Argazkigintzaren Oinarriak: Kamera eta Irudiaren Sekretuak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,72 KB
Argazkigintzaren Ezaugarriak eta Errealitatearen Transformazioa
- Argazkiak errealitatearen hirugarren dimentsioa kentzen du.
- Argazkiak ikus-eremua mugatzen du enkoadraketaren bidez.
- Mugimendua kentzea: Begien aurrean gertatzen ari den errealitateko aldiune bat aukeratu eta geldiarazten du argazkilariak. Argazkian mugimendua irudikatzeko modu bat dago, "argazki mugitua" hain zuzen. Hala gertatzen da kameraren aurrean dauden objektuen higidura objektiboaren kliskatzea baino bizkorragoa denean.
- Irudikatzen den errealitatearen argi-baldintzak aldaraz daitezke argazkien bidez, diafragmaren irekiera maneiatuz.
- Argazkian ateratako objektuen irudikapen-eskala aldaraz daiteke, perspektibaren efektuari esker.
- Argazkiak optikoak ez diren baina errealitatean badauden estimulu guztiak kentzen ditu, hala nola soinua, usaimena, ukimena, tenperatura.
Argazki-kameren Funtzionamendua
Kameraren sekretua hiru elementuk batera jardutea da:
- Filma / Txipa (kamera digitaletan)
- Sistema optikoa
- Obturadorea
Filma eta Irudi Fotografikoa
Filma
Irudiak prozesu kimiko baten bidez finkatzeko euskarria da filma. Bi geruza ditu:
- Euskarriaren funtzioa betetzen duen gelatina gardena da lehen geruza.
- Zilarrezko bromuro-emultsio bat eta argiarekiko sentikorrak diren beste substantzia batzuk gehitzen zaizkio euskarri horri.
Argazkigintzaren behar estetikoei erantzuna emateko, argiarekiko sentikortasun desberdineko filmak egiten dira.
Irudi optimoa lortzeko argitan jarri behar den esposizio-denbora adierazten digu filmaren sentikortasunak edo azkartasunak. Balio-eskala baten bidez ezagutzen da film bakoitzaren sentikortasuna. Neurtzeko sistema ISO eskala estandarra da. Zenbat eta indize handiagoa, orduan eta sentikorragoa da filma. Beraz, esposizio-baldintza berean, argi kantitate txikiagoa behar du inpresionatzeko.
Irudi Fotografikoa Sortzea
Objektiboa zeharkatzen duen irudia filmaren gainean proiektatzen da, baina sortutako irudia negatibo bat da. Argi-sortak emultsioa ukitzen duen bakoitzean, kristal sor bihurtzen dira zilarrezko bromuro molekulak filma errebeldatu arte. Irudi sorra deritzo horri. Filma inpresionatzen duen argi-sortak hainbat intentsitate du: argitasun handiagoa dagoen tokian, material sentikorrak gehiago erreakzionatzen du eta ilundu egiten da. Horrela lortzen da argazkian ateratako irudiaren negatiboa; negatiboko alderik ilunenak motiboaren alderik argienei dagozkie, eta alderdi gardenak, berriz, ilunenei.
Zuri-beltzeko filmak kolore guztiekin sentikorrak dira. Koloretako filmak elkarren gainean jarritako hiru emultsio ditu, bakoitza oinarrizko kolore batekiko sentikorra: gorria, berdea eta urdina. Koloreak hautatuz egiten da kolorearen azken erreprodukzioa. Finkaturiko negatiboa handigailuan sartzen da argazki-papera positibatzeko: alderantzizko prozesuaren bidez, handigailuaren lanpararen argi gutxiago uzten dute sartzen negatiboko alde ilunek. Horregatik, negatiboko alde argiek, argi gehiago pasatzen uzten dutenez, argazki-papera ilunago egiten dute. Horrela lortzen dira argazkiak positiboan.
Distantzia Fokala eta Objektibo Motak
Distantzia Fokala
Distantzia fokala foku-puntuaren (filma hartzen den tokia) eta lentearen erdiko puntuaren arteko distantzia da.
Distantzia Fokala eta Ikus-eremua
- Zenbat eta distantzia fokal handiagoa, orduan eta ikus-angelu txikiagoa.
- Zenbat eta distantzia fokal txikiagoa, orduan eta ikus-angelu handiagoa.
Lente Motak Distantzia Fokalaren Arabera
Hiru taldetan banatzen dira lenteak:
- Ohiko objektiboak: Ohikoenak dira eta gizakiaren ikus-angelutik hurbil daude.
- Angelu-handiak: Ikus-angelu zabalagoa ematen dute. Zabalera sentsazioa sortzen dute.
- Teleobjektiboak: Ohikoa baino ikus-angelu txikiagoa dute. Motiboa oso urruti dagoenean erabiltzen dira.
- Zooma: Distantzia fokala aldatzeko modua ematen du, irudiaren planoa aldatu gabe. Hurreratze eta urruntze-efektuak ahalbidetzen ditu.
Diafragmaren Irekiera eta Eremu-sakonera
Diafragmaren Irekiera
Gortinen sistema da, gizakiaren irisaren antzekoa, objektiboan sartzen den argi kantitatea kontrolatzeko funtzioa betetzen duena.
Objektibo batek onartzen duen argi-maila adierazten du. f zenbakia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta argi-sorta txikiagoa sartuko da objektiboan eta irudiak argi gutxiago izango du, eta alderantziz.
Laburbilduz:
- f zenbaki txikia (adibidez, f/2.8): Diafragma zabalagoa, argi gehiago, eremu-sakonera txikiagoa.
- f zenbaki handia (adibidez, f/16): Diafragma estuagoa, argi gutxiago, eremu-sakonera handiagoa.
Eremu-sakonera
Argi eta garbi fokaturik agertzen den errealitatearen zatia adierazten du. Argazkian ateratako espaziotik fokatuta gelditzen den eremua zehazten du eremu-sakonerak.
Bi distantzia-muga dituen balioa da eremu-sakonera:
- Gutxienekoa: Distantzia horretatik aurrera fokaturik agertzen dira gauzak.
- Gehienekoa: Distantzia horretatik aurrera berriz ere lausotuta agertzen dira gauzak.
Objektiboa objektu jakin batean fokatzen denean, bi mutur horien artean fokaturik gelditzen den espazioa da eremu-sakonera.
Fokatze Distantzia
Kameraren eta objektiboaren arteko distantzia da.
Eremu-sakonera Kontrolatzea
Eremu-sakonerari esker, ikus-ingurunearen zenbait elementu nabarmendu ditzakegu, edo desfokatzearen bidez garrantzirik gabeko xehetasunak desagerrarazi.
Hiru faktoreren arabera erregulatzen da eremu-sakonera:
- Diafragmaren irekiera: Eremu-sakonera handitu egiten da diafragmaren irekiera txikitu ahala.
- Fokatze-distantzia: Fokaturiko motiboa kameratik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta estuago izango da eremu-sakonera.
- Objektiboaren luzera fokala: Objektiboaren luzera fokala zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa izango da eremu-sakonera.
Obturadorea eta Esposizio-denbora
Esposizioa kontrolatzeko bi mekanismo nagusi daude:
- Diafragmaren irekiera (dagoeneko aztertua duguna).
- Obturadorearen abiadura (kliskatzean).
Bi mekanismoen artean, erlazio alderantziz proportzionala dago:
- Diafragma gehiago irekitzen badugu, obturadorea denbora zatiki laburragoz egon daiteke irekita (argi gehiago sartzen delako).
- Aldiz, diafragma estuagoa bada, obturadorea denbora zatiki luzeagoz egon behar da irekita (argi gutxiago sartzen delako).