Askatasuna, Morala, Etika eta beste kontzeptu filosofiko batzuk
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,8 KB
Askatasuna
Oztoporik gabe jarduteko gaitasunari askatasuna deritzogu. Denok bizi dugu askatasunaren esperientzia, adibidez, erabaki bat hartu behar dugunean. Batzuetan, ordea, gauza desberdinei buruz ari gara askatasunaz hitz egiten dugunean.
Alde batetik, askatasuna gizartean erabakitzeko eta ekiteko aukera da, modu askean jarduteko eta adierazteko eskubidea. Askatasun hori (mugak dituena) beharrezkoa da gizarte demokratikoetan, eta eskubide gisa hartzen da. Askatasun mota horrek askatasun zibilak inplikatzen ditu.
Bestetik, subjektu garen aldetik askatasuna dugu existitzeko ezinbesteko gaitasun gisa. Erabakiak hartu ditzakegu gure senetatik haratago, eta hori beharrezkoa da erantzukizunezko ekintza moralak egoteko. Askatasun hori da, hain zuzen, aukeramena.
Askatasunaren zentzu bikoitz horri buruz hitz egiten du Isaiah Berlin filosofoak Askatasunaren bi kontzeptu lanean (1958).
- Askatasun negatiboa (edo zerbaitengandik aske izatea): gure ekintzak mugatzen dituen ezer ez dagoenean gertatzen da; hau da, ez beste banakoek eta ez Estatuak ez digutenean eragozten gure nahimenaren arabera jokatzea.
- Askatasun positiboa (edo zerbaitetarako aske izatea): subjektuak bere ekintza propioen jabe izateko duen ahalmena edo gaitasuna da. Askatasun hori subjektuaren barneko zerbait da, izaki arrazionalak eta autonomoak baikara, eta beharrezkoa dugu gizaki gisa guztiz errealizatzeko.
Morala
Moral hitza (latinezko mos, moris hitzetik, 'ohitura' edo 'bizitzeko modua' esan nahi duena) bi modutan uler daiteke: eduki gisa eta gaitasun gisa.
Edukia
Moralaren edukia arau, balio eta ohitura multzo bat da, gizarte jakin batean banako bat ontzat hartzen den ala ez zehazten duena. Beraz, gizataldeak bezainbeste moral egon daitezke.
Gizakiok izaki immoralak izan gaitezke, baina ez amoralak. Gizaki bat immoraltzat jo daiteke bere talde sozialean ezarritako morala urratzen duenean; baina ezin daiteke amorala izan, gaitasun morala gizakiaren berezko ezaugarrietako bat baita, gorpuzduna izatea bezala. Gizakiak ez du morala, baizik eta morala da. Amorala izango da bere jokabidea senak baldintzatuta duen animalia, baina inoiz ez gizaki bat.
Gaitasuna
Morala, era berean, egiten den ekintza aukeratzeko gizakiak duen gaitasuna da. Gaitasun moral hori banako baten izateko modu espezifikoa da, gainontzeko pertsonengandik nabarmentzen eta bereizten duen izaera edo marka moduko bat. Hartzen dugun erabaki bakoitzarekin gure izaera moldatuz goaz, gure identitatea eratzen doa. Beraz, erabakiek definitzen gaituzte eta, askeak diren heinean, haien helburua lortu dezakete edo ez, beste gizaki batzuk inplikatu edo konprometitu ditzakete. Hori zuzen nola egin behar den ulertzea eta izaera ona garatzeko giltzarriak lortzea da, hain zuzen ere, etikaren funtsezko zeregina.
Etika
Moral asko eta askotarikoak daude, eta, denen arabera, tradizioak hala agintzen duelako da zerbait ona. Etikak, aldiz, geure buruari galdetzea eskatzen du: zer arrazoi daude ohitura bat ontzat hartzeko? Ba al dago irizpiderik moral bat noiz dagoen oker zehazteko? Etika moralak planteatzen dizkigun arazoen inguruko hausnarketa filosofikoa da. Etika hitza grezierako ethos hitzetik dator, 'izaera'. Etikaren zeregina da izaera eraikitzea. Etikak izan behar du gure ekintzen gidari, eta haren oinarria arrazoimena da.
Arrazoimena tresna bat da, ezagutza sortzeko balio duena (arrazoimen teorikoa), baina baita gure jokabidea zuzentzeko ere (arrazoimen praktikoa). Bere moralari soilik jarraituz jokatzen duen pertsonak hausnartu gabe jokatzen du, besteek transmititu dizkioten arauek, balioek eta sinesmenek bultzatuta. Aldiz, etikoki jokatzen duenak modu gogoetatsuan jokatzen du.
Jokabide baten arrazionaltasunaren eta heldutasun moralaren arabera, Kantek funtsezko bi kontzeptu bereizten ditu:
- Heteronomia morala: Grezierazko heteros hitzetik, 'bestea'. Subjektuak ez du pentsatzen zer egin behar duen, baizik eta besteek proposatutako arauei jarraitzen die.
- Autonomia morala: Grezierazko autos hitzetik, 'norbera'. Subjektuak bere kasa pentsatzen du zer egin behar duen eta bere arau moralak ezartzen dizkio bere buruari.
Erlatibismoa
Erlatibismoaren arabera, kultura desberdinetako bi pertsonen artean desadostasunak daudenean, biak daude zuzen. Nola da hori posible? Bada, ikuspuntu bakoitza zuzena delako kultura propioaren baitan. Ona eta txarra terminoek ez dute esanahi absoluturik. Arau moralak kirol bateko arauen modukoak lirateke, baliozkoak direnak joko jakin baten baitan soilik. Arau moralekin berdina gertatuko litzateke: zilegi al da gurasoek alabarentzat senarra aukeratzea? Hitz egiten ari garen kulturaren araberakoa izango da erantzuna. Absurdoa litzateke esatea zer kode moral den zuzenagoa.
Eszeptizismoa
Eszeptizismoak ere uste du ezinezkoa dela irizpide bat aurkitzea zer ideia moral diren egiazkoak zehazteko. Beraz, ezin gaitezke ezertaz ziur egon, eta jakintsua denak ez du epaitu behar. Esan beharrean: «Hau horrela da», esan behar dugu: «Hau horrela dela iruditzen zait» edo «Baliteke horrela izatea».
Baina, gizartean bizi behar dugunez, jakintsua praktikoa izango da, eta iritzi probableari, ohiturari edo legeari jarraituko dio, betiere jakinda egia absolutua ezagutzea ezinezkoa dela eta ezer ez dela ona edo txarra bere baitan.
Subjektibismoa
Erlatibismo mota berezi batek, subjektibismoak, baieztatzen du pertsona bakoitzak bere printzipio moralak dituela, eta, beraz, beretzat soilik balio dutela. Ona eta txarra iritzi pertsonalaren araberakoak lirateke. Subjektibismoa Protagoras sofistaren maximan laburbildu daiteke: «Gizakia da gauza guztien neurria».
Hedonismoa
Aristotelesen arrastoari jarraituz, Epikuro Samoskoak (K.a. 341-K.a. 270) zoriona lortzeko bi bide proposatu zituen: plazera bilatzea (grezieraz, hedone) eta oinazea saihestea. Epikuroren arabera, desira guztiek ez gaituzte zorionera hurbiltzen, baina, zuhurtzia gidari hartuz gero, zoriontsu bizi gaitezke. Horretan, Epikurok hiru plazer mota bereizi zituen, bakoitza desira mota batekin lotuta:
- Berezkoak eta premiazkoak → Premia biologikoak: jan-edatea eta lo egitea, besteak beste. Halakoak modu naturalean ase behar dira beti.
- Berezkoak, baina ez premiazkoak → Plazer handiagoa bilatzetik sortutakoak: elikagai finak, erotismoa... Halakoak neurriz eta zentzuz ase behar dira.
- Ez premiazkoak eta ez berezkoak → Luxua, boterea, fama... Asegaitzak direnez, frustrazioa eta ezinegona eragiten dizkigute. Halakoei uko egin behar zaie.
Zer desira mota dauden eta plazerera zeinek hurbiltzen gaituzten jakiteak zorion betearen bidean jartzen gaitu, eta hori bi kontzepturekin lotu zuen Epikurok:
- Ataraxia: barneko bake eta lasaitasuna da, eta minari ihes egiteko eta gure beldur handienei (heriotza, jainko-jainkosak, zoria...) aurre egiteko balio du.
- Autarkia: barneko askatasuna da, eta, hari esker, benetan merezi duten plazerak aukeratu ditzakegu (adiskidetasuna, adibidez), haien aurrean makurtu gabe.
Estoizismoa
Estoizismoa Grezian sortu zen, Zenon Zitiokoaren garaian, K.a. 300. urte aldera, eta gero ere, Erroman, eragin handia izan zuen zenbait filosoforengan, hala nola Epikteto, Seneka eta Marko Aureliorengan. Filosofo horien ustez, mundua arrazoi unibertsal batek gobernatzen du (logosak), eta arrazoi horren baitan dago gertaera ororen patua. Pertsona jakintsu eta bertutetsuak ez dio patuari kontra egiten: onartu eta asumitu egiten du, badakielako ez dagoela halabeharra kontrolatzerik. Hedonistek ez bezala, ordea, estoikoek uste zuten bizimodu horretara iristeko beharrezkoa dela apatheia, hau da, asaldagaiztasuna, bai eta adiaphora ere, hau da, axolarik eza, eta emozioei eta irrikei uko egitea ere bai; horri «patua maitatzea» (amor fati) esaten zion Senekak. Desirek eta irrikek, ondasun materialen promes faltsuaren bidez, zorionetik aldentzen dute gizakia.
Bertutea, eta baita zoriona ere, nork bere burua menderatzen jakitea da.
Utilitarismoa
Utilitarismoa Jeremy Benthamek XVIII. mendearen amaieran eraikitako filosofia moral bat da, ekintzarik onena tartean dauden gizabanako gehienentzat zoriontasun eta ongizate handiena sortzen duena eta erabilgarritasuna maximizatzen duena dela ezartzen duena. Hau da "utilitarismoaren" lehen bertsioa, ez gaur egun zabalduena.
"Erabilgarritasuna" hainbat modutan definitzen da, normalean gizakien ongizateari dagokionez. Benthamek honela deskribatu zuen: ekintza batetik sortzen den plazer ororen batura, ekintza horretan parte hartzen duen edozein pertsonaren sufrimendua izan ezik. Ekonomia neoklasikoan, erabilgarritasuna lehentasunen asetzeari deitzen zaio; filosofia moralean, berriz, zorionaren sinonimoa da, hori ulertzeko modua edozein dela ere. Doktrina etiko hori, batzuetan, honela laburbiltzen da: "ahalik eta ongizaterik handiena kopururik handienerako".
Totalitarismoa
Botere absolutua historiako zenbait momentutan existitu izan da. Diktadore hitzak, adibidez, Erromatar Errepublikan du jatorria (K.a. 509-K.a. 27); han, gerra egoeran, boterea kontsularen esku uzten zen aldi baterako, bakea lortu zezan eta gero boterea Senatuari itzul ziezaion.
Totalitarismo deritze XX. mendean sortutako mugimendu batzuei, boterearen jabe egin zirenak indarraren edo manipulazioaren bidez, eta Estatua botere absolutu bilakatu zutenak, nahiz eta garai hartan pentsatzen zen askatasunaren, arrazoi ilustratuaren eta zientziaren garapenak etorkizun oparoa eta zorionekoa ekarriko zigula, eta justizia bermatuta zegoela. Eredu faxistako mugimenduek, hala nola faxismo italiarrak, nazismoak eta frankismoak, zein joera komunista zutenek, esaterako estalinismoak eta maoismoak, botere guztia lider batengan eta alderdi bakarrarengan bildu zuten, indarkeria eta bizitza zibilaren militarizazioa goretsi zituzten, eta denen ongiaren ikuspegi bakarra eta baztertzailea partekatu zuten, askatasun zibilak ezereztu zituena eta XX. mendeko indarkeriazko gertakari latzenak eragin zituena.
2.1. Hobbesen hitzarmen absolutista
Thomas Hobbes filosofo enpirista ingelesa gerra zibilaren garaian bizi izan zen, eta horrek eragina izan zuen bere Leviathan lanean (1651) proposatu zuen sistema politikoan. Naturazko egoeran indartsuenaren legea eta «denak denen aurka» dira nagusi. Arrazoimenak gizarte-hitzarmen bat ezartzera eta egoera basati hori gainditzera bultzatzen du. Gizartean bakea lortzeko, biziraupena eta segurtasuna subirano absolutu baten esku utzi behar dira, hark ordena soziala eta mendekoen bizitza berma ditzan. Azken horiek, beren bizitzaren truke, eskubide guztiak Estatu absolutistari ematen dizkiote; Estatu horrek Leviatana gogorarazten du, munstro bibliko ahalguztidun bat, bere misioa betetzea beste mugarik ez duena.
Jean-Jacques Rousseau
Jean-Jacques Rousseau pentsalari frantsesak zalantzan jartzen ditu naturazko egoeraren ustezko zailtasunak. Gizakia ez da maltzurra gizartea egon aurretik: bere biziraupena bilatzen du norberarekiko maitasun osasuntsuaren bidez, eta bere kideak errespetatzen ditu gupidari esker; basati ona da.
Arazoa zibilizazioarekin heltzen da, jabetza pribatua sortzen baitu, eta, horrekin, desberdintasuna: gizarteetako luxua, berekoikeria eta gutizia.
Rousseauk Gizarte-hitzarmena lanean aztertzen du nola egin litekeen hitzarmen bat, naturazko egoerako onena berreskuratzen duena, hots, kideen arteko berdintasuna, erabateko eskubideak dituzten herritarrak errekonozituz. Horretarako, guztiek beren eskubideei uko egin behar diete, gizarte-hitzarmenean erabat ordezkatzen dituen interes orokor baten mesedetan: nahimen orokorra.