Baliabide Naturalak, Energia Iturriak eta Industria: Meatzaritzatik Globalizaziora
Enviado por Chuletator online y clasificado en Ciencias sociales
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,74 KB
Lurpeko Baliabideak eta Meatzaritza
Bigarren sektorean, naturatik ateratako produktuak eraldatzen dira produktu landu bihurtzeko. Pertsonek natura-baliabideak erabiltzen ditugu gure beharrak asetzeko; industriak eraldaketa-prozesu hori betetzen du. Natura-baliabide horiek lehengaiak dira.
Energia-iturriak eraldaketa-prozesu baten ondoren industria-prozesuek eta garraioek behar duten indarra dira (ikatza, hidrokarburoak, argindarra…).
Baliabideak lurrean dauden ondasun guztiak dira.
Erreserbak aurkitutako eta kokatutako baliabideak dira, eskura dagoen teknologia erabiliz errentagarritasunez ustia daitezkeenak.
Mineral-baliabideak hiru taldetan sailka ditzakegu:
- Metalezkoak: hauetatik metalak erauzten dira (urrea, zilarra, kobrea eta burdina).
- Ez-metalezkoak: hauetatik ez da metalik erauzten (kuartzoa, igeltsua, gatzarria, fluorita eta feldespatoa —zeramikan erabilia—).
- Mineral energetikoak: hauetatik energia ateratzen dugu (ikatza, gasa, petrolioa eta uranioa).
Mineral-baliabideak lurpean egoteagatik, horiek erauzteko jarduera meatzaritza da. Hobiak aire zabalekoak (lur-arrasean daude) edo lurpeko meatzeak izan daitezke.
Erronka: Baliabideak Agortu Gabe Ustiatzea
Baliabideak berriztagarriak edo berriztaezinak izan daitezke:
- Berriztagarriak: ez dira agortzen.
- Berriztaezinak: haien sortze-prozesua kontsumoa baino motelagoa da; hala nola, petrolioak milioika urte behar ditu sortze-prozesua osatzeko.
Mineralak baliabide berriztaezinak dira; gehiegi kontsumituz gero, hobiak agortu egin daitezke.
- Mineral birziklagarriak: bauxita (aluminioa) eta burdina behin eta berriro erabil daitezke.
- Mineral birziklaezinak: behin bakarrik erabil daitezke, adibidez, petrolioa eta ikatza.
Mineral Ez-energetikoen Ekoizpena eta Kontsumoa
Garrantzitsuenak honako hauek dira:
- Burdina: gehiena altzairua egiteko erabiltzen da siderurgian. Ekoizle nagusiak Txina, Brasil eta Australia dira.
- Bauxita: bauxita-meatze handienak Australian, Brasilen eta Indian daude. Aluminio-ekoizle nagusiak Txina, Errusia eta Kanada dira. Aluminioa eraikuntzan, aeronautikan, mekanikan eta ontzigintzan erabiltzen da.
- Kobrea: ekoizle nagusiak Txile, Peru eta Estatu Batuak dira. Elektrizitatea eroateko erabiltzen da.
Metalen banaketa ez da orekatua, munduko erreserben erdiak hobi gutxi batzuetan biltzen baitira. Herrialde garatuek askoz lehengai gehiago kontsumitzen dituzte herrialde azpigaratuek baino.
Energia Iturrien Bilakaera Historikoa
Gure arbasoen lehen energia-iturriak sua, haizea, ura eta animalien indarra izan ziren.
1780an, Britainia Handian I. Industria Iraultza sustatu zen James Watt-ek sortutako lurrun-makinarekin; ikatza energia-iturri bilakatu zen.
1870ean, Estatu Batuetan hidrokarburoak (petrolioa eta gasa) eta Thomas Alva Edisonen elektrizitatearen erabilera zirela eta, II. Industria Iraultza sustatu zen.
XX. mendean energia-iturri berriak sortu ziren: nuklearra, eolikoa, eguzki-energia, geotermikoa, biomasa...
Energia Iturri Konbentzionalak
Bi dira energia-iturri konbentzional nagusiak: hidrokarburoak eta elektrizitate konbentzionala.
Hidrokarburoak (Petrolioa eta Gas Naturala)
Lehengai mineral fosilak dira. Petrolioa lehengai gisa erabiltzen da plastikoak, intsektizidak, herbizidak eta sendagaiak sortzeko.
Baliabide berriztaezinak dira: itsas hondoan lurperaturiko organismoen deskonposaketatik sortzen dira, eta prozesu horrek milioika urte irauten du. Petrolio-hobiak etorkizunean agortu egingo zaizkigu.
Gaur egun erabiltzen diren teknikek poltsen % 40 inguru erauzteko aukera ematen dute. Gainera, kontsumoguneak hobietatik urrun daudenez, garraiatu egin behar dira:
- Gasbideak: gasa garraiatzeko.
- Oliobideak: petrolioa garraiatzeko.
- Gas-ontziak, petrolio-ontziak, etab.
Herrialde esportatzaile nagusiak: Saudi Arabia, Errusia, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Nigeria dira.
Herrialde ekoizle nagusiak: Saudi Arabia, Errusia, Estatu Batuak, Iran eta Txina dira.
Herrialde kontsumitzaile nagusiak: Estatu Batuak, Txina, Japonia, India eta Errusia dira.
Herrialde ekoizleak petrolioaren merkatua kontrolatzen eta arautzen saiatzen dira. LPEE (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea – OPEC) 1960an sortu zuten. Sortzaileak Iran, Irak, Kuwait, Saudi Arabia eta Venezuela izan ziren. Hauek petrolio-erreserben % 80 kontrolatzen dute.
Elektrizitate Konbentzionala
Energia-iturri hedatuena da, hiru arrazoirengatik:
- Erraz garraiatzen da distantzia luzeetara.
- Garbia da kontsumitzen den lekuan.
- Eraldatuz, erraz lor daitezke beste energia mota batzuk: argi-energia, energia kimikoa eta energia mekanikoa.
Energia elektrikoa sortzeko beste energia-iturri batzuk behar dira. Hauek dira iturri tradizionalak:
- Zentral termikoak: Hauetan erregaia erretzen da. Sortutako lurrun-zurrustadak sorgailu elektriko batzuetara konektaturiko turbinak mugitzen ditu. Sorgailuetan sortzen da elektrizitatea. Garrantzitsuenak Txinan eta Estatu Batuetan daude.
- Zentral nuklearrak: Mineral erradioaktiboen atomoen fisio edo hausturatik sortzen da energia. Uranioa erabiltzen da batez ere. Fisiotik ateratako beroak ura berotzen du, eta ur-lurrunak turbina batzuk mugiarazten ditu, elektrizitatea sortuz. Garrantzitsuenak Estatu Batuetan eta Frantzian daude.
- Energia hidroelektrikoa: Uraren indarra erabiltzen da. Ura urtegietan metatzen da eta presak eraikitzen dira. Presaren behealdean, ura turbina baten hegaletan zehar pasarazten da. Hegalak mugitzean elektrizitatea sortzen da. Zentral garrantzitsuenak Kanadan, Estatu Batuetan, Brasilen eta Txinan daude.
Energia Alternatiboak edo Berriztagarriak
Energia berriztagarriak dira eta energia konbentzionalek baino gutxiago kutsatzen dute. Hauek dira nagusiak:
- Eolikoa: Haizearen indarra erabiltzen da. Haizeak errota erraldoi batzuen hegalak (aerosorgailuak) mugitzen ditu, elektrizitate-sorgailu batera konektatuak. Aerosorgailuak lehorrekoak edo itsasokoak izan daitezke.
- Eguzki-energia: Eguzkiaren erradiazioa erabiltzen da elektrizitatea sortzeko.
- Termikoa: Eguzki-izpiak hartzen dituzten eguzki-plakak erabiltzen dira ura berotzeko edo lurruna sortzeko.
- Fotovoltaikoa: Eguzki-panelak (zelula fotovoltaikoak) erabiltzen dira argia zuzenean elektrizitate bihurtzeko.
- Biomasa: Hiriko edo nekazaritzako hondakin organikoak erretzen dira. Hondakin horien deskonposaketak sortutako gasak (biogasa) edo errekuntzak sortutako beroa turbinak mugiarazteko erabiltzen dira.
- Geotermikoa: Lurraren barneko beroaz baliatzen da elektrizitatea sortzeko eta klimatizazio-sistemetan erabiltzeko (hoztea eta berotzea).
- Mareomotrizia: Mareen mugimendua erabiltzen da elektrizitatea sortzeko. Olatuen energia (undimotriza) ere erabil daiteke.
Energia berriztagarriak gero eta gehiago ezartzen ari dira, baina zenbait arazo dituzte:
- Naturaren menpe daude (haizea, eguzkia, mareak...).
- Inbertsio handiak behar dira errentagarriak izateko.
- Errendimendu txikiagoa izan dezakete energia konbentzionalekin alderatuta.
- Zaila da sortzen duten energia modu eraginkorrean metatzea.
Adituen ustez, energia sortzeko irtenbide iraunkorrena zenbait sistema berriztagarri konbinatzea litzateke.
Egungo Industria Iraultza eta Globalizazioa
Industria Berriak: Hirugarren Industria Iraultza
Hirugarren Industria Iraultza 1970eko hamarkadan hasi zen, eta oraindik jarraitzen du. Gaur egun, goi-teknologia erabiltzen duten punta-puntako industriek bultzatzen dute iraultza hau. Industria horiek mikroelektronika, informatika, telekomunikazioak eta bioteknologia (zelula biziak erabiltzea produktu berriak lortzeko elikaduran edo farmakologian) dira nagusiki. Oro har, langile gutxi dituzte, baina oso gaituak.
Lanaren Antolaketa Berria Mundu Globalizatuan
Munduko leku guztien arteko ekonomia-harremanak inoiz baino biziagoak dira; ekonomia globalizatua da nagusi. Globalizazioa zenbait modutan adierazten da:
- Enpresa askoren ekoizpena mundu-merkaturako da.
- Enpresa askok beste enpresa txikiago batzuk erosten dituzte, multinazionalak sortuz. Enpresa hauek herrialde askotan jarduten dute, sekulako negozio-bolumenarekin.
- Industria-lanaren antolaketa aldatu egin da; ekoizpen-prozesuak ere globalak dira. Ekoizpenaren jarduera bakoitza herrialde desberdinetan egiten da; fenomeno hau deslokalizazioa da. Orokorrean, produktu baten ikerketa, diseinua eta finantzaketa herrialde garatuetan egiten dira; ekoizpena, berriz, herrialde azpigaratuetan.
- Enpresa batzuek beste enpresa batzuei azpikontratatzen dizkiete zerbitzu batzuk eta ekoizpenaren zati bat.
Kontsumitzailearengan Oinarritutako Industria
Enpresek arrakasta izateko, gizarteak behar dituen produktuak ekoitzi behar dituzte. Gainera, kontsumitzaileen zaletasunetara arin egokitzeko gaitasuna izan behar dute. Horregatik, beren aurrekontuaren zati handi bat honako hauetan inbertitzen dute:
- Marketina (produktu baten eskaria areagotzeko erabiltzen diren prozedurak) eta publizitatea: kontsumitzaileen nahiak zein diren jakiteko eta haien eroste-erabakian eragiteko.
- I+G+b (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza): produktu berriak gero eta sofistikatuagoak baitira.
- Enpresa-antolaketa eraginkorra.
- Logistika (enpresa baten produktuen banaketa antolatzeko baliabideen eta metodoen multzoa): produktua merkatuan banatzea ahalik eta kontsumitzaile gehienengana iristeko.
Industria-enpresek gero eta baliabide gehiago erabiltzen dituzte ekoizpena ez diren prozesu-fasetan, industriaren tertziarizazioa sortuz.
Industria Mota Nagusiak
Industria Astuna edo Oinarrizkoa
Industria honek beste industria-jarduera batzuk hornitzen ditu behar dituzten produktuez. Hauek dira nagusiak:
- Siderurgia: burdina eta altzairua sortzeko.
- Metalurgia: beste metal batzuk ekoizteko, esaterako, aluminioa (bauxitatik).
- Petrokimikoa: erregai fosilak erabiltzen dituzte, esaterako, petrolioa (plastikoak, gasolina…).
- Zementu-industria: porlana, buztinak, kareharriak… eraikuntzan erabiltzeko.
- Ekipamendu-ondasunen industria: beste industrientzako tresnak egiten dituzte (makinak, garraio-materiala, zura…).
Industria astunak instalazio handiak eta konplexuak behar ditu. Horregatik, mineralak erauzten diren lekuetatik edo portuetatik gertu kokatzen dira.
Industria Arina edo Kontsumokoa
Industria honek produktu landuz hornitzen ditu kontsumitzaileak zuzenean. Hauek dira nagusiak:
- Elikagai-industria: esnekiak, opilak, prestatutako janariak…
- Kimika arina: botikak, kosmetikoak, garbigarriak…
- Elektronika: smartphone-ak, ordenagailuak, kalkulagailuak, tabletak, musika-ekipoak, telebistak…
- Automobilgintza: ibilgailuak, piezak…
- Ehungintza: jantziak, errezelak…
Industria hauek hiri handietatik eta sarbide nagusien ondotik hurbil kokatzen dira, produktuak kontsumitzaileengana erraz iristeko. Adibide ezaguna da Silicon Valley (Estatu Batuak).
Industria Herrialde Garatuetan
Munduko enpresa handiak herrialde garatuetan daude kokatuta, eta horietako asko multinazionalak dira. Multinazionalek eskumendekoak edo filialak dituzte, gehienetan, herrialde azpigaratuetan, zenbait faktore direla medio:
- Eskulan ugari eta merkea, gatazka sozial gutxi sortzen duena.
- Gobernuek zerga-pizgarriak ematen dizkiete enpresei.
- Legedia herrialde garatuetan baino malguagoa da langileen baldintzekiko eta ingurumenaren babesarekiko.
Baina deslokalizazioak ez die industria guztiei berdin eragiten. Produktu galkorren industriak, goi-teknologiakoak edota estrategikoak (adibidez, armagintza) herrialde garatuetan kokatzen dira oraindik, eskulan oso gaitua behar baitute.
Ekoizpen-prozesuan teknologia berriak aplikatzearen ondorioz, enpresek eskulan gutxiago behar dute, baina gero eta prestakuntza handiagoa duena.
Fabrikak hirien aldirietan (sarbide nagusien ondoan) eta komunikazio oneko landa-eremuetan kokatzen dira sarri, adibidez, Zamudioko Parke Teknologikoa.
Industria Gutxi Garatutako Herrialdeetan
Herrialde garatuetako fabriken deslokalizazioaren ondorioz, herrialde hauek bizkor ari dira industrializatzen. Honekin, enplegua gora egiten ari da bigarren sektorean.
Sarritan, industria-garapena lurralde horretan kokatzen diren multinazionalen menpe dago. Gainera, enpresa horiek eragin handia dute herrialde horietako gobernuetan. Gobernuek, hain zuzen, oso baldintza onak eskaintzen dizkiete multinazionalei, haien inbertsioak erakartzeko.
Multinazionalak kokatzeak alde onak ditu:
- Kokatzen diren eremuko ekonomia suspertzen dute.
- Ekoizpen-teknika aurreratuak ekartzen dituzte.
- Enplegua sortzen dute.
- Tokiko fabrikak azpikontratatzen dituzte ekoizpen-prozesuko zenbait jarduera egiteko.
Multinazionalak kokatzeak alde txarrak ere baditu:
- Etekin ekonomikoen zati handiena herrialde garatuetara joaten da, multinazionalek hor baitituzte egoitza nagusiak.
- Herrialde hauetako legeek askotan ez dituzte langileak behar bezala babesten.
- Lan-esplotazioko egoerak sor daitezke.
- Ezkutuko ekonomia susta daiteke.
Garapen bidean dauden herrialdeetan, industria-jarduera hiri handietan biltzen da nagusiki, hiri horietan eskulan ugari eta garraio-azpiegitura egokiak (adibidez, itsas portuak) daudelako.