Barrokoa: Arkitektura, Ezaugarriak eta Maisu Handiak (Bernini, Borromini)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,02 KB
Barrokoa: Sarrera Historikoa
XVII. mendean eta XVIII.aren hasierako urteetan egindako arteari Barrokoa deritzogu. Barrokoaren helburua herriari zuzendutako artea zen, jende xehea baitzen hartzailea. Kontrarreformaren garaian, Erroman sortu zen.
Propaganda arte honek eliza, errege edo nazioaren botere eta agintearen distira adierazteko, obra harrigarri, aberats eta liluragarriak hobesten ditu.
Erlijioari zegokionean, katolikoek fededunak sentikor bihurtu nahi izan zituzten, emozioak eta grinak adieraziz; protestanteek, bien bitartean, nahiago zuten burgesek egunerokotasunarekiko zuten gustua.
Azken batean, liluraren, luxuaren, fantasiaren eta mugimenduaren artea zen Barrokoa, arte herrikoi, komunikagarriagoa eta aldaera ugari zituena, herri bakoitzaren nortasunaren arabera garatu zena.
Arkitektura Barrokoaren Ezaugarri Orokorrak
- Arkitektu barrokoek hautsi egin zuten Errenazimentuak zuen edertasun, harmonia eta orekatasunaren kontzeptua. Eraikuntzaren zatien arteko adostasuna edo proportzioa ahaztu eta ardatz nagusi bakarra zen mugimenduaren zerbitzutan jarri zen guztia.
- Sinpletasunaren ukapena. Dekorazio-oparotasunak eraikuntzaren elementuak ezkutatu egiten ditu.
- Mugimenduaren garrantzia. Forma kizkurrak, lerro kurbatuak, alderdi ahur eta ganbilak, arkitrabe ondulatuak, frontoi zatituak eta kurbatuak, zutabe salomondarrak erabiltzearen ondorioz lortzen zen dinamismoa eta mugimendua (Barrokoaren kezkarik handiena).
- Arkitekturaren elementu guztiak erromatarren klasikotasunetik jasotzen ziren (kolomak, frontoiak, kupulak, etab.), baina arkitektu barrokoek askatasunez jokatu zuten elementu horiekin.
Oinplano-mota
Oinplano eliptikoak, obalak eta edozein forma geometriko nagusitzen ziren.
Euskarriak
Salomondar zutabea (bere baitan higidura helikoidalez bihurritua) eta zutabe konposatua (ordena klasikoetako dekoratuena) ziren erabilienak.
Estalkiak
Kupula eliptikoak. Gangak perspektiba efektuz pintatzen ziren, zeru irekiko edo arkitektura handiko ilusio faltsuak sortzeko.
Fatxadak
Higiduraz beteak, dinamismoa indartzen duten alderdi ahur eta ganbilez. Argi-ilun efektuekin.
Dekorazio-elementuak
Landareak, nitxoetako eskulturak, oso erlaitz irtenak, eraikuntzaren egitura ezkutatzen duten moldurak, etab.
- Eliza eta jauregia eraikuntza inportanteenak ziren, Monarkiaren eta Elizaren luxu handiko adierazleak.
Hirigintza
Barrokoan hiri-kontzeptuak garapen handia izan zuen. Perspektiba handiz diseinaturiko plaza handiak sortzen ziren eta iturri zein estatua mitologikoz josiriko lorategiak egin ziren.
Arkitektura Barrokoa Italian: Jatorria eta Maisuak
Estilo barrokoa Erroman sortu zen, Kontrarreformaren hiri santuan. G. della Portak egindako Gesù elizako fatxada edota Madernoren Vatikanoko San Pedro bezalako lanak oinarri izan ziren. Aurrerantzean, forma kurbatu konplexuagoetara eboluzionatu zuen, apaindura handiko formetara, dinamismo handiko erritmoak eta argi-ilunak sortuz.
Arkitektu eta Artelan Adierazgarrienak
Bernini (1598-1680)
Barrokoaren arkitektuen artean maisua. Berniniren lan askotarikoek eman diote Aita Santuen Erromari bere itxura barrokoa. Bere lanik garrantzitsuenak Baldakinoa eta Erromako San Pedro plaza dira.
Baldakinoa
Vatikanoko San Pedro elizako Baldakinoa (elizako aldarea estaltzen duen zur, marmol eta abarrezko egitura) arkitektura lan aparta da. Artelan gehienetan bezala, arkitektura eta eskultura konbinatzen ditu. Brontzezko zutabe salomonikoak erabili zituen artistak, ereinotz hostoz apainduta taulamendu bat eusten dutenak. Apaindura aberatsez jantzirik dago.
Erromako San Pedro Plaza
Lan honetan dagoen kolomateriak elizaren besoak irudikatzen ditu, kristau komunitatea hartzen eta besarkatzen duena. Maderno arkitektuaren San Pedroko fatxada amaitu eta gero, elizaren aurreko espazioa kolomak osatutako elipse formako arkupe baten bidez itxi zuen Berninik. Kolomateriak tenplu klasikoen fatxadak eginez amaitzen dira.
Borromini (1599-1667)
Fantasia eta gaitasun tekniko handiko arkitektua izan zen. Tradizioarekin hautsi zuen eta bere berrikuntzak Europa osoan imitatu ziren. Errenazimentuko arkitekturaren kutsu estatikoa hautsi egin zuen, forma berriak bilatu eta espazio berriak sortuz.
San Carlo alle Quattro Fontane
Erroman dagoen eliza da. Bihurgune anitzeko oinplano obala erabili zuen. Edifizioari eskultura bailitzan forma ematen dio. Estilo barrokoak mugimenduarekiko duen ardurak hormak uhinduak egitera eraman zuen. Hormak mugitu egiten dira, eta beraiekin batera erlaizak, moldurak, frontoiak eta kolomak. Borrominik espazio pasiboak eta estatikoak apurtu eta espazio mugikorrak sortu zituen.
San Ivo alla Sapienza
Izar formako oinplanoa eta linterna originala dira aipatzekoak.