Arte-Hezkuntza Lehen Hezkuntzan: Hizkuntzak eta Teknikak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,86 KB

Gaia: Sarrera

Lehen Hezkuntzako etapan zehar, sentimenduak eta ideiak adierazteko gaitasunak garatu behar dira, baita adierazpen plastiko, musikal eta dramatikoak ere. Izan ere, forma artistikoetan garrantzi bera daukate azaldu nahi den ideia edo edukiek eta hori posible izateko baliabide formalak menderatzeak.

Arte-hizkuntza eta teknika ezberdinak

Hizkuntza artistikoak

Arte-adierazpenaren barnean bi hizkuntza bereiz ditzakegu: plastikoa eta musikala. Bi hauek, era berean, bi ardatzetan artikulatzen dira: pertzepzioa eta espresioa.

  • Pertzepzioa: Ezagutze sentsorial, ikus-entzunezko eta korporalen garapenarekin lotura duten alderdiei lotua dago. Hauek arte-adierazpen ezberdinak eta produkzio plastiko zein musikalak ulertzen laguntzen digute.
  • Espresioa: Kode eta teknika ezberdinen ezagutzaren laguntzaz, ideia eta sentimenduen adierazpena da.

Hizkuntza plastikoa: Plastikak irudiak erabiltzen ditu bitartekari gisa. Hauek prozedura klasikoekin (marrazketa, pintura, eskultura) zein bitarteko tekniko berriekin (argazkilaritza, zinema, bideoa edo TB) ekoitziak izan daitezke. Hizkuntza plastikoak gaur egungo gizartean garrantzi handia dauka, irudiak etengabe jasotzen ditugulako; beraz, hauek ondo "begiratzen", aztertzen eta ulertzen hezitzea ezinbestekoa da. Espresioari dagokionez, ikaslea bere ekoizpenak egiten hasi behar da, progresiboki modu pertsonalagoak aurkituz ideia edo elementu bat adierazteko.

Hizkuntza musikala: Musika-hezkuntzan pertzepzio aktiboa eta espresio musikala lantzen dira. Soinu-ezaugarrien ezagutzan emandako garapenak haurrari hizkuntza musikala hobeto ulertzen lagunduko dio: altuera, iraupena, erritmoa, esaldi musikalen ezagutza, etab. Ahotsa da komunikatzeko daukagun tresna hurbilena, hizkuntzaren bidez zein kantuaren bidez. Era berean, instrumentuen erabilerarekin gaitasun ugari lantzen dira: mugimenduaren kontrola, entzunketa eta arnasketaren kontzientzia, besteak beste. Mugimendu erritmiko eta dantzaren barnean gorputz-adierazpena eta elementu musikalak daude. Mugimenduen kontrola eta menderatzea landu behar dira, mugimendu libretik abiatu eta dantza errazen ikasketaraino.

Dramatizazioa: Gorputza, ahotsa, espazioa eta denbora erabiltzen dituen errepresentazio mota bat da. Haurraren baliabide espresibo eta errepresentatiboak garatu behar dira: ahotsa, mozorroa, keinuak, gorputz-mugimendua...

Teknika artistikoak

Material eta teknika egokien erabilera arte-adierazpenaren zati garrantzitsu bat da. Orokorrean, teknika helburu bat lortzeko aurrez planifikaturiko ekintza bat dela esan dezakegu. Dena dela, teknika ez da helburua, haurrak bere sentimenduak adierazteko bidea baizik. Hona hemen teknika nagusiak:

Hizkuntza plastikoko teknikak:

  • Pintura: Inpresioak atzamarrekin edo objektuekin, zikintzea (papera busti eta ondoren pintzelarekin tanta erortzen utziz), putz egitea, esgrafiatua (lehenengo kolore argiekin margotu, lehortzen utzi eta kolore ilunekin margotu; ondoren, esgrafiatu azpiko kolore argiak agerian utziz).
  • Marrazketa: Difuminatua edo itzalak, kolorea ematea sakontasuna lortzeko, eskemak edo bozetoak egitea.
  • Modelatuak, papera eta teknika mistoak: Collage-a, mosaikoa, sakabanatua, happening-a (arte-adierazpen bat-batekoa), komikia...
  • Baliabide teknologiko berriak: Publizitatea, zinema, argazkilaritza...

Hizkuntza musikaleko teknikak:

  • Kantua: Ahotsa ondo heztea eta gorputz-jarrera (erlaxazioa, arnasketa, ahotsaren igortze teknikak) oso garrantzitsuak dira.
  • Musika adierazpena/interpretazioa: Instrumentuak erabiltzeak garrantzi handia dauka interesa pizteko. Mugimendu-kontrola, erritmo jarduerak eta sormena lantzen dira.
  • Dantza: Gorputz-adierazpena mugimenduarekin elkartzen da. Teknikak: barneratzea, koordinazioa, lateralitatea, oreka eta erritmoa.

Gorputz-hizkuntza teknikak: Dantzaz aparte, antzerki-jolasa (musika, plastika eta ahotsa uztartuz) eta mimoa aipa ditzakegu.

Hezkuntza esku-hartzea sorkuntza prozesuan

Ikaskuntza-prozesuan zehar, ikasleek irudiak sortzeko gaitasun maila desberdinak erakusten dituzte. Hasieran, berezko grafismo bat egiten dute; ondoren, objektu errealen irudikapen pertsonala garatzen dute; eta azkenik, forma ezberdinen zehaztapen maila handiagoa eta errealistagoa lortzen dute. Jarduera plastikoa prozesu aktibo eta pentsakor baten emaitza da. Irakaslearen lana da ikaslea konturatzea sorkuntza-prozesuan plangintza, diseinua, gauzatzea eta balorazioa elementu garrantzitsuak direla.

Printzipioak eta estrategiak

"Arte-sorkuntzak bi printzipio nagusiri erantzuten die: adierazpen askatasuna eta sormenaren garapena" (López-Maya eta Chueca Romero, 2007).

Printzipio orokorrak:

  • Ikaslearen garapen-maila izan behar da abiapuntua.
  • Ikaskuntza esanguratsuak bermatzea, jakintzak sendoago integratzeko.
  • Ikasleak ikasten ikasi behar du, bere kasa aurrera egiteko gai izan dadin.
  • Aktibitate handia eskatzen duen barne-prozesua da.

Printzipio espezifikoak:

  • Esperientzia eta inguruko hausnarketa (irudiak, musika, ikuskizunak) izan behar dira abiapuntua.
  • "Ikusten irakastea" garrantzitsua da, ondoren bizi duena adierazteko.
  • Oinarriak ikerketa, motibazioa eta sormena dira.
  • Espazio zabalak eta estetikoki egokiak erabili behar dira.
  • Irakaslearen jarrera malgua, errespetuzkoa eta laguntzailea izan behar da.

Prozesuaren plangintza, diseinua eta antolaketa

Konposizio plastikoak egiteko faseak honako hauek dira:

  1. PLANGINTZA: Behaketa eta informazio bilaketa. Ingurune sozio-kulturalaren behaketa arretatsua bultzatu behar da.
  2. DISEINUA ETA ANTOLAKETA: Materialen eta tekniken aukeraketa. Teknikak anitzak izan behar dira (arkatzak, tenperak, buztina, material birziklatua...).
  3. LANAREN ANTOLAKETA: Jarraitu beharreko pausoak eta arduren banaketa egituratzea.
  4. GAUZATZEA: Proiektua aurrera eramatea, autonomia eta eredu aniztasuna bultzatuz.
  5. HAUSNARKETA: Amankomunean eztabaidatzea, zailtasunak eta iritziak partekatuz.

Ondorioak eta 5. Bibliografia

  • 236/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta EAEn ezartzen duena.
  • Alcaide, C. (2003). Expresión plástica y visual para educadores; Educación Infantil y Primaria. Madrid: Instituto Calasanz de Ciencias.

Entradas relacionadas: