Askatasuna eta gaitzaren arazoa Agustin Hiponakoaren pentsamenduan

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,3 KB

Askatasuna eta gaitzaren arazoa

Askatasunari buruzko pentsamendu agustindarra, beste zenbait gaitan bezala, pentsamendu teologikoa da. Guretzat, askatasuna eta aukeramena sinonimoak dira, baina ez Agustinentzat. Agustin Hiponakoaren ustez, gizakia askea da. Are gehiago, gizakia gizaki da aske delako. Askatasunik gabe ezinezkoa da gizaki izatea. Gizakia, erabaki ahal duelako, nahimenaren autodeterminazioa erabili ahal duelako, da gizaki. Horrek, baina, ez du esan nahi gizakiak nahi duena egitea aukera dezakeenik. Gizakiak Jainkoa aukeratu behar du zorioneko izan nahi badu. Jainkoak maita zezan agindu zion gizakiari sortu zuenean. Agustin Hiponakoaren arabera, ez dago askatasunik obligaziorik gabe. Gizakiak ongirako joera izan behar du, eta gizakiarentzat ongi hori Jainkoa da; Jainkoa maitatzera behartuta dago gizakia. Jainkoa lortzeko askatasuna du gizakiak, baina, ez badu Jainkoa lortzen, zorigabeko izango da. Jainkoa zerbitzatzen duenean aske izango da, eta zoriontasuna lortuko du. Jainkoa zerbitzatzen ez duenean, berriz, esklabo izango da. Alabaina, jatorrizko bekatuagatik gizakiak askatasuna galdu du, eta gorputzak arima menperatuta dauka. Are gehiago, gizakia ezin da bere kabuz egoera horretatik altxatu. Horretarako Jainkoaren laguntza behar du, Jainkoaren grazia behar du. Gizakia soilik graziari esker izan daiteke aske. Honekin guztiarekin ez da ulertu behar graziak nahimenaren aurka jokatzen duenik. Alderantziz, graziari esker gizakiak bekatuagatik galdutako askatasuna berreskuratzen du. Bekatariak ezin du Jainkoa maitatu Jainkoaren graziaren laguntzarik gabe. Gaitza inoren laguntzarik gabe egiten du gizakiak, baina ongia egiteko Jainkoaren laguntza behar du. Hain zuzen ere, gaitz morala aukeramenaren (liberum arbitrium) erabilera okerretik dator, eta gizakia da horren erantzulea, ez Jainkoa. Aukeramena, bada, ez da ongi absolutu bat, gaitzerako arriskua daramalako; hala ere, ongi bat da, zoriontasunerako baldintza den ongia. Zoriontsua izatea da gizakiaren helburua, eta, hori lortzeko, gizaki bakoitzak Goreneko Ongiarengana itzuli behar du, Jainkoa maitatu behar du.

Horrela, Sokrates eta Platonen moralarekiko desberdintasun argia agertzen da hemen. Sokrates eta Platonen etikan, gaitz morala ezjakintasunaren ondorioa zen. Agustin Hiponakoaren aburuz, aldiz, ontasunaren edo txartasunaren artean aukeratzea bere nahia gauzatzeko gai ez den borondate baten esku dago.

Hiponakoaren filosofia eta gaitzaren arazoa

Hiponakoaren filosofiaren zati handi batek gaitzaren arazoaz dihardu. Gaitzaren existentzia arazoa da kristautasunarentzat. Izan ere, mundua Jainkoak sortu badu eta Jainkoa guztiz ona, ahalguztiduna eta orojakilea bada, zein da gaitzaren jatorria? Mundua Jainkoak sortua bada, nola esplika daiteke gaitzaren existentzia? Ezinezkoa da Jainkoak gauzak gaizki egin izana, beraz munduan den gaitzak, gaitzik bada, beste jatorri bat izan behar du.

Gaitz fisikoa eta gaitz morala

Agustin Hiponakoak gaitz fisikoa (lurrikarak, ekaitzak, lehorteak…) eta gaitz morala (krimenak, gerrateak…) bereizi zituen, eta, era horretan, konponbide bikoitza eman zion arazoari. Gaitz fisikoei dagokionez, Agustinek ukatu egin zuen gaitz horiek badirenik. Izaki sortuak ustelgarriak dira, eta horien desagerpena gauza txartzat hartu ohi dugu gizakiok, baina horrek ez du esan nahi gauza ustelgarrien desagerpena berez txarra denik. Ustelgarritasuna ez da, berez, gaitz bat; gauza ustelkorrak, Jainkoak sortu duen guztia bezala, onak dira. Onak izango ez balira, ez lirateke existituko, baina, sortuak direnez gero, ustelkor izan behar dute, ustelgarri ez balira, Jainkoa bailirateke. Hortaz, Jainkoak sortutako gauza guztiak onak dira, baina ez absolutuki onak. Mugatuak edo galkorrak dira, eta horien desagertze edo galtzea txartzat hartu ohi dugu, txarra izan gabe.

Gaitz moralaren erantzulea

Aldiz, gaitz moralari dagokionez, errua ez da Jainkoarena, gizakiarena baizik. Jainkoak aske egin du gizakia, ongi edo gaizki jokatzeko aske, baina hori ez da txarra, ona baizik. Askatasunak egiten gaitu gizaki eta, askatasun hori gaizkia egiteko erabil badezakegu ere, hori ez da Jainkoaren errua. Jainkoak ona den zerbait eman digu, eta gizakiarena da ongi horren erabilera okerraren erantzukizuna. Gizakiok gara askatasuna gaizki erabili izanagatik egindako gaitzaren erantzuleak.

Entradas relacionadas: