Aristotelesen Filosofia: Ontologia, Hilemorfismoa eta Teoria Politikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,24 KB
1. Platonen ideien teoriaren kritika: Hilemorfismoa
Errealitatea (ontologia) azaltzeko orduan, Aristotelesen eta Platonen planteamenduak desberdinak dira. Platonek defendatu zuen mundu sentikorra ez dela benetako errealitatea, kopia bat baizik. Aristotelesek, aldiz, errealitate substantziala eta errealitate akzidentala bereizi zituen.
Aristotelesek errealitate substantzialaren barnean sartzen ditu, alde batetik, inguratzen gaituen eta zentzumenez hautematen dugun lehen substantzia (gauza zehatzak), eta bestetik, esentzia unibertsalak edo bigarren substantzia. Errealitate akzidentala, berriz, gauza zehatzetan bakarrik hauteman daitezkeen ezaugarriak dira. Izatez, errealitatea den bakarra lehen substantzia da. Errealitatearen barruan lehen substantzia baino jartzean, zentzumenen bitartez hautematen dugun zehaztugabeko materia, Platonen idealismoaren aurrean errealismoa aldarrikatu zuen Aristotelesek.
Platonen ustez, mundu sentikorra aldakorra da, benetakoa ez delako, kopia baizik. Aristotelesek, aldaketa azaltzeko, bere teoria hilemorfikoan oinarritu zen. Lehenik eta behin, aldaketa zer den zehaztu behar da. Aristotelesen arabera, hiru elementu sartzen dira aldaketa-prozesuan:
- Orain dena (izatea edo forma)
- Aldatzen den gaia (subjektua)
- Ez-izate erlatiboa, hau da, izan daitekeena (potentzialitatea)
Izakiak ez dira oraintxe direnak bakarrik, izan daitezkeenak ere bai. Beraz, izakiak bi elementuz osaturiko substantziak dira: materia eta forma.
Errealitatea ulertzeko era horrek eragin zuzena du ezagutzaren teorian. Platonen ikuspuntutik, ezagutza-prozesuan esperientzia sentikorra engainagarria eta guztiz baztergarria bada, Aristotelesen ustez, ezagutza esperientziarekin hasten da, eta ondorioz, inola ere ez da baztergarria, nahiz eta esperientziarekin ezagutza ez den amaitzen.
2. Teoria politikoa: Gizatasuna eta erregimen politikoak
Aristotelesen arabera, gizakiak bizirik iraun nahi badu, elkartu egin behar du nahitaez, ondo antolaturiko gizarte batean bizi behar du. Gizakia animalia politikoa da; puntu honetan ez da Platonengandik urruntzen.
Bi gobernu mota bereizten ditu: zuzenak eta okerrak. Zuzenak dira guztien ongia bilatzen dutenak, eta okerrak, berriz, gobernuan daudenen interesak baino babesten ez dituztenak.
2.1. Gobernu mota zuzenak eta okerrak
Gobernu mota zuzenak honako hauek dira:
- Monarkia: Pertsona bakar batek gobernatzen du, guztien ongia bilatuz.
- Aristokrazia: Gutxi batzuek gobernatzen dute, onenenak direnak.
- Errepublika: Gehiengoak gobernatzen du, herritarren interesak kontuan hartuz.
Gobernatzeko era zuzen bakoitza ustel daiteke, eta honela bihurtzen dira okerrak:
- Monarkia usteltzen denean tirania bihurtzen da.
- Aristokrazia usteltzen denean oligarkia bihurtzen da.
- Errepublika usteltzen denean demagogia bihurtzen da.
2.2. Justizia hirian: Ezagutza eta bertutea
Nola lortu daiteke zuzentasuna hirian? Platonek uste du ezagutzak bermatzen duela zuzen jokatzea. Zuzentasuna zer den ezagutzen duenak zuzen jokatzen du ezinbestean. Aristotelesen iritziz, ezagutza beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa. Bertutea erdiko puntuan dago. Hala ere, ezagutza horrek ez du ziurtatzen hori aukeratuko denik. Arrazoimenak ez du aukeratzen, nahimenak baizik. Tarteko bide batzuk behar dira: bertute etikoak. Ohiturak eta bertute onak erabiliz bihurtzen gara bertutetsu, eta horretarako esperientzia oso garrantzitsua da. Ekintzak behin eta berriro errepikatuz eskuratzen dira ohiturak.
Platonek harmoniarekin eta orekarekin lotzen du hiri justua: hiritar bakoitzak duen gaitasunari loturik, eta horren arabera berezko duen zereginetan arituz gero, hiria justua izango da. Aristotelesen justizia-kontzeptuak kontuan hartzen ditu legezkotasuna eta merezimendua. Legezkotasunak legeak esandakoaren arabera bizitzea esan nahi du; merezimenduak, berriz, hiritar guztiei tratu berdina ematea, merezi dutenaren arabera.