Arte Mugimenduak: Erromantizismoa eta Neoklasizismoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,84 KB

Erromantizismoa

Artista, errealitatea kopiatu beharrean, bere irudimenaz eta sentimenduez baliatuko da errealitate horrek berarengan sortzen dituen sentsazioak islatzeko. Ondorioz, artistaren subjektibitatea nagusituko da Erromantizismoan. Hortaz, artistaren eta bere obraren autonomia nagusituko da.

  • Paisaia izango da artista erromantikoen gai gustukoena, naturaren ikuskizun gisa. Paisaia jada ez da izango eszenatokia, baizik eta margolanen protagonista: artistak paisaietan adieraziko ditu naturak berarengan sortaraziko sentimenduak, sublime gisa sentiaraziak. Askotan, elementu fantastikoak ager daitezke.
  • XIX. mendeko bidaiariek egindako bidaia exotikoak inspirazio iturria izango dira. Exotismoak Europar zibilizazio arrazionalaren aurrean ihesaldia suposatuko du.
  • Giza figura errealismo handiarekin landuko da, arropa eta paisaiaren zehaztasunak agerian utziz.
  • Kolorea linea baino garrantzitsuagoa izango da, pintzelada dinamiko, aske eta lodiak erabilita, kontraste kromatikoak sortuko dituena.
  • Neoklasizismoaren ordena eta orekaren aurrean, konposizio erromantikoak erabat dinamikoak izango dira, sentimenduen adierazpena azpimarratzea helburu dutenak.

Neoklasizismoa

Eskultura

Neoklasizismo estilo artistikoak Antzinate Klasikoarekiko duen obsesioa jarraituko du, batez ere, greziar zibilizazioaren edertasunarekiko. XVIII. mendeko Ilustrazioaren arrazionalismoaren seinale izango da akademizismo artistikoa, hau da, akademiek ezarritako norma, arau eta idealak jarraituko dituzte artistek. Era berean, dramatismoak lekua utziko dio eskultura neoklasizistaren oreka eta proportzioari, arrazionalismoaren isla estetikoari, alegia. Ondorioz, garai grekoerromatarreko forma harmoniotsuak landuko dira, artistak aro klasikoaren kopistak izanda.

Materialari dagokionez, marmol zuria erabiliko da, polikromia gabekoa zela pentsatzen baitzuten, okertuta, eskultura grekoerromatarra modu honetan landu zela. Horrez gain, brontzea erabiliko da.

Gaiei dagokienez, gai mitologikoak nabarmenduko dira, batik bat, esanahi alegoriko argiarekin (Edertasuna, Justizia, Egia, Maitasuna...). Gai erlijiosoko obrek barrokotik urruntzen den idealizazio hotza garatuko dute. Gai sekularren artean, erretratuak, monumentu publikoak eta biluziak aipa daitezke. Erretratuak idealizazioa islatuko du, aurpegien errealismoarekin batera, burgesiaren genero gustukoena izanik. Horrekin batera, monumentu publikoak eta funerarioak jorratuko dira, zibilizazio burgesaren figurak oroitzeko estatuak, alegia. Era berean, biluziak, inpertsonaltasunaren sinbolotzat, garrantzi nabaria izango dute.

Pintura

  • Linearen garrantzia, kolorearen gainetik. Figuren ingeradak linearen erabileraren bidez adieraziko dira, baita kolore puruak erabilita ere.
  • Argiaren trataerari dagokionez, solemnitatez betetako argi hotza erabiliko da.
  • Perspektiba lineala, pertsonaia ezberdinak plano bakar batean kokatzen direla, erliebe klasikoen antzera.
  • Konposizio neurtuak eta matematikoak, ordena, harmonia eta oreka transmititzen dutenak, Barrokoaren dinamismoarekin kontraste nabaria sortzen dutenak.
  • Forma eta figura irmoak, solemnitatez josiak, Barrokoaren naturalismoa atzean uzten dutenak.
  • Gai klasikoak landuko dira, batez ere, giza figura biluziak eta gai mitologikoak. Heroi greko edota erromatarrak izango dira inspirazio iturriak XVIII. eta XIX. mendeetako eszenak kontatzeko, hala nola, Frantziar Iraultzaren gertaerak edo Napoleonen inperioarenak, besteak beste. Ondorioz, margolanen helburua morala eta politikoa izango da, eredugarriak izan behar baitira artelanek jorratzen dituzten eszenak.

Errealismoa

Pintura

Errealismoaren margolari adierazgarriena Gustave Courbet (1819-1877) frantziarra da, iraultzaile eta probokatzailea. Bere obrak jende arrunta aurkezten du, langileak eta nekazariak, besteak beste, kritika sozial eta politiko gisa. Artifiziorik gabeko estiloa izango da Courbet-ena, egunerokotasuna kronika bisual moduan islatzea helburu baitu.

Bere obra soila da, kolore ilunak gailentzen dira kontraste handirik gabeko eszenetan, pintzelada zabala erabiliz, aurrerago inpresionistetan hautematen dena. Obren artean, Tailerra, Harri-pikatzaileak eta Ornans-en hileta daude. Azken hau landa eremuko uneko eszena da: figurak, tamaina naturalekoak, errealismo osoz aurkezten dira, tonu iluneko friso moduan kokatuta.

Bestetik, Jean-François Millet (1814-1875) nekazal jatorriko margolari errealista izan zen. Barbizon-go eskola paisajistaren parte izango da, inpresionismoaren aitzindariak izango direnen artean. Bere obren artean aipagarriak dira Angelusa eta Ereileak. Horietan nabaria da landa-bizitzaren mirespena, hau da, gizakia eta naturaren arteko harmonia, gizarte industrialaren antitesia.

Entradas relacionadas: