Azido-Base Teoriak: Arrhenius, Brönsted-Lowry eta Gatz Hidrolisia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Química
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,9 KB
Arrhenius-en Teoria
1884an, Arrhenius kimikariak disoziazio ionikoaren teoria aurkeztu zuen. Disoziazio horri disoziazio elektrolitikoa esaten zaio, eta horri esker substantzia askoren ur-disoluzioak elektrizitatearen eroale dira. Disoziazio ionikoaren teoriaren arabera, substantzia asko, ur-disoluzioan jartzen direnean, hautsi edo disoziatu egiten dira, ioi positiboak edo negatiboak emanez.
Azidoaren eta basearen definizioak eman zituen: azidoa da ur-disoluzioan disoziatzean hidrogeno ioiak eratzen dituen substantzia oro; basea da ur-disoluzioan disoziatzean hidroxido ioiak eratzen dituen substantzia oro.
Brönsted-Lowryren edo Protoi Transferentziaren Teoria
1923an, azidoen eta baseen gaineko teoria bana proposatu zuten bi zientzialarik, eta definizio hau Arrheniusena baino zabalagoa zen: azidoa beste substantzia bati protoi bat, H+ ioi bat, emateko gai den espezie kimiko oro da, molekularra nahiz ionikoa; basea beste substantzia batetik protoi bat, H+ ioi bat, hartzeko gai den espezie kimiko oro da, molekularra nahiz ionikoa.
Azido-base erreakzioa azido batetik base baterainoko protoi baten, H+, transferentzia da.
Substantzia Anfoterikoak
Izaera azidoa edo basikoa erlatiboa da. Substantzia batzuek azido moduan zein base moduan jardun dezakete, haiekin erreakzionatzen duten beste substantzien arabera. Fenomeno horri anfoterismo deritzo eta honelako substantziei anfotero deritze.
pH-a Laborategian
Disoluzioen pH-aren neurketa pH-metro izeneko tresnaren bidez egiten da. Tresna horren elektrodoak disoluzioan sartuta, eskalan pH-aren balioa zuzenean irakurtzen da. Paper adierazle unibertsala (tornasol papera): pH-a gutxi gorabehera neurtzeko erabiltzen da, disoluzioan paper zatitxo bat sartuta, paperak kolorea hartzen du gorritik urdineraino.
Ionizazio/Disoziazio Maila
Azido edo base ahul baten ionizazio-maila, α, erlazio bat da: ionizaturiko azidoaren edo basearen orekako kontzentrazioaren eta hasierako kontzentrazioaren arteko zatidura.
Gatzen Hidrolisia
Gatz baten hidrolisia gatzaren ioiek urarekin egin dezaketen azido-base erreakzioa da. H3O+ ioien zein OH- ioien soberakin bat sor daiteke, eta disoluzio azidoa zein basikoa eratu.
Gatz bakoitzaren kasuan ea hidrolisi-erreakziorik gertatzen den ala ez aztertu behar da.
Azido-Base Balorazioak
Ur-disoluzioan gertatzen den azido baten eta base baten arteko erreakzio osoari neutralizazio-erreakzioa deritzo, eta gatz baten eta, orokorrean, uraren eraketa ahalbidetzen du. Erreakzioa itzulezin gisa adierazten da, eta ez oreka gisa, neutralizazioa beti osoa delako kantitate estekiometrikoan. Neutralizazioa zehazki azidoaren disoziaziotik datozen protoien eta basearen disoziaziotik datozen OH- ioien artean ematen da.
Neutralizazio izenak ez du lorturiko disoluzioa hertsiki neutroa denik zertan adierazi; hau da, pH = 7 denik, pH-a erreakzioan eratu den gatzaren hidrolisiaren mende dagoelako. Neutralizazio-erreakzioa, praktikan, azido-base balorazioetan erabiltzen da. Azido-base balorazioa disoluzioan dagoen azidoaren kontzentrazioa zehaztea da, base baten kontzentrazio ezagunetik abiatuta, edo alderantziz ere, neutralizazio-erreakzioan oinarrituta. Azidoaren balorazioari azidimetria deritzo, eta basearenari, alkalimetria.
Balorazioa azidoa eta basea nahastuz gertatzen da, baliokidetza-puntua lortu arte (neutralizazio-erreakzio osoa izan deneko unea lortu arte). Erreakzioaren bukaera-puntua antzemateko adierazle bat erabili ohi dira. Adierazlearen kolore-aldaketa gertatzen denean lortzen da, adierazlea erreaktiboei aurretik gehituz. Azido-base adierazlea izaera azidoa edo basikoa ahula duen substantzia da, eta kolore desberdinak hartzen ditu disolbatuta dagoen disoluzioaren pH-aren arabera. Balorazioa egokia izateko, bukaera-puntuak eta baliokidetza-puntuak bat etorri behar dute.