Barne Diseinuaren Estiloak: Neoklasizismotik Art Nouveau-ra
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en
vasco con un tamaño de 17,6 KB
Neoklasizismoa: Jatorria, Estetika eta Testuingurua
Neoklasizismoa XVIII. mendearen amaieran sortu zen eta XIX. mendean zehar garatu zen, batez ere 1775 eta 1850 artean barne diseinuan. Estilo honek garai hartako egoera politiko, sozial eta intelektualari erantzun zion.
Testuinguru Politiko eta Intelektuala
- Politikoki: Europan bi joera nagusi zeuden: monarkia absolutuak eta despotismo ilustratua (Frantzian, Espainian, Austrian), eta sistema parlamentarioak eta burgesiaren hazkundea (Britainia Handian eta Herbehereetan). Aldi berean, industrializazioaren lehen urratsak ematen hasi ziren.
- Intelektualki: Ilustrazioa zen testuinguru nagusia. Arrazionaltasuna, hezkuntza laikoa, metodo zientifikoa eta liberalismo ekonomikoa bultzatu ziren. Botere tradizionalen aurkako jarrera nabarmena zen. Frantzian sortu zen eta Entziklopedia (1751-72) izan zen bere adierazle nagusietakoa.
Estetika Klasikoa
Estetikoki, neoklasizismoak rokokoaren gehiegikeriari erantzuten dio. Klasizismo greko-erromatarrean oinarrituta, sinpletasuna, ordena eta oreka bilatzen ditu barne diseinuan. 1738tik aurrera Ponpeia eta Herkulanoko indusketek antzinatearekiko interesa berpiztu zuten eta arkeologiaren sorrera ekarri zuten. Horrek eragin handia izan zuen estiloaren garapenean.
Autore Garrantzitsuenak
- Joachim Winckelmann: Greziar artearen baloratzaile handia eta artearen historiaren aita.
- Giovanni Battista Piranesi: Erromatar arkitekturaren defendatzailea, bere grabatuek hedapen handia izan baitzuten.
Laburbilduz, neoklasizismoa Ilustrazioaren baloreetan eta antzinatearen estetikan oinarritutako estilo arrazional eta sinplea izan zen, barne diseinuan eragin sakona izan zuena.
Neoklasizismoko Altzari Adibideak
Altzari Konplexuak eta Funtzionalak
Secretaire (Idazmahaia) (1781) - Jean-Henri Riesener
Luxuzko altzaria da, Frantzian egina (egilea germaniarra zen). Mahaia ez zen horrela bakarrik gelditzen, normalean bestelako funtzioak gordetzen baitzituen. Konpartimentuz banatutako mahaia da, behin irekita hainbat konpartimentu gordetzen dituena, dokumentuak zein paperak gordetzeko. Erdialdean ispilua du, tokadore gisa erabili ahal izateko, nahiz eta txikia izan. Bere konplexutasun mekanikoari esker nabarmentzen da.
- Marketeria: Patroi bat errepikatzen du, erdian loreak, erronboak zirkuluekin lotutakoak, eta erdian obalo bat konposizio batekin.
- Sinboloak: Ereinotzak, oiloak, ezagutza ilustratuaren sinboloak... Izaera ilustratuaren sinboloa.
- Dekorazioa: Marketeria, beti harmonia mantenduz. Brontzezko aplikazio urreztatua ere badago.
- Egitura: Asimetrikoa da, baina ez oso handia. Bolumen handirik ez du, markoetatik atera gabe. Hanka zuzenak, espitile hankak.
Bonheur du jour (1769) - Martin Carlin
Idazmahai funtzioa du. Bonheur du jour izena du (ez da itzultzen). Idazmahaia da, baina arinagoa eta txikiagoa. Etxeen barnean genero barietate izugarria zegoen. Horrelako altzari lirainak feminitateari lotuta zeuden, emakumeentzako bideratutako idazmahaiak ziren.
- Egitura: Kabriole hanka ez da galtzen, baina oso zabala da, kurba oso leuna dauka. Tiraderak ditu, zabaltzen direnak.
- Funtzioa: Idazmahaia da, eta kaxoiak ditu gauzak gordetzeko. Bi maila ditu, behekoa eta goikoa, biak mahai gisa erabiltzen dira.
- Dekorazioa: Aldaketa ikusten da paneletan, portzelanazkoak baitira, lore polikromatuak dituztenak. Guztia bere markoan, simetrikoa. Heldulekuetan ereinotzak errepresentatzen dira.
- Kokapena: Atzeko aldean marketeria du, dekoratua dagoelako leku guztietan. Ez da paretan apoiatzekoa.
Bureau (1780) - David Roentgen
Idazmahai maskulinoa, Bureau-a. Ebanista alemaniarraren estiloa da. Kalitate handiko egurrak eta altzariak erabiltzen ditu, baina ez da bere dekorazioarengatik nabarmentzen. Garaian, oso berritzailea zen, Alemanian oraindik rokokoa oso ezarria baitzegoen. Roentgenek altzari guztiz neoklasikoak egiten zituen.
- Estetika: Soilak dira, baina plastikotasun handia duela ematen du.
- Materiala: Egurraren kalitatea nabarmentzen da, eta kalitateak sortzen duen efektua. Urreztatuak daude, moldura edo markoak sortzen dituztenak.
Fauteuil à la reine (ca. 1788) - Georges Jacob
Erreginaren besaulkia da, atsedenera edo erosotasunera bideratuta dagoena. Besaulki zabalagoa eta bigunagoa. 70-80 hamarkaden artean ezarri ziren altzari neoklasikoak. Lehen espazio neoklasikoetan oraindik altzari rokokoak bazeuden.
- Egitura: Kurba bat dago, baina oso arina. Hanka zuzenak ditu.
- Dekorazioa: Urreztadurek jarraitzen dute, batez ere altzari frantsesetan.
- Materialak: Banbua, bolia, kareia... egurra da.
Altzarien Ezaugarri Orokorrak
- Lerro zuzenak berreskuratzea.
- Bihurguneak ez dira desagertzen, baina urriagoak, apalagoak eta proportzionalagoak dira.
- Dekorazio soila.
- Eragin klasikoko motibo dekoratiboak.
- Purutasun estrukturala eta dekoratiboa.
- Estilo zorrotz eta soila izan arren, arintasuna nagusi.
- Marketeriak, urreztadura eta zizelkatu oparoak zeharo gutxitu.
- Denborak aurrera egin ahala, aldaketak: altzari monumentalagoak, forma anitzagoak.
Materialak
- Egurra: Kaobaren orokortzea, eta ordura arte erabilitako egur gehienak (intxaurra, haritza, gaztaina...).
- Xaflatuetarako: Palisandroa, ebanoa, sapelia, sikomoroa...
- Aplikazioetarako eta estalgarrietarako: Brontzea, tapizeria.
Robert Adam eta 'Adam Style' (Ingalaterra)
Robert Adam (1728–1792) Eskoziako barne diseinatzaile eta arkitektoa izan zen, eta neoklasizismoaren figura erabakigarria bihurtu zen, batez ere Ingalaterran. Bere lanek halako eragina izan zuten non bere estiloak izen propioa hartu zuen: "Adam style".
Adamen Diseinuaren Printzipioak
Adamek harmonia eta oreka klasikoa bilatzen zituen bere lanetan. Espazioaren bateratasuna eta homogeneotasuna lortzen saiatzen zen beti, eta horretarako dekorazio-elementu guztiak estilo bakarrean uztartzen zituen: sabaiak, hormak, moldurak eta altzariak. Gainazal guztiak estilo bakar batean bateratuak izatea zen bere helburua, ikusizko osotasun bat lortzeko.
Ezaugarri Nagusiak
- Sabai lauarekiko lehentasuna (nahiz eta gangak eta kasetoidura ere erabili).
- Elementu dekoratiboak: gruteskoak, maskaroiak, lehoien buruak, markoak eta arma motiboak.
- Zutabe eta pilastren erabilera espazioan integratuta.
- Kontraste kromatikoak gela ezberdinen artean.
- Simetria zorrotza eta geometria erregularra.
Lan Ospetsuak
- Kenwood House (1764–69): Exedrak, ganga, frisoa eta kapitel korintiarrak erabiliz espazio bateratua eta klasikoa sortzen du. Paretetako koloreak giro bareak lortzeko aukeratzen dira.
- Croome Court-eko tapizen aretoa (1763–69): Sabaiko iztukuetan gruteskoak eta kalitate tekniko handia nabari dira.
- Culzean Castle-eko lanak (1777–92): Sabai zirkularrean simetria eta gruteskoen aplikazioa ikus daitezke, eta bi kolore soilen erabilerarekin espazio dinamikoak sortzen dira.
- Syon House: Barnealde osoa birmoldatu zuen, barnealdeen diseinu modernoaren aitzindarietako bat bihurtuz.
Adamek antzinako Erromako arkitektura sakonki ezagutzen zuen, eta bere lanetan “Ruins of the Palace of the Emperor Diocletian” (1764) liburuan oinarritutako elementuak sarritan ageri dira. Italian eta Frantzian bidaiatu zuen, eta Cinquecento zein manierismoko artistengandik inspirazioa jaso zuen. Bere barnealdeetan, elementu klasikoekin ilusio optikoak eta espazioen sakontasuna lortzen zituen perspektibaren bidez, askotan exedrak erabiliz. Horrela, espazioa banatuta egongo balitz bezala antolatzen zuen. Bere lanak ez ziren errepikapen hutsak, baizik eta ikuspegi ilustratu batetik sortutako proposamen integratu eta arrazionalak, interiorismo modernoaren oinarriak ezarri zituztenak.
Neoklasizismoa Frantzian: Ilustrazioa eta 'Goût Grec'
Neoklasizismoa Frantzian XVIII. mendeko bigarren erdialdean garatu zen, Ilustrazioaren testuinguruan. Garai hartan, Frantziak monarkia absolutua mantentzen zuen, baina despotismo ilustratua hedatzen hasia zen. Aldi berean, Ilustrazioa martxan zegoen: arrazionaltasuna, metodo zientifikoa, hezkuntza laikoa eta botere tradizionalen aurkako jarrera zabaltzen ari ziren.
Estiloaren Bilakaera
Estiloaren ikuspegitik, rokokoa nagusi zen barne diseinuan, baina lehen kritikak ere agertzen hasi ziren. Horren aurrean, neoklasizismoak sinpletasuna, ordena eta oreka ekarri nahi zituen berriro, klasizismoaren bidez. Estetika berri hau XVII. mendeko Luis XIV.aren klasizismoaren oroitzapenetik elikatzen zen, baina ikuspegi ilustratu eta arrazionalago batekin.
Adibide Nagusiak
- Petit Trianon (1762-1768): Ange-Jacques Gabrielek diseinatua. Eraikin honetan eta bere barnealdeetan ikus daiteke dekorazioaren sinpletasuna, forma geometrikoak, kolore neutroak eta urrezko apaingarri arinak, denak arrazionaltasunaren logikari jarraikiz. Espazioak txikiagoak dira, eta intimitatea eta erosotasuna nabarmentzen dira, errepresentazioaren gainetik.
- “Goût grec” joera: 1750eko hamarkadan agertu zen, eta Greziako estilo klasikoa idealizatzen zuen, nahiz eta askotan erromatar ereduen bidez irudikatua izan.
Tratatugintza
Tratatugintzak ere indarra hartu zuen Frantzian. Nabarmen daitezke Jean-François Blondelen De la distribution des maisons de plaisance eta Marie-Joseph Pevreren Oeuvres d’architecture, non barnealdeen diseinu arrazionala eta klasikoa proposatzen zen, formaren eta edertasunaren bidez.
Laburbilduz, Frantzian neoklasizismoak rokokoaren oparotasunaren aurkako erantzun arrazionala izan nahi zuen, eta Ilustrazioaren baloreak, Greziako eta Erromako klasizismoa eta espazioaren sinpletasuna uztartzen zituen barne diseinuan.
Arts and Crafts Mugimendua (1870–1910)
XIX. mendearen bukaeran, Erresuma Batuan sortu zen Arts and Crafts mugimendua industria-iraultzaren ondorioz zabaldu zen masa-ekoizpenari aurre egiteko asmoz. Garai hartan bi arazo nagusi zeuden diseinuaren arloan:
- Ekoizpen mekaniko industrialek objektu ugari sortzen zituzten, baina kalitate baxukoak eta izaera propiorik gabekoak.
- Historizismoak estilo historiko zaharrak kopiatu arren, zaharkituta zeuden eta berrikuntza eta orijinaltasun faltagatik kritikatuak ziren.
William Morris eta Artisautzaren Balioa
Testuinguru honetan, William Morris izan zen Arts and Crafts mugimenduaren sortzaile nagusia. Bere helburua zen artisautzan eta kalitatean oinarritutako diseinua bultzatzea, eta hori gizarte osoaren eskura jartzea. Arte "txikiek", hala nola altzariek, ehungintzak eta paperezko dekorazioek, Arte Ederren pareko balioa izan zezaketela aldarrikatu zuen.
Mugimenduaren Printzipioak
- Eskuzko teknikak lehenestea, Erdi Aroko artisautza idealizatuan inspiratuz.
- Funtzionaltasunaren eta edertasunaren arteko oreka bilatzea.
- Gizakiaren eta naturaren arteko lotura estetiko eta sinbolikoa defendatzea, horregatik landare-motibo harmonikoak eta kolore leunak erabiltzea.
Bere ideiak gauzatzeko, hainbat enpresa sortu zituen, hala nola Morris, Marshall, Faulkner & Co. (1861), Morris & Co. (1875), eta Kelmscott Press (1891). Diseinu industrialean eragin handia izan zuen, baina batez ere barne diseinuan nabarmendu zen.
Adibide Nabarmenak
- Red House (1859–60): Philip Webbek eraikia eta Morrisek diseinatua. Arkitektura eta barne diseinua osotasun harmoniko batean uztartzen dira.
- Victoria and Albert Museum-eko jangela berdea (1866–69): Webb, Burne-Jones eta Morris, Marshall, Faulkner & Co.-ren lan kolektiboa. Kolore berde matea garai hartan ohikoak ziren kolore ilun eta astunekin hausten zuen.
Arts and Crafts mugimenduak eragin handia izan zuen, eta Art Nouveau mugimenduaren aurrekari gisa hartzen da, biak industria-ekoizpenaren aurkako jarreran eta artisautzaren balioan oinarritzen baitira.
Historizismoa eta XIX. Mendeko Diseinua
Historizismoa XIX. mendeko bigarren herenean garatu zen (gutxi gorabehera 1830etik 1890era), eta Erromantizismoaren pentsamenduan du jatorria. Arrazionalismoaren ikuspegi hotz eta objektiboaren aurrean, garai hartako artistak eta gizartea subjektibotasunaren, emozioen eta iragan idealizatu baten bilaketara jo zuten. Horrek eragin zuzena izan zuen arte eta diseinuan: estilo berriak sortu ziren iraganeko estilo historikoak berrinterpretatzeko asmoz.
Historizismoaren Ezaugarriak
Historizismoaren oinarria da aurreko garai artistikoen elementuak berrerabili eta berrasmatzea, betiere ikuspegi erromantiko eta estetiko batetik. Ez zen kopia zehatz bat egiten, baizik eta iraganaren ideia bat islatzen zen. Horregatik, "neo" estiloak nagusitu ziren:
- Neogotikoa: Espiritualtasun eta misterioarekin lotua.
- Neorokokoa eta Neobarrokoa: Oparotasun eta luxuarekin lotuak.
- Neorromanikoa: Antzinako zintzotasunarekin lotua.
Altzari eta barne diseinuan, historizismoak elementu arkitektoniko eta dekoratiboak testuingurutik aterata erabiltzea ekarri zuen. Adibidez, arku zorrotzak, gangak, doselak edo zutabeak ageri dira altzari zibil modernoetan. Estilo hauek askotan eklektizismoarekin nahasten ziren, hainbat elementu historiko batera sartzen zirelako, bezeroen gustu pertsonalen arabera. Azken finean, Historizismoa da iragan loriatsu baten ideia estetikoaren bidez gaur egungo espazio eta objektuak apaintzea, nazio identitatea, estatus soziala edo balore espiritualak transmititzeko asmoz.
XIX. Mendeko Altzarien Ekoizpenaren Errealitatea
XIX. mendean, dekorazio-mugimendu berrien agerpenei paraleloan, altzariaren ekoizpenean errealitate konplexua zegoen:
- Altzari historizista eta eklektikoa.
- Arts & Crafts altzaria.
- Altzari aurremodernista eta modernista.
Errealitate Sozioekonomikoarekin Lotutako Problematika
- Altzariaren ekoizpen industriala.
- Kalitate baxuko altzari eta estiloen ugaritzea.
- Altzariak ez bakarrik aristokraziarenak: burgesiarenak eta, hein txikiagoan, klase ertainarenak ere bai.
- Balore berriak: funtzionaltasuna, ekoizpen-kostuen errentagarritasuna.
- Ebanistaren irudiaren gutxinakako desagerpena, diseinatzaileak ordeztua.
- Altzariaren nazioarteko merkatuaren jaiotza (nazioarteko erakusketak, aldizkari espezializatuak...).
- Teknologia berriak altzarien tratamendurako: lehorketak, esterilizazioa, iragazgaiztasuna.
Materialak
- Egurra (Trinkoa): Haritza, pinua, kaoba, pagoa...
- Taula kontratxapatu eta aglomeratuak.
- Metal arinak: Burdina, altzairua, aluminioa.
- Plastikoak eta gomak (egitura-elementu edo estalgarri gisa).
Art Nouveau (1890–1914)
Art Nouveau XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran garatu zen mugimendu artistikoa da, gutxi gorabehera 1890 eta 1914 bitartean. Testuingurua markatzen duten faktore nagusiak dira industria-iraultzaren ondorengo masa-ekoizpena, historizismoaren nekea eta Arts and Crafts mugimenduaren eragina. Garai horretan, diseinuaren eta artearen munduan berrikuntza estetiko baten beharra somatzen zen, eta Art Nouveau mugimenduak ikuspegi modernoa eta originala ekarri zuen.
Estilo Berriaren Ezaugarriak
Historizismoaren eta eklektizismoaren estilo historikoen nahasketaren aurrean, Art Nouveau-k estilo berri bat sortu nahi izan zuen, guztiz garaikidea eta bere garaiarekin konektatua. Horrela, iraganeko ereduekiko haustura planteatu zuen, baina, aldi berean, Arts and Crafts mugimenduak proposatutako artisautzaren balioa eta naturarekiko lotura bere egin zituen.
Art Nouveau-ren Elementu Nagusiak
- Lerro kurbatu eta organikoak, natura motiboetan inspiratuak (landareak, loreak, animalien formak…).
- Dekorazioaren eta egituraren batasuna: altzari, beirate, burdin forjatu eta barne elementuak elkarrekin diseinatzen dira.
- Material berrien erabilera: beira, burdina, zeramika, egur zizelkatua...
- Kolore leunak eta harmoniatsuak, eta dekorazio etengabea, forma guztietan estetika integratua bilatuz.
- Arte guztien arteko elkarrizketa, hierarkiarik gabe: arkitektura, altzariak, pintura eta artisautza guztiz uztartzen dira.
Nazioarteko Hedapena
Art Nouveau-ren estiloa nazioartean zabaldu zen, izen desberdinekin:
- Art Nouveau (Frantzia)
- Modernismo (Espainia)
- Jugendstil (Alemania)
- Sezessionstil (Austria)
- Stile Liberty (Italia)
Mugimendua hiri burgesen artean hedatu zen, eta bere helburu nagusia zen artea bizitzaren egunerokotasunera hurbiltzea, eta aldi berean estetika berritzailea eta funtzionaltasuna uztartzea. Art Nouveau, beraz, historizismoaren eta ekoizpen industrialaren aurkako erreakzio gisa ulertzen da, eta artearen eta diseinuaren modernizazioan funtsezko urratsa izan zen, XX. mendeko abangoardien aurrekari zuzena bihurtuz.