Baionako Ituna (1945) eta Añoverosen Homilia (1974): Euskal Identitatearen Aldarrikapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,3 KB
Baionako Ituna (1945): Euskal Erakundeen Batasuna Erbestean
Komentatzeko aurkezten zaigun testua 1945eko martxoaren 31n erbestean zeuden euskal erakunde politiko eta sindikalek sinatutako hitzarmena da, 1936ko gerra zibila zela eta. Jatorriz testu historikoa da, beraz, lehen mailako iturria dugu. Formaren aldetik, manifestu bat da, eta edukiari dagokionez, testu politikoa. Egilea kolektiboa da: Frantzian erbesteratutako euskal erakunde politiko eta sindikal guztiak; indarrak batu eta hartutako akordioak adierazten dituzte. Testua publikoa da, 1945eko martxoaren 31n argitaratu zen Baionan, eta hartzailea herria da, izan ere, euskaldun guztiei zuzenduta dago.
Analisia
Ideia nagusia: Erbestean zeuden euskal erakunde politiko eta sindikalen arteko lankidetza bultzatzeko ituna.
- Oposizioko indarren batasuna bermatzen da, gerraren hasierakoa eta Eusko Jaurlaritza sortu zenekoa, Agirre gobernuburua zelarik. Berretsi egiten dute indar-batzea.
- Eusko Jaurlaritza euskal herritarren ordezkari legala bezala hartzen da. Talde politikoen konfiantza eta babesa ematen zaio, herritarren asmoak eta eskakizun politiko eta sozialak betetzen baditu.
- Demokrazia berrezartzean, herritarrek askatasunez egindako eskakizunak errespetatuko dituztela ziurtatzen dute. Akordioa sinatu zen unean, argi dago mendebaldeko demokrazien garaipena II. Mundu Gerran; horregatik, erbestean dagoen Eusko Jaurlaritzak uste du garaileen hurrengo pausoa frankismoarekin amaitzea izango dela.
- Gobernuari bere zereginetan laguntzeko batzordea sortuko da, erakunde aholku-emaile gisa.
- Penintsulako gainerako indar demokratikoekin lanean jarraituko dutela esaten dute, Francoren erregimenarekin amaitzeko eta berrezarpen monarkikoaren saiakerei aurre egiteko.
Inguru Historikoa
Guda Zibila hasi eta gutxira, Euskadik Autonomia Estatutua lortu zuen. EAJk Fronte Popularrari emandako laguntzak eta Errepublikari erakutsitako leialtasunak berehalako prozeduratik onartzea ekarri zuen. Indalecio Prieto izan zen gakoa, berak idatzi eta negoziatu baitzuen Madrilekin. Estatutua Bizkaian eta Gipuzkoako eremu txiki batean bakarrik aplikatu zen. Araba altxatuekin bat egin zuen, eta ia Gipuzkoa osoa azkar konkistatu zuten. Estatutuak bizi laburra izan zuen, tropa frankistak lurraldea berenganatu zutelako eta Francok Estatutua bertan behera utzi zuelako. Eusko Jaurlaritza erbestera joan zen 1937an, eta handik Euskadi gobernatzen saiatu zen. 1939an, Errepublikak gerra galdu eta haren liderrak erbesteratu behar izan ziren, haien artean desadostasunak gehituz. Beraz, krisi politikoa erbestean larritu egin zen, eta protagonista nagusiak EAJ eta PSOE izan ziren. Nazionalisten eta sozialisten arteko tirabirak XX. mendearen hasieratik konstante historiko bat izan ziren.
Guzti honen aurrean, Agirre lehendakariaren ardura handiena euskaldunen arteko batasuna mantentzea izan zen. Urteak igaro ahala, Frantzian zegoen Eusko Jaurlaritzari babesa eman zioten alderdi politiko eta sindikalek batasun hori berriztatzeko beharra ikusi zuten. Erresistentzia Batzordea sortu eta frankismoarekin amaitzeko aukera ikusi zuten, aliatuekin eta barne oposizioarekin bat eginda. Horregatik, Baionan bildu eta aztertzen ari garen testua sinatu zuten. Ordurako, 1943an, Burgosko espetxean, Ajuriagerrak nazionalisten eta sozialisten arteko akordioaren oinarriak finkatu zituen.
Garrantzia
Francoren erregimenaren aurkako indar politiko eta sindikal guztiak konpromisoa hartu zuten Espainian demokrazia jartzeko borrokatuko zutela. Argi zuten helburua lortzeko haien artean zituzten desadostasunak ahaztu eta bat egin behar zutela.
Añoveros Gotzainaren Homilia (1974): Euskal Herriaren Aldarria
Dokumentu historiko honen egilea Añoveros gotzaina da. Elizbarrutiko parrokietan irakurri zenez, publikoa da. Sermoia Bilboko elizetan irakurri zen 1974ko otsailaren 24an. Homilia bat izanik, erlijiosoa da, baina dokumentu honetan, Antonio Añoveros, Bilboko gotzainak, Euskal Herriaren kultura-identitatea defendatzeaz gain, egoera politikoa aztertzen du. Beraz, politiko-soziala dela kontsidera dezakegu.
Analisia
Gaia: Euskal Herriak bizi duen egoera salatzea eta nortasuna garatzeko dituen eragozpenak.
Lehenengo paragrafoan, egileak biztanleen bizikidetzan zein elizbarrutian min gehien egiten duten arazoen artean "Euskal gatazka" izenarekin ezagutzen dena dela esaten du. Zertan datza arazo hori? Hurrengo paragrafoan, arazoaren aurrean bi ikuspuntu daudela adierazten du:
- Herritar batzuek Euskal Herria zapalduta dagoela pentsatzen dute, eta herriaren eskubideak eskatzen dituzte.
- Besteek, aldiz, aurreko salaketaren kontra daude, planteamendu hori gizarte-sistemaren aurkako zerbait bakarrik dela esanez.
Aurrera jarraituz, 3. paragrafoan, euskal nortasunari buruz hitz egiten du, eta bertan, Euskal Herriak dituen berezko ezaugarriak aipatzen dira. Hau horrela izanik, 4. paragrafoan, esaten du, Espainiar Estatuko gainerako herriek bezalaxe, Euskal Herriak nortasuna mantentzeko eskubidea duela, berezko antolamendu soziopolitiko baten barruan.
Bosgarren paragrafoan, Añoverosek herriak dituen eskubide horiek zapalduta daudela adierazten du:
- Euskararen erabilera oso mugatuta dago irakaskuntzan, prentsan, irratian…
- Kultura eta nortasun adierazpenak kontrolpean daude.
Azkenik, 6. paragrafoan, Elizbarrutiko egoera honetan Elizak kementsu izan behar duela, estimulatu, suspertu egin behar duela Euskal Herriko egoera behar den moduan aldatzeko esaten du.
Inguru Historikoa
Elizak frankismoaren hasieran ezinbesteko legitimitate morala eman zion Francori. Espainiak eta Vatikanoak konkordatua sinatu zutenean (1953), erregimenak emakida asko egin zizkion Elizari, eta, aldi berean, mundu katolikoaren behin betiko babesa jaso zuen. 60ko hamarkada arte, euskal Elizak ez zituen burutu frankismoaren kontrako adierazpenik. 1960tik aurrera, euskal Elizak garrantzi handiko eginkizuna izan zuen oposizio-taldeen eraketan, herrietako parrokietako langilerian oinarrituz. Vatikanoko II. Kontziliotik, Eliza barruan krisia sortu zen. Euskal Elizak jarrera liberalagoa eta demokratikoagoa hartu zuen, politizatu egin zen, eta protestaldietako protagonista kleroa izan zen. 1960an, 339 abadek frankismoaren aurkako agiria sinatu zuten. 1968an, talde bat Derioko seminarioan giltzapetu zen diktaduraren amaiera eskatzeko. Testu hau erregimen frankistaren azken urteetan kokatuta dago. Garai honetan, frankismoaren deskonposaketa garbia zen, eta etorkizuna zalantzaz beteta zegoen: barne-hausturak, Burgosko prozesuak eragindako kaltea, Carreroren hilketa, krisi ekonomikoa, diktadorearen adina, osasuna… Ordena publikoa arazo larria izan zen urte hauetan. 1973an, ETAk Carrero Blanco hil zuenean, desagertu egin zen sistemaren batasunari eusteko eta hura jarraitzeko gaitasuna zuen figura bakarra. 1974ko urtarrilean, Arias Navarroren gobernua eratu zen; hasieran, irekitasunaren aldeko joera izan zuen, baina itxura baino ez zen izan.
Garrantzia
Dokumentuak agerian jartzen ditu frankismoaren garaian Euskadin egon ziren tirabira erlijioso, eklesiastiko eta politikoak. Gotzainak euskal nortasuna defendatu zuen, modu neurritsuan, eta horrek gobernua sumindu zuen, erregimena ahulduta zegoenean eta haren kontrako manifestazioak etengabeak zirenean.