpena.

Erlijio- eta botere-erakunde politikoek arte plastikoak erabili zituzten beren prestigioa eta eragina handitzeko. Aldi berean, nazio protestanteetan burgesiak izan zuen eragin nagusia, eta horrela, bere ideologia eta bizimodua artelanetan islatu ziren.

Barrokoaren Ezaugarri Orokorrak

Errenazimenduak oreka eta edertasuna bilatzen bazituen ere, barrokoak errealitatea eta egunerokotasuna nabarmendu zituen. Mugimenduaren artea da: izan ere, eskulturan tentsio dramatikoa adierazi zen; pinturan, pertsonaien dinamismo espresiboa eta airetiko perspektiba lortu ziren; eta arkitekturan, ikusgarritasuna eta hirien antolamendua nabarmendu ziren.

Caravaggio: Tenebrismoaren Maisua

Barrokoaren Pintura eta Gaiak

Barrokoan, XVII. eta XVIII. mendeetan, pintura maila gorenera iritsi zen. Izan ere, Italia nagusi zen artistikoki, eta eskola nazional handiak sortu ziren Europan, batez ere Italian, Flandrian, Herbehereetan eta Espainian. Olio-pintura handiak nagusitu ziren, eta eliza, aristokrazia eta burgesia izan ziren bezero nagusiak.

Kontrarreformaren eraginez, Europa katolikoan gai erlijiosoak nagusitu ziren, Trentoko Kontzilioak giro erlijioso zorrotza inposatu baitzuen. Aldiz, Herbehere protestanteetan genero-pinturak gailendu ziren, hala nola eguneroko eszenak, barnealdeak eta erretratuak (banako zein taldekoak). Mitologiari lotutako lanak aristokraziak eta burgesiak eskatu zituzten, eta ohitura-pinturetan paisaia eta natura hilak nabarmendu ziren.

Tenebrismoa eta Naturalismoa

Pinturan, arkitekturan eta eskulturan efektismo eszenografikoa eta mugimenduarekiko interesa areagotu ziren. Konposizio konplexuak nagusitu ziren, diagonalak eta eskortzo bortitzak erabiliz. Argia eta kolorea tratatzeko modu berria garatu zen: kolorea marrazkia baino garrantzitsuagoa bihurtu zen, eta argi-itzalen kontraste bortitzak, tenebrismoa, erabili ziren, Caravaggiok garatu zuena.

Naturalismo errealista eta tenebrismoa barrokoaren ezaugarri nagusiak izan ziren. Helburua errealitatea ahalik eta benetakoena eta hurbilena aurkeztea zen, idealizaziorik gabe, edertu gabe, akatsak eta miseriak muturreko samurtasun eta edertasunaren ondoan jarriz. Sarritan, eguneroko eszenak irudikatzen zituzten, eta naturalismo hori areagotzeko tenebrismoa erabiltzen zuten. Teknika honetan, pertsonaiak eta objektuak hondo ilunean (ia beltzean) aurkezten ziren, eta argi bortitz gidatu batez (antzerkiko foku baten antzera) nabarmentzen ziren, ikuslearen arreta eszenako puntu jakinetara bideratzeko. Objektuak eta keinuak lehen planora ekartzen ziren, inguruko elementuek eta paisaiak interesa galtzen zutelarik.

Caravaggioren Estiloa eta Obrak

Caravaggio (Michelangelo Merisi) izan zen eskola honetako ordezkari nagusia. Ez zen bizitzaren ikusle aseptikoa; aitzitik, errealitatea den moduan irudikatu nahi zuen. Teknika bikaina zuelarik, Errenazimenduko maisuen maila gainditu zuen eta errealitatea irudikatzeko izugarrizko gaitasuna erakutsi zuen. Bere eszena erlijiosoak eguneroko giroetan kokatzen zituen, kaleko pertsonaia arruntak modelo gisa erabiliz: hala nola prostitutak, eskaleak, oin zikinezkoak eta gaixoak. Adibidez, San Mateoren bokazioa taberna batean kokatu zuen. Bere eskortzo gogorreko konposizioetan argien eta itzalen kontrasteak erabili zituen, efektu dramatiko handia sortuz, eta horregatik dugu tenebrismoaren maisua.

Pintore original eta berritzailea izan zen, eta hori argi ikus daiteke bere lanetan: hala nola San Mateoren bokazioa, San Pedroren martirioa, Emaus-en afaria edota Judith eta Holofernes. Gaztea zela hil bazen ere, bere ospea Europa osora zabaldu zen, eta bere joeraren jarraitzaile bikainak sortu ziren nonahi, besteak beste, Gentileschi, Ribera eta Borgianni.

Barrokoaren Joera Nagusiak

Azkenik, barrokoaren barruan bi joera nagusi bereizten dira: naturalista, errealismoan oinarritua, eta klasikoa, Errenazimenduko tradizioari jarraipena ematen diona.

Entradas relacionadas: