Arkitektura eta Pintura Erromanikoa: Ezaugarri Nagusiak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,1 KB

Arkitektura Erromanikoa: Sarrera eta Egitura

Erromanikoa, batez ere, arte arkitektonikoa izan zen, nahiz eta pintura eta eskultura eraikinean guztiz integratuta egon. Eraikuntza zibileko adibideak badaude ere, arkitektura erlijiosoa izan zen nagusi. Eraikin garrantzitsuenak elizak eta monasterioak dira.

Elizek normalean latindar gurutzedun oinplanoa dute, nabe bakarra edo hiru nabe izanik. Erdiko nabea altuagoa eta zabalagoa da, eta abside erdizirkularrean amaitzen da, aldarea kokatzeko. Gurutzadura nabarmentzen da, eta haren gainean zinborioa altxatzen da. Monasterioetan klaustroa da elementu nagusia, erdi-puntuko arkuekin eta zutabeez inguratua. Erromako basilika eta prerromanikoa dira aitzindariak.

Material nagusia harria da, hormetan eta estalkietan erabilia. Egurrezko estalkiak baztertuz, harrizko gangak erabiltzen dira, sendoak baina astunak, suteak saihesteko.

Arkitektura Erromanikoaren Ezaugarri Nagusiak

Oinplanoak eta Egitura

Ohikoena latindar gurutzekoa da, nabe bakar edo hirukoarekin. Erdiko nabea handiagoa da, eta absidean amaitzen da, ekialderantz orientatua. Batzuetan absidioloak agertzen dira. Erromesaldietarako elizetan girola erabiltzen da. Nartex edo sarrerako ataria mantentzen da.

Luzetarako nabea transeptuarekin gurutzatzen da, gurutzadura osatuz. Bertan, barrualdea argitzeko, zinborioa edo linterna kokatzen da. Fatxada nagusia oinaldean dago, eta dorreak normalean alboetan.

Euskarriak eta Hormak

Hormak lodiera handiko harrizkoak dira, ganga astunei eusteko, eta kanpoaldean kontra-hormez sendotzen dira. Leihoak estuak eta txaranbelduak direnez, barrualdea iluna da, misterio giroa sortuz.

Gangari eusteko pilareak eta pilare konposatuak erabiltzen dira; kolomak kriptetan, atarietan eta klaustroetan mantentzen dira. Kapitela elementu apaingarri garrantzitsua bihurtzen da.

Estalkiak eta Gangak

Erromanikoan erdi-puntuko arkua da nagusi, gangetan, leihoetan eta portadetan erabilia. Estalki nagusia harrizko ganga da.

Bi ganga mota erabiltzen dira:

  • Kanoi-ganga, ohikoena, fajoi-arkuez eta kontra-hormez indartua.
  • Ertz-ganga, bi kanoi-ganga perpendikularren gurutzaketatik sortua.

Kanoi-ganga erdiko nabean erabiltzen da, ertz-ganga albokoetan, eta labe-ganga absideetan. Erdiko nabeak bi isurkiko teilatua du, albokoek isurki bakarrekoa.

Zenbait elizetan tribunak daude alboko nabeen gainean; egitura indartzeko, argitasuna handitzeko eta edukiera zabaltzeko balio dute. Gurutzaduraren gainean zinborioa kokatzen da, eta batzuetan girolak erlikiak ikustea ahalbidetzen du. Elizek 3 eta 5 nabe artean izan ohi dituzte.

Portadak: Elementu Artistiko Nagusia

Portada eliza erromanikoetako elementu artistiko nagusietakoa da. Txaranbeldua da eta zutabeetan euskarritutako arku zentrokidez osatua.

Portadaren atal nagusiak hauek dira:

  • Dintela
  • Arkiboltak
  • Tinpanoa
  • Kapitelak
  • Teilategalak

Pintura Erromanikoa

Ezaugarri Orokorrak eta Funtzioa

Pintura erromanikoa, eskultura bezala, arkitekturaren menpe zegoen eta eraikinean guztiz integratuta agertzen da. Garai honetan pintura oso garrantzitsua izan zen. Horma-pintura nagusitu zen, nahiz eta ohol gaineko pinturak eta kodexetako miniaturak ere landu.

Kokapena

Pintura nagusiki elizetako absideetan kokatzen zen, horma-pintura izanik bere adierazpen nagusia.

Funtzio Didaktikoa

Pinturaren funtzioa didaktikoa zen. Helburua ez zen errealitatea irudikatzea, baizik eta eskolagabeko herriari Itun Zaharreko eta Berriko ideiak eta kontzeptuak irakastea.

Ikonografia eta Gai Erlijiosoak

Gaiak erlijiosoak dira. Ohikoenak hauek:

  • Kristo Azken Judizioan
  • Pantokratorra, tronuan eserita, mandorla batez inguratua eta Tetramorfoaz lagundua
  • Ama Birjina, Santuak eta Itun Zaharreko eta Berriko eszenak

Teknika eta Koloreak

Horma-pintura freskoz edo freskoa eta tenplea konbinatuz egiten zen. Kolore bizi eta puruak erabiltzen dira, lauak eta nabardurarik gabe: urdinak, gorriak eta beltzak nagusiki. Hondoak kolore bakarrekoak eta neutroak dira.

Marra funtsezkoa da: irudien ingeradak lerro lodi eta ilunez markatzen dira, kolore-orban handiak banatzeko.

Konposizioaren Ezaugarriak

Konposizioak simetrikoak dira. Irudiak aurrez, paraleloan eta erregistro desberdinetan antolatzen dira. Ez dute elkarren arteko harremanik ezta taldeak osatzen ere XIII. mendera arte. Irudien tamaina hierarkiaren arabera aldatzen da (perspektiba hierarkikoa).

Estilo Piktorikoa eta Antinaturalismoa

Ez dago bolumenik ezta sakontasunik. Irudiak lauak dira eta hondo lauetan kokatzen dira; paisaia ia ez da agertzen. Koloreak ez direnez nahasten, ez dago argi-tratamendu zehatzik; argia koloreek eurek sortzen dute.

Pintura erromanikoa antiklasikoa edo antinaturalista da, mosaiko bizantziarraren tradizioa jarraitzen duena. Irudiak zurrunak, hieratikoak eta eskematikoak dira, errealitatea baino ideia erlijiosoak adierazteko.

Entradas relacionadas: