Arte Barrokoa: Arkitekturaren Ezaugarriak eta Adibideak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,83 KB

Sarrera: Arte Barrokoaren Testuingurua

Arte Barrokoa XVII. mendean sortu zen Italian, eta Europa osora hedatu zen XVIII. mendearen erdialdera arte. Garai honetako artea bi ezaugarri historikok markatu zuten, batez ere: erlijioaren zatiketak (protestanteak eta katolikoak) eta monarkia absolutuen ezarpenak. Elizak eta nobleziak artea haien estatusa eta boterea islatzeko erabili zuten, propaganda moduan. Herrialde katolikoetan beren doktrina transmititzeko erabili zuten, eta nazio protestanteetan burgesiak izan zuen garrantzi gehien, eta haien bizimodua artelanetan islatzen zuten. XVIII. mendearen azken urteetan, “Rococo” izeneko mugimendua sortu zen Frantzian. Estilo honek luxua, erosotasuna eta festa erakusten zituen, gizarte fribolo eta nekatu bati erantzunez. Errenazimenduak ordena, arrazionalismoa, logika eta baretasuna erakusten zituen; Barrokoak, aldiz, mugimendua eta kontrastea bilatzen zituen, ikuslea liluratuz.

Garapena: Arkitektura Barrokoaren Ezaugarri Nagusiak

Arkitektura Barrokoak Errenazimenduaren edertasuna eta harmonia apurtu zituen. Orain, eraikinek zirrara sorrarazi nahi zuten. Era berean, mugimendu-sentsazioa sortzen zuten, frontoi kurbatuen, boluten, horma konkabo eta konbexuen eta zutabe salomonikoen bidez, besteak beste. Eskema konplexuagoak bilatu zituzten, eta oinplano eliptikoak eta obalatuak egin zituzten. Argi-ilunak ere bilatuko zituzten, eta, barrualdean, ikuslea txunditzeko efektu ilusionistak erabili zituzten (ispiluak, margotutako kupulak…). Kanpoaldean, eraikina nabarmentzea nahi zuten; horregatik, plaza erraldoiak eta lorategi ederrak eraiki zituzten, dekorazio askorekin. Eraikinen inguruak urbanizatu eta hiriak birmoldatu zituzten. Barrokoko obra adierazgarrienak elizak, hirigintza eta jauregiak dira.

Arkitektura Barrokoa Italian

Garai honetan, hiriburuen planoak egiten hasi ziren, adibidez, Erroma Italian. Bertan, Barrokoa sortu zen, eta herrialde batzuetarako eredu izango ziren eraikinak egin zituzten. Italian, hainbat arkitekto nabarmendu ditzakegu:

  • Madernok Vatikanoko San Pedroren fatxada egin zuen. Fatxada honek horizontaltasuna erakusten du, atzealdean dagoen Michelangelok egindako kupula ez tapatzeko. Ordena klasikoko zutabeak eta leihoak konbinatzen ditu, eta erdiko partea atzeratuago dago, mugimendu-sentsazioa sortuz.
  • Bernini arkitekto, eskultore eta margolari bikaina izan zen. Bere lanik garrantzitsuenetako bat Vatikanoko San Pedrorako baldakinoa da (San Pedroren hilobia estaltzen duena). Zutabe salomonikoak ditu, eta argiarekin jolasten du, kontrasteak sortuz. Hiri-obren artean, San Pedro plaza nabarmendu dezakegu. Honek bi beso ditu basilikaren fatxadarantz, eta Elizak fededunei emandako besarkada sinbolizatzen du. Deigarria da, halaber, zutabeen handitasuna eta antzerki-efektua.
  • Borrominik Erromako eliza batzuk egin zituen, eta Lau Iturrietako San Carlosen kupula nabarmentzen da. Argi eta itzalekin jolasten du, eta errealitatean baino handiagoa dirudi. Eliza hau kale estuen artean dago kokatuta, ordena erraldoia eta txikia konbinatzen ditu, eta fatxadan eskulturak daude. Bertikalean, hiru bao ditu: konkaboak eta konbexoa. Era berean, elementu errenazentistak erabili zituen, hala nola zutabeak eta taulamendua, baina mugimendua eta antzerki-izaera bilatzen ditu.
Ondorioa: Arkitektura Barrokoaren Garrantzia

Arkitektura barrokoa oso ikusgarria da, Errenazimenduko oreka eta baretasuna apurtzen dituelako, ikuslearengan zirrara sorraraziz. Gainera, ikuslea guztiz txunditzeko, efektu ilusionistak erabili zituzten, eta argi-ilunekin jolastuz, mugimendu-sentsazioa sortu zuten. Pertsonalki, Barrokoa orain arte ikusi ditudan estiloetatik gehien gustatzen zaidana da, klasizismoko kanonak apurtzen dituelako eta aurrerapen handia izan zelako, gero eredu gisa erabiliko zutena.

Entradas relacionadas: