Aurelio Agustin Hiponakoa: Filosofia eta Erlijioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,83 KB
Bizitza eta Testuinguru Historikoa
Ama, Zizeron izango balitz bezala, goraipatzen du Agustinek De Vita Beata liburuko pasarte honetan. Monicaren hitzak errepikatzen ditu, esanez okerragoa dela nahi dena eskuratzea, komeni ez den zerbait bada, ez lortzea baino.
Zoriontsu izateko eduki behar denaz hausnartzen dute De Vita Beatako pasarte honetan Agustinek, Trigeziok eta Monicak. Adierazten dute ondasun materialek ez dutela zoriontasunik emango, galtzeko kezkaz eta gehiagorako nahiaz biziko baita jabea. Neurritasuna da, Monicaren arabera, zoriontsu izateko gakoa.
Aurelio Agustin 356. urtean jaio zen Ipar Afrikan, garai hartan Erromatar Inperioaren parte zen Tagaste izeneko hirian. 430. urtean Hiponan hil zen, eta 1298. urtean kanonizatu zuten. Bere pentsamendu filosofikoaren ardatza jainkoa izanik, bere jakintza eta arrazoimena erlijioarekin sistematizatu nahi izan zituen.
Jainkoaren Existentzia eta Ideia Eredugarriak
Hiponakoaren ustez, arima gai da aldagaitza den jainkoaren egia ezagutzeko, eta ezagutza hori jainkoaren existentziarik gabe ezinezkoa izango litzatekeela zioen. Bere usteetan, egia existitzen da eta jainkoa da haren funtsa.
Fededunaren bihotzean, jainkoaren existentzia frogatua zegoela zioen, eta hori frogatzeko consensus gentium argudioa ere erabili zuen haren existentziaren alde egiteko. Jainkoaren existentzia ez da fede itsuaren kontua Agustinentzat, arrazoitu baitaiteke.
Hiru Ezagutza Maila
Hiru ezagutza maila bereizi zituen:
- Ezagutza sentikorra: Zentzumenen bidez jasotzen dugun ezagutzari dagokio. Baina fidagarria al da? Zentzumenek hautemandako objektuak agertu eta desagertu egiten dira, elkar ezabatu egiten dira; horregatik esaten da egiazko izaterik ez dutela. Hortaz, ezingo dira benetako egiak ezagutza maila honen bitartez lortu, ez baita ziurra (Platonekin bat, kasu honetan).
- Arrazoizko ezagutza: Arrazoimenaren bitartez jasotzen dugun ezagutzari dagokio. Arrazoimenak objektuei buruzko epaiak egiteko gai da. Arrazoimenaren bidez aurkitutako egiek benetako ezagutza ematen dute, baina nahikoa al da? Hirugarren maila bat ere proposatu zuen Hiponakoak.
- Kontenplazioa: Kontenplazioa betiereko ideiak edo ereduak diren bezala ikustean datza, ez zentzumenen bitartez, ezta pertzepzioetatik abiatuta arrazoimenak egindako judizioen bitartez ere, baizik eta zuzenean. Egia horiek arrazoimenean daude, baina ez dira arrazoimenarenak. Beraz, kontenplazioaren bidez soilik lor dezake arimak benetako jakituria.
Esan dugu egia unibertsalak ez direla arrazoimenarenak; izan ere, gizakia aldakorra izanik, arrazoimen gizatiarra ere mugatua da. Egia unibertsal horiek izaki aldaezin, unibertsal eta transzendentalak egin behar izan ditu, jainkoak, eta jainkoak jarri ditu gizakiaren barnean, eta gizakiak haren laguntzari zor dio ikusi ahal izatea; laguntza hori jainkoaren argitzapena da.
Beraz, egiak jainkoaren existentziaren froga dira.
Askatasuna eta Gaitzaren Arazoa
Antropologia agustindarraren abiapuntuak:
- Gizakia arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osaturiko izakia da.
- Giza arimak lehentasuna du, gorputzari bizia emanez.
- Gizakiari buruzko ikuspegi agustindarra dualista da (Platonen eragina).
- Elizaren gurasoaren esanetan, jainkoak gizakia aske egin du, erabakitzeko ahalmenarekin. Baina jatorrizko bekatuagatik, gizakiak askatasuna galdu du, eta gorputzak arima menperatuta dauka.
Bere askatasunaren inguruko ikuspegiak ez du zerikusirik guk askatasunaz ulertzen dugunarekin. Guretzat, askatasuna eta aukeramena sinonimoak dira, beretzat ez. Aukeramena gizakiak edozein erabaki hartzeko duen ahalmena da, bai bide zuzena eta bai bide okerra aukeratzeko gaitasuna, beraz, ez da ongi absolutu bat. Askatasuna, aldiz, bide zuzena aukeratzerakoan soilik lortuko du, hau da, jainkoa maitatzearen bidea. Zoriontsu izateko, gizakiak, hau da, bere helburua lortzeko, jainkoa maitatu behar du. Jainkoak maita zezan agindu zion gizakiari sortu zenean. Agustinen arabera, ez dago askatasunik obligaziorik gabe.
Jatorrizko bekatua dela eta, gizakia ezin da bere kabuz egoera okerretik altxatu; horregatik, jainkoaren laguntza behar du. Bekatutik ateratzeko laguntza hori jainkoaren grazia da, horrela gizakia aske eginez.
Gaitza laguntzarik gabe egiten du gizakiak, baina ongia egiteko jainkoaren laguntza behar du. Gaitz morala aukeramena gaizki erabiltzetik dator, eta horren erantzule gizakia da.
Agustinek ukatu egiten du gaitzak badirenik. Izaki sortuak ustelgarriak dira, eta horiek desagertzea gauza txartzat hartzen dugu, baina horrek ez du esan nahi berez gauza txarra denik. Ustelgarritasuna ez da gaitz bat, gauza ustelkorrak onak dira. Onak izango ez balira, ez lirateke existituko, baina sortuak direnez, ustelkorrak dira. Ustelkorrak ez balira, jainkoa lirateke. Laburbilduz, jainkoak sortutako gauza guztiak onak dira, baina ez guztiz onak, mugatuak. Horrela, ongi zehatz baten gabeziari gaitz deitzen diogu, nahiz eta gaitza ez izan.
Historiaren Filosofia: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Agustinek Jainkoaren hiria idatzi zuen historiari buruz bere ikuspegia emateko, eta historiaren filosofia egin zuen lehen pentsalaria zela esaten da:
- Alde batetik, garaiko ikuspegi ziklikoaren aurka, historia linealaren kontzeptua proposatu zuen.
- Bestetik, prozesu historikoetan gertakari bakoitzak arrazoia zuela babestu zuen, eta ekintzak prozesu historikoaren helburuaren arabera ulertu behar zirela zioen.
- Jainkoaren hiria obran, interes filosofiko eta eragin historiko handiak izango dituzten gai asko garatu zituen.
Historiaren filosofia horretan, kristautasunaren apologia egin zuen, eta historia bi hirien arteko borroka dela defendatu zuen: Jainkoaren hiria eta lurreko hiriaren artekoa. Gizakiak bi taldetan banatuta daude:
- Batetik, jainkoa gutxietsiz, norbera jainkoa baino maiteagoa dutenak, lurreko hiritarrak, bekatuak erakartzen dituenak.
- Bestetik, jainkoa guztiaren gainetik dutenak daude. Horiek dira zeruko hiritarrak, eta jainkoaren maitasunean bizi dira.
Bi hiriak nahasita egon dira historian zehar, baina azken judizioan bereizi egingo dira, eta orduan gertatuko da jainkoaren hiriaren garaipen behin betikoa.
Testuinguru horretan, Erromaren gainbehera ez da munduaren amaiera, baina bai azken horretarantz doan etapa baten amaiera.
Existitu eta suntsitu egin diren hainbat inperioen arteko bat besterik ez da Erroma.
Agustinen aburuz, hondamendiaren kausa ez zen izan erromatar asko kristau egin izana, baizik eta erromatar guztiak kristau ez izatea.
Erroma paganoaren luxu eta plazer grinak ahuldu zuen inperioa.
Erromari geratzen zitzaion itxaropen bakarra kristautasuna zen.
Estatu kristaua defendatzen zuen Agustinek.