Arte Abangoardiak XX. Mendean: Kubismotik Futurismora

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,26 KB

Arte Abangoardiak XX. Mendean: Kubismotik Futurismora

Pablo Picasso eta Kubismoa

Pablo Ruiz Picasso (1881-1973) margolari eta eskultore espainiarra izan zen. Georges Braque frantsesarekin batera, kubismoa sortu zuen. Oso gazterik hasi zen pintatzen, eta gaitasun tekniko aparta zuen. Haurtzaroa eta gaztaroko lehen urteak Malagan eta, ondoren, Coruñan eman zituen. Pintore izatea erabaki ondoren, Bartzelonara joan zen. Gero, Parisera aldatu zen, eta hiri hartan egokitu ondoren hasi zen giro postinpresionistak ezagutzen.

Bi garai nagusitzen dira bere lanetan: garai urdina eta garai arrosa. Garai urdinean, XX. mendearen hasieran, sinbolismoaren eragina eta kutsu espresionista agerian uzten duten koadroak landu zituen, pertsonaia xumeak azalduz, interpretazio sentibera eta malenkoniatsu batez aurkeztuak. Garai arrosan, zirkuko pertsonaiak, txerpolariak eta aktore ibiltariak aurkeztu zituen.

1907an, "Avignongo Andereñoak" koadroa pintatu zuenean, kubismoaren bidea hasi zuen, errealitatea forma geometrikoetan murriztuz, XIX. mendearen amaieran Cézanne egiten hasi zen bezala. 1910 eta 1912 urteen artean, Braquerekin batera, kubismo analitikoa landu zuen, formaren eta irudiaren haustura hainbat forma geometrikotan bihurtuz.

1936an, Espainiako Gerra Zibila hastean, Picassok errepublikanoen alde egin zuen, eta "Gernika" margolan ezaguna egin zuen, Gernikako bonbardaketa salatzeko. Margo hori Espainiako Errepublikaren sinboloa izango zen. Picassok lanean jarraitu zuen Frantzian, 1973an hil zen arte, 91 urte zituela. Lan artistiko aberats eta izugarri handia utzi zuen.

Dadaismoa

Dadaismoa Tristan Tzara idazleak sortu zuen, Zürichen, 1916an. Ondoren, Europa eta Ipar Amerikan zehar hedatu zen, New York, Paris eta Berlinen, hain zuzen. Irudi arloan, ezohiko materialen erabilera landu zuten artista dadaistek. Collage teknika, adibidez, oso erabilia izan zen. Jean Arpek, bere collage lanak egiteko, paperak jausten ziren moduan itsasten zituen, kasualitateari berezko garrantzia emanez.

Artista ezagunenak Marcel Duchamp, Jean Arp, Man Ray, Raoul Hausmann eta Francis Picabia izan ziren. Artistek eguneroko objektuak erabili ohi zituzten euren artelanak egiteko. Marcel Duchampek txizatoki bat bere testuingurutik atera eta arte galeria batean aurkeztu zuenean, irudiak egiteko ohiko prozedurak alde batera utzi zituen. Dadaismoaren helburuetako bat Lehen Mundu Gerran sortutako heriotza eta suntsipen guztiaren aurka borrokatzea zen.

Dadaistak arte eta literatura arloetan nagusi ziren estiloen aurka altxatu ziren, anti-artea sortu nahian, eta ezarritako ordenari probokazioa eginez.

Ezaugarriak

Gerraren aurka, makinismoaren aurka, logika burgesaren aurka eta ordura arteko arrazionalismoaren aurka agertu ziren. Dadaismoak, beraz, ukazioen bidez eraiki zuen bere estetika: artearen beraren ukazioa, gerra bultzatu zuen sistemaren osagarria zelako; artisautzaren ukazioa, seriotasunarena, moralarena, erlijioarena eta abar.

Joera honek sormenezko indarrak askatzen ditu, adierazpide artistiko berriak sortuz: argazki muntaia, collagea, pintoeskultura, frotagea, aurkitutako objektuak…

Dadaistentzat, umorea, barrea, probokazioa, halabeharra, kasualitatea, logika eza, bat-batekotasuna, intuizioa, absurdoa, sorpresa, jolasa eta antzeko bitartekoak dira erabili beharrekoak antiartea sortzeko.

Testuinguru Historikoa

Lehen Mundu Gerran garatu zen Dada mugimendua, Zürichen jaio zena 1916an eta 1922ra arte iraun zuena. Sortzaileak Hans Arp eta Tristan Tzara izan ziren. Denborarekin, Berlin, Kolonia, Paris eta New Yorkera zabaldu zen. Oinarrizko abiapuntua gizartea, kultura eta artea aldatzea zen, harridura, nihilismoa, ironia, probokazioa, umorea, arrazionaltasunaren ukazioa, balio burgesen ukazioa eta antzeko bitartekoen bidez. Esan genezake mugimendu libertario-artistikoa izan zela.

Marcel Duchamp

XX. mendeko arteak izan zuen irudi eraginkorrenetako bat, inolako zalantzarik gabe, Marcel Duchamp izan zen, dadaismoarekin albo batetik lotu genezakeen artista. Pintorea zen formazioz, eta "Biluzia eskaileran behera" margolan ezaguna aurkeztu zuen 1913rako. Lan hartan, itxura metaliko eta mekanikoa duten elementu prismatiko batzuez egituratutako multzoa baizik ez da giza irudia, eta metatutako lerro zinetikoen bitartez iradokitzen da haren mugimendua, futuristek mugimendua azaldu nahi izan zuten tankeran.

1913an hasi zen Ready-made lanak aurkezten, eta aukera berri asko zabaldu zituen horrenbestez artearen munduan, artearen izaerari buruzko galderak egin zituelako. Duchampek urratutako bidean aurrera eginez, galdera ez da jada artea zer den jakitea, baizik eta zerbait artetzat noiz hartu behar den; horretan guztian, artistaren nahiak zer mailatan balio duen zehaztea.

Futurismoa

Filippo Marinetti poeta italiarrak, 1909an, Manifestu Futurista argitaratu zuenean, Futurismoari hasiera eman zion. Mugimendu honek bizitza laburra izan zuen, 1918. urtera arte. Futurismoaren ezaugarri nagusiak makinaren gorespena eta errealitatearen mugimenduaren adierazpena izan ziren. Artista futuristek landu zituzten gai nagusiak hauek izan ziren: antzinatasunarekin haustura, teknologia modernoaren garapena, abiadura eta energia.

Futuristek lehen aldiko kultura ukatzen zuten, gizarteak garapenean eta mugimenduan bizi behar zuela uste baitzuten. Hauek dira Manifestu Futuristan agertzen ziren gai batzuk:

  • Mugimendu oldarkorra, lasterketa, txaloa eta ukabilkada goraipatu nahi ditugu.
  • Abiaduraren edertasuna aldarrikatu nahi dugu.
  • Guda miresten dugu, militarismoa, abertzaletasuna, anarkisten keinu suntsitzailea eta emakumearenganako mesprezua.

Irudi arloan, lerro eta formen errepikapena eta kolore biziak erabili zituzten, bizitasuna eta mugimendua adierazteko. Irudiak erritmo handikoak dira. Hauek izan ziren artista garrantzitsuenak: Filippo Marinetti, Giacomo Balla, Umberto Boccioni, Carlo Carrà eta Gino Severini.

Entradas relacionadas: