Arte Gotikoa: Ezaugarriak, Eskultura eta Pintura
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en
vasco con un tamaño de 734,62 KB
Arte Gotikoaren Ezaugarriak
Arkitektura Gotikoa
Garaiera eta Argitasuna
Espiritualtasun berri batek argi eta grina erakusten du, honen adibidea katedral gotikoa da. Katedrala lerro bertikala izango da eta hau azpimarratzeko, zutabeak luzatzen joango dira. Bestetik, triforio horizontalak desagertu egingo dira. Adibidez: Notre Dame, Laon. Kanpoko orratzak 153 m eta Beauvaisko nabe zentralak 51 m.
Argitasuna Jainkoaren presentzia adierazteko da. Leihoetako beirate koloretsuek Bibliako pasarteak irudikatzen dituzte. Rosetoi handiak ere erabiltzen dira hau erakusteko. Adibidez: Mallorkako katedraleko 13 metroko rosetoia.
Arku Zorrotz eta Gurutze-Gangaren Erabilera
Arku zorrotzarekin hobeto desbideratuko dira arkuaren zeharkako bultzadak, eta gurutze-gangak kontzentratuko ditu lau ertzetan tarteen bultzadak. Horrela, nahikoa da ertzetan euskarri sendoak jartzea indar hori lurrera bideratzeko. Horma arinagoak erabiltzeak leiho handiak irekitzea erraztuko du.
Euskarri: Kontrahorma eta Arbotanteak
Euskarri bezala kontrahorma eta arbotanteak erabiliko dira. Azken hauek gangaren angeluak kanpoko kontrahormekin lotuko dituzte, hauen gainean pinakuluak jartzen dira, funtzio nagusia euskarria izanik. Eraikuntza oso garaiak direnean, bi arbotante lerro jar daitezke.
Eskultura Gotikoa
Ama Birjina Eskultura Gotikoan
Eskultura gotikoan naturalismoak eta gizakiaren proportzio egokiek garrantzi handiagoa hartuko dute, irudi erlijiosoak giza sentimenduekin agertuz. Ama Birjina ere modu askoz naturalagoan erakusten da, erromanikoaren hotz eta zurrunarekin alderatuta, begirune eta amatasun-sentimendu gehiago adieraziz.
Adibideak
Notre Dameko Portada
Aurrealde nagusikoak Ama Birjinaren bizitzari buruzkoak dira, erdiko arkupekoak izan ezik (Azken Epaiketa).
Chartresko Portada
Erregeen Portada: Pantokratorra eta tetramorfoak, Ama Birjinaren Portada.
Amienseko Portada
Figurak oraindik marko arkitektonikoari lotuta daude, baina "Urrezko Ama Birjinaren Portadan" erromanikoaren eskematik urruntzen hasiak direla erakusten dute. Erdiko tinpanoan "Azken Epaiketa".
Pintura Gotikoa
Pintura Flamendarra
Flandes europar pinturaren gune garrantzitsuena izan zen eta Europa osoan eragina izan zuen. Flandes beste lurralde txikiekin batuko da Borgoinako dukeen menpe erori ondoren. Flandesen merkataritza handia zegoen artilezko ehunen ekoizpena zela eta. Ondorioz, merkataritza-harreman sendoak hasiko dituzte beste lurraldeekin, burges taldeak sortuz.
Jan van Eyck
Jan van Eyck pintura flamendarraren sortzailetzat hartzen da, eta estilo horren gailurra ere bada, Europako pinturaren historian maila gorena lortu duen artista nagusienetako bat. Bere ospea azkar hedatu zen, eta lanik garrantzitsuena bere anaia Hubertorekin batera egindakoa izango da: Ardi Mistikoaren Poliptikoa. Lan hau burges aberats batek enkargatu zuen, eta arte erlijiosoaren alorrean mugarri bihurtu zen.
Ardi Mistikoaren Poliptikoa 20 taulaz osatuta dago, eta gai nagusia Eukaristiaren Gorespena da. Beheko aldean, jendetza zabala ardi mistikoa gurtzen ageri da, eta alboetan lau talde bereizten dira: Kristoren Zaldunak, Epaileak, Eremitak eta Erromesak. Goialdean, berriz, Deesis, Adan eta Eva eta aingeruak ikus daitezke. Obra honek errealismo handia eta xehetasun maila zoragarria erakusten du, aurpegi guztiak erdigunera begira daudelarik, konposizio landu batekin eta geometrikoki egituratutako perspektiba batekin. Kolore aberatsak eta Mediterraneoko paisaiek lanari edertasun berezia ematen diote.
Arnolfini Senar-Emazteak
Arnolfini Senar-Emazteak margolanak merkatari bikote baten irudia aurkezten du, sinbolismoz beteta. Ezkontzaren sinboloa dirudi: eskuak elkartuta batasuna adierazten dute, eta ispilu batean lekukoak ageri dira. Xehetasun maila bikaina da, eta arropen testura bereziki nabarmentzen da.
Jeronimus Bosch (El Bosco)
Jeronimus Bosch, El Bosco, pintore holandarra izan zen, eta bere lana Erdi Aroaren eta Errenazimenduaren artean kokatzen da. Errealismoa, satira eta herrikotasuna jorratzen zituen, baina aldi berean, arrazionaltasuna eta moralismoa ere agertzen ziren. Bere lanetan fantasiazko munduak eta gaiarekiko ikuspegi umoristikoak nabarmentzen dira, eta zorakeria, bekatua, paradisua eta heriotza bezalako gaiak jorratzen zituen. Bere lan ezagunenetako bat El Jardín de las Delicias da.
El Jardín de las Delicias Filipe Ederrak enkargatu zuen, eta triptiko bat da. Itxita, Kreazioa irudikatzen du, eta irekitzean Paradisua, Mundua eta Infernuak agertzen dira. Paradisuan emakumeen sorrera eta bekatuaren hasiera erakusten dira, eta Infernuan bizioen zigorrak. Horrekin batera, 50 sinbolo inguruko fantasiazko irudiak aurkezten dira, autorearen irudimenaren erakusgarri.
Ama Birjina Erromaniko eta Gotikoan
Erromaniko eta gotiko estiloko Ama Birjinaren irudien arteko aldeak nabarmenak dira:
Erromanikoa
Ama Birjina modu formalean eta zurrunean irudikatzen da, emoziorik gabe eta figura estatiko gisa. Estiloa hieratikoa da, espiritualtasuna azpimarratzeko, eta ama-seme arteko harremana urrun eta hotza ageri da. Kristoren irudia heldu baten miniatura bat balitz bezala erakusten da, eta Ama Birjina, askotan, "Jainkoaren Tronoa" gisa agertzen da, funtzio sinboliko eta liturgiko nagusiekin.
Gotikoa
Ama Birjina askoz ere naturalago eta gizatiarrago irudikatzen da. Gorputzaren proportzioak eta keinuak errealistago bihurtzen dira, eta begirunez gain, amatasunaren eta samurtasunaren adierazpen garbiagoa ematen zaio. Kristoa haur moduan agertzen da, eta ama-seme arteko harremana intimoagoa eta hurbilagoa bihurtzen da. Irudiek espresio emozional handiagoa dute eta eskulturak arinago bihurtzen dira, arkitekturaren menpe egon arren, geroz eta gehiago askatzen hasten dira.